INFO

Oblomoven gerra

Ukraina eta Errusiaren arteko gatazka gero eta motelago doa. Orain guretzako arriskua zera da: Goncharoven pertsonaia hilezkorraren moduan, etzanda eta inertziaz bizitzea.

Oblomov, Goncharoven pertsonai adierazgarria. (Wikimedia Commons)

Ivan Goncharovek 1859. urtean idatzitako “Oblomov” ez da inondik inora gerrari buruzko eleberri bat, guztiz kontrakoa baizik. Nobela honetan ia ez da ezer gertatzen, protagonistaren bizitzan bezalaxe: izan ere, Oblomov jaunak literalki ez du ezertxo ere egiten, ezer ez du behar eta.

Sofa batean etzanda, bizitza alfer-alferrik ematen du. Ondorioz, egia esan ez da pertsonai gaiztoa edo desatsegina. Inertziaz jarduten du bakarrik Ilja Ilic Oblomov burges dirudunak, hori da bere berezitasuna.

«Prousten erabat kontrakoa», Vladimir Nabokov –“Lolita”-ren egileak– azaldu zuen bezala. «Frantziako idazleak “Denbora galduaren bila”-n 150 orri-edo behar ditu lo egiteko. Goncharovek, edo Oblomovek, 163 orri, hau da zenbatu dudana, ohetik altxatzeko».

Oblomov Errusiako sinbolorik eraginkorrenetako bat bihurtuko zen. Motel-motel, eleberrian zehar bere ingurukoak kudeatzen ditu baina beti ere oso indar gutxi erabiltzen. Lagunak, bere zerbitzailea, bere bikotea ere, joera hori nolabait aldatzen saiatuko dira, baina ezin izango dute lortu.

Horrenbestez Ilja Ilicek orduko Errusia irudikatzen du: mugagabeko leku bat, modernotasuna gertu duena baina aldi berean modernotasunik ez daukan lurralde bat, inertziaz irauten dena.

Hartzaren besarkada

Aditurik ez da behar Errusia eta Ukrainaren arteko gatazka ez aurrera ez atzera dabilela ondorioztatzeko. Egia esan, hemendik ikusita eta albisteen arabera, apurka-apurka oreka Putinen aldera egiten ari dela dirudi. Zelenskyk aipatu duen bezala, «Ukrainako %20 bere aurkarien eskuetan da». Baina inork ez du egoera zehatza argitu. Oro har, eta honetaz zalantzarik ez da, 100 egun pasa dira eta tuneleko irteera ez da sumatu ere egiten oraindik. «Presta zaitezte gerra luze baterako», adierazi dute OTANeko agintariek pasa den astean.

Prezioak igotzen dira. Guda ofizialki ez da mundu mailakoa izendatu baina gatazkaren ondorioak gure egunerokotasunean eta gure poltsikoetara iritsi dira. Dena den, oso gutxi egin dezakegu: ondo ikasi dugu non dauden Donbass, Krimea, Kharkiv edota Leopolis, baina gauzak aldatzeko aukerarik ez da aurreikusten. «Errusiako hartzak» besarkatu gaitu, eta guk gure sofan edota gure ohean keinu hori barneratu egin dugu, axola handirik gabe.

Halakoxea da Errusia, gehiegizkoa: Europa baino handiagoa da Siberia, ia inortxo ere hartzen ez duen lurraldea (garai batean preso politikoak batez ere, Fedor Dostojevskij idazlea esate baterako), betirako izotza izan ezik.

Irtenbideak irudikatzea nekagarria da. Zein Errusiaz ari gara, gainera? Zer jakingo dute Ukrainako gerra honi buruz Jacuzian, Kamchatkan edo Magadanen, Kievetik 11.000 kilometrotara dauden errusiarrek alegia?

Asperdura

Baliabide asko zituzten bai Oblomovek bai eta bere asmatzaileak ere, Ivan Goncharovek. Nabaria da eleberriaren protagonista idazlearen bertsio autobiografiko bat dela.

Goncharov ere, orain dela 210 urte Ulyanoven jaio zena (1812ko ekainaren 18an), gizon diruduna zen. Hasiera batean bere benetako lana funtzionarioa zen. Tipo nahiko bakartia omen zen Ivan jauna, bere pribatutasuna zorrotz babesten zuena. Tarteka, lanari esker, Errusiatik kanpora bidaiak egiten zituen, baina ez zuen  emazterik ez eta seme-alabarik ere izan.

XIX. mendean zehar intelektual askok deskribatzen zuten modernotasunak eragiten zion asperdura. Charles Baudelaire-ren «spleenetik» aurrera, eredu asko badaude, Errusian ere. Gustave Flaubert-en «bovarismoa», atsekabe kroniko egoera, errealitatea baztertzen den sentimendua, aipa daiteke ere, baina oso zabaldua da «bovarismoa», edonon gerta daiteke, eta «oblomovismoa» aldiz errusiarra da, jatorrizkoa.

Hau da ‘oblomovismoari’ buruz dugun definizioa, laburbilduta: «Jarrera fatalistikoa eta apatikoa, indolentzia puntu batekin»

Eleberria argitaratu ondoren, dagoeneko existitzen zen neologismo hori: eleberrian bertan hitz berri hori irakur dezakegu. Hau da ‘oblomovismoari’ buruz dugun definizioa da, laburbilduta: «Jarrera fatalistiko eta apatikoa, indolentzia puntu batekin».

Horregitik Ilja Ilic betidanik sofan edo ohean geratu ohi da, nahiz eta bere lagun Scholtz, bere erabateko kontrakoa, iraultza bultzatzen saiatzen den. Baina ordura arte Errusian ez zen inoiz iraultzarik izan, Oblomoven etxean bezala. Goncharoven garaian joputzaren praktika oraindik existitzen zen, biztanleen %75a esklaboak ziren, eta Europaren ikuspegitik horrek jada ez zuen zentzurik. Tsar bera ere, historiatik kanpo zegoen kargua zen, baina oraindik eusten zitzaion, Lenin eta boltxebikeak agertu artean.  

Zertarako? Hau Oblomovek bere buruari egiten dion galdera. Zertarako sofatik altxa, inertziak aldaraztea ezinezkoa bada?

Ilja Ilic bezalakoak bihurtzen ari ote gara? Hor da arriskua, behintzat. Goian jokatzen ari den partidaren emaitza ikusi ezinean, sofan ala ohean lo gelditzea erabaki dugu, gerrak jada 100 egun bete duen honetan, bakoitzak bere modernotasunari atxikia.