INFO

Herritarren beharren araberako osasungintza publikoa exijitu diote herri plataformek Lakuari

Osasungintza Publikoaren Aldeko herri plataformek gogor kritikatu dituzte Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuak Lehen Arretari buruz egin dituen adierazpenak eta «zuek sortutako mediku falta Osakidetzan zerbitzuen murrizketak azeleratu izana justifikatzeko» erabiltzen ari dela salatu dute.

Osasungintza publikoaren aldeko mobilizazioa, Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuak foro pribatu batean Lehen Arretari eta osasungintzaren «kultura berriari» buruz eginiko adierazpenek hautsak harrotzen jarraitzen dute. Hala, oraingoan Osasungintza Publikoaren Aldeko herri plataformek eskutitza igorri diote eta jarrera «doilorra» izatea leporatu diote, «erabaki politikoen pisua arindu eta herritarron jokabide eta ohituren gain ardura» jartzeagatik, «osasunerako eskubidea, guztiona eta doakoa izatearen bermea, jendartearen ohitura kontu soila balitz bezala».

Salatu dutenez, Lakuako Gobernuak «aspaldi ekin zion osasun publikoko sistema desegiteari, Lehen Arreta jopuntuaren erdian kokatuz».

«Erreleboen egoeraren inguruko analisi interesatuetan oinarritu, urteetan BAME mediku plaza gehiagoren beharrei muzin egin eta Lehen Arretako langileen lan baldintzak okertuz joan ondoren, Osakidetzan zerbitzuen murrizketak azeleratu izana justifikatzeko erabiltzen ari zarete zuek sortutako mediku falta», leporatu diete EAEko agintariei. Modu horretan, «gizartearen osasun beharrei erantzuteko zerbitzu publikoen hutsunea beteko duten osasun aseguru pribatuen erabilpenaren ‘kultura’» sortzea egotzi diete: «kapitalaren kultura eta ez bizitzarena».

Iazko uda osteko «4.000 kaleratzeak, Etengabeko Arreta Guneen itxierak, kirofanoak mugitzea, ospitaleko Larrialdi zerbitzuen itxiera, kirurgia zerbitzuak murriztea edota berriki ezagutu dugun Mutualiak historia klinikoetara sarbidea izateko ituna» zerrendatu dituzte horren adibidetzat.

Eta, gaineratu dute, «hori gutxi balitz, itolarrian utzi duzue osasun sistemak beharko lukeen zuhaitzaren enborra eta sustraiak, Lehen Arreta alegia». 

Osasungintza Publikoaren Aldeko plataformen ustez, EAEko osasun agintariek «entzungor» egin diete «milaka euskal herritarrek Lehen Arretara baliabide gehiago bideratzeko eskatuz sinatu eta errejistratutako erreklamazioei». Herritarren osasuna hobetzeko Lehen Arreta indartzea beharrezko jo dute, «bai aurrekontuen ehunekoa handituz zein pribatizazioa ahalbidetzen duten legeak bertan behera utziz». Izan ere, «‘etorkizuneko erronka’ bestelako kultura bat eraikitzean datza, bestelako kultura politikoa non Osasun sailburuak, Sailak, Gobernu eta agintariek herritarren osasun behar eta interesen arabera jokatuko duten, eta ez aseguru pribatuen interes ekonomikoen arabera».

Horregatik guztiagatik, osasungintza publikoaren «bestelako norabide bat, urgentziaz», aldarrikatu eta osasungintza «publiko, doako, unibertsal, kalitatezko eta euskaldunaren defentsa» berretsi dute. Herriz herri antolatzen diren mobilizazioetan zein hilaren 26rako sindikatuek Bilbon deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.