INFO

Preserbazionismoak


Autore batzuek arkitektura jakin batzuk berreraikitzea defendatzen dute. Hain zuzen ere, gerrek eta antzeko gertaera dramatikoek galdutako edertasunaren berreskuratzaile gisa, erreplika batek eman omen dakioke erantzun egokia. Maite izan dugunaren galerak, edo horren beldurrak, mugitzen ditu asmo preserbazionista tradizionalak. Gaur egun, beste autore batzuek dioten bezala, turismoa ere guda forma bezala uler genezake arkitektura eta hiriarekin egiten diren operazioei dagokienez. Eta memoria baten galerak eta desitxuratze progresiboak preserbazionista erradikal bilakatzera eramaten gaitu. Aurretiazko –batik bat– dekorazio edo ornamentu espektakularrez hornitutako eraikinak kontserbatzeko eskaerak zabaltzen ari dira azken garaian. Azalean, begien bistan, ikusten dugun horren kontserbazioa nahi dugu; besterik ez, agian. Hiriaren mozorroa defendatzen da askotan, azala; ez memoria eragiten duen eraikin edo arkitektura horren potentzia.

Har dezagun, arkitekturaren historian hain ezaguna izan delako, Lilly Reich eta Mies Van Der Rohek Bartzelonako 1929ko Erakusketa Unibertsalerako diseinatu zuten Alemaniako pabiloiaren adibidea. Pabiloia, ekimen hauetan izan ohi den bezala, aldi baterako pentsatu zen; alegia, Erakusketa Unibertsala bukatutakoan desmuntatu egin zuten. Garai hartako dokumentu askorik ez dago. Beraz, pabiloi ospetsuaren gaur egungo irudiak 1986. urtean egindako erreplikarenak dira. Hain zuzen ere, 1983 eta 1986 artean pabiloia berreraiki zuten, Cristian Cirici, Fernando Romas eta Ignasi de Solà-Moralesen zuzendaritzapean. Une horretan, pabiloia arkitektura modernoaren ikurra zen, eta Bartzelona diseinu onaren hiriburu unibertsalaren podiumera igotzeko ahaleginean.

Ignasi de Solà-Moralesek berreraikitzea defendatzen zuen, ez kopia gisa, baizik eta berrinterpretazio gisa. Jatorrizko pabiloiaren behin-behineko izaera ere zalantzan jarri zen. Gainera, Anton Kapitelek 1993an ‘Circo’ aldizkarian argitaratutako artikulu batean ondo gogorarazi zuenez, Miesek erabili nahi izango zukeen baina garai hartako aukera teknikoak ahalbidetu ez zion eraikuntza modua susmatu nahi izan zen berreraikuntzan. Hau da, berrinterpretazioa are leialagoa eta koherenteagoa zen ideiaren eta eraikuntzaren artean, nahiz eta ez ziren ausartzen planoetan inoiz marraztu ez zuena kentzen: zutabeak.

Tartean sartu zen Rem Koolhaas ere

1985eko Milango Triennale zela-eta (pabiloiaren berreraikuntza egikaritze-fasean zegoen), honela idatzi zuen, ‘S, M, L, XL’ liburuan, pabiloiaren berreraikuntzari buruz: ‘1985ean Milango Triennale-ra gonbidatu gintuzten. Aldi berean, Bartzelonako Mies pabilioiaren klon bat eraikitzen ari ziren. Zerk bereizten zuen funtsean Disneyrengandik? Benetakotasun handiagoaren bila, pabiloiaren benetako historia ikertu genuen 1929ko Erakusketa Unibertsala itxi ondoren, eta Europan zehar itzulerako bidaian utzi zuen aztarna arkeologiko oro jaso genuen. Ponpeian bezala, zati horiek berriro mihiztatu ziren, bere osotasunean gogorarazten zuenera ahalik eta gehien hurbiltzeko’. Eta, azkenean, pabiloiaren erreplika kurbatu bat eraiki zuen Triennaleko eraikin ‘faxistan’ (Koolhaasen hitzetan) gela kurbatu batean.

Agian, arkitekturaren begi-bistako miresmenaren inguruan hausnarketa interesgarriena proposatu dutenak Anna eta Eugeni Bach izan dira. ‘Preserbazio esperimentala’ defendatzen duten arkitekto eta artista askok bezala, marko intelektual zaharkituak alde batera utzi eta pabiloiaren materialtasunari ‘jantzi’ berri bat jartzeak suposatzen duen begirada aldaketa jarri dute lehen lerroan 2017an egin duten esku-hartzean.

‘Mies missing materiality’ izenburupean, pabiloia jantzi zuten, materialtasuna desagertarazteko. Anna eta Eugenik azaltzen duten moduan, ekintza sinple horrekin, pabiloia bere buruaren irudikapen bihurtzen da, eta hainbat alderdiri buruzko interpretazio anitzei ateak irekitzen dizkie, hala nola, jatorrizkoaren balioari; azalera zuriaren paperari, modernitatearen irudi gisa, edo materialtasunak espazioaren pertzepzioan duen garrantziari. Pabiloia bere buruaren irudi bihurtzeak, azalera guztiak material bakar batera mugatuta, agerian uzten du eraikinaren paper adierazgarria; bai jatorrizkoa, sinbolo nazional gisa, bai erreplikarena, lehenengoaren ordezkari gisa. Materialtasunaren zati bat pabiloiari kentzeak XX. mendeko arkitekturaren historiografiari lotutako beste interpretazio batzuk ere irekitzen ditu.

Bartzelonako pabiloia modernitatearen ikono gisa tronatu zen 1932ko New Yorkeko Momako ‘Modern Architecture’ erakusketan. Erakusketaren katalogoan, hainbat arkitekto-eraikin –hala nola Mies van der Rohe bera, Le Corbusier, Neutra, Wright, Oud edo Gropius– aurkezten dira, besteak beste, Hitchcocken argazkien aukeraketa baten bidez, eta Henry Johnson-en idatzi kritikoez. Irizpide horien artean, azalera zuria, arkitektura berri baten ikur gisa, tematuenetako bat bezala agertzen da.

Bartzelonako pabiloiari zuritasun homogeneizatzaile hori emateak historiografia modernoaren ezaugarri definitzaileetako bat ematea esan nahi du –ez modernitatearena–, nahiz eta, aldi berean, pabiloiari bere materialtasuna kentzea esan nahi duen, bere izaera bakarra; hain zuzen ere, mugimendu modernoaren beraren ikono bihurtu zuena.

Gizarte preserbazionista gara. Gure azken garaiak identifika ditzake preserbazionismoak. Baina denborak erabakiko du azalean soilik geratu garen edo materiala zeharkatu dugun, benetako preserbazio esperimentalaren bitartez, berrinterpretazio ariketa errealak gauzatzeko.