Pkemboi keniarra eta Mayi Mujika garaile Tolosaldeko Hiru Tontorrak lasterketan
Kiptanui korrikalari keniarrak ezin izan du mendi maratoia amaitu Uzturre jaisterakoan orkatila bihurritu ostean. Bestalde, Oier Ariznabarretak gizonezkoetan eta Maialen Muñozek emakumezkoetan izan dira azkarrenak 24 kilometro dituen lasterketa laburragoan.
Robert Pkemboi keniarra nagusitasun osoz gailendu da Tolosaldeko Hiru Tontorrak mendi maratoian. 43 kilometrotako ibilbidea eta 2.800 metrotako desnibela lau ordu baino gutxiagotan egin du korrilakari keniarrak. 3 ordu 56 minutu eta 29 segundutan iritsi da Tolosako helmugara, hain zuzen ere. Zegama-Aizkorri lasterketa bosgarren postuan amaitu zuen eta faborito nagusia zen Tolosaldeko Hiru Tontorrak irabazteko.
Pkemboi hasieratik kokatu da lasterketa buruan eta tontor guztietara lehen postuan iritsi da. Matthew Kiptanui herrikidea izan du atzetik jarraika, baina Uzturre menditik jaisterakoan orkatila okertu du eta lasterketa utzi behar izan du. Kiptanuik ere Zegama-Aizkorri lasterketan parte hartu zuen eta zortzigarren amaitu zuen. Bi korrikalariak Europan zehar dabiltza etorkizuneko atletei nazioartean laguntzeko sortutako Sky Runner Kenya proiektuari esker.
Iñaki Olano izan da bigarrena gizonezkoen lasterketan. Altzokoak 11 minutu eta 9 segundu gehiago behar izan ditu. Hassan Ait Chaou villabonatarrak lortu du hirugarren postua, garailearengatik 15 minutu eta 34 segundutara.
Elgoibarren bizi den Mayi Mujika helmugara iristen. (Gorka RUBIO / FOKU)
Emakumezkoen lasterketan ere Mayi Mujika hasieratik nagusitu da. Elgoibarren bizi den korrikalaria bakarrik geratu da lasterketa buruan eta tontor guztietatik lehen postuan igaro da. 4 ordu 54 minutu eta 14 segundutan bete du mendi maratoiaren ibilbidea. Nerea Amilibia zarauztarrak ia ordu erdi gehiago behar izan du helmugara iristeko. Aitziber Ibarbia zizurkildarrak berriz, hirugarren postuan amaitu du Mayi Mujikarengatik ordu bete eta 18 minututara.
24 kilometro eta 1.600 metrotako desnibela dituen bi tontorren mendi lasterketa ere ospatu da Tolosaldean. Oier Ariznabarreta durangarrak irabazi du gizonezkoetan 2 ordu 6 minutu eta 34 segundutan gelditu du kronoa. Ibai Makazaga oriotarra zazpi minutara heldu da bigarreen tokian eta Unai Dorronsoro beasaindarrak osatu du podiuma.
Maialen Muñoz tolosarra izan da azkarrena emakumezkoetan. 2 ordu 38 minutu eta 17 segundutan iritsi da helmugara. Marina Gonzalez irundarra izan da bigarren sailkatua eta Irati Larrañaga usurbildarra hirugarrena.