INFO

Debagoiena trantsizio energetikora bidean jarriko duen proiektua aurkeztu du D2030 sareak

‘Eraginez Piztu’ egitasmoaren baitan zortzi proiektu sustatuko ditu Debagoiena 2030 sareak, eskualdeak trantsizio energetikorako bidea egitea helburu. Herritarrak, eragile desberdinak eta administrazioaren inplikazioa sustauko dute horretarako.

‘Eraginez Piztu’ egitasmoaren aurkezpena, Bergarako Seminarixoan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

‘Eraginez Piztu’ esku-hartze proposamena aurkeztu du Debagoiena 2030 sareak ostegun honetan Bergarako Seminarixoan. Eskualdearentzat lehentasunezkoa den trantsizio energetikoa sustatzea du helburu eta, horretarako, herritar, eragile sozioekonomiko eta udalak elkarlanean jarrita, alde anitzeko zortzi proiektu desberdin jarriko dira martxan.

«Trantsizio energetikorik gabe, ez dago aldaketa klimatikoa gelditzerik», ohartarazi du Aritz Ameztegi D2030en proiektu koordinatzaileak. Erronka handia da, eskualdean kontsumitzen den energiaren %94,8 kanpotik baitator. Bestalde, Bagarak LKSren eskutik egindako ikerketaren arabera 2014an Debagoieneko herritarrei dagokien CO2 isurketa maila Europan gehien isurtzen duen hirugarren herrialdearen parekoa da, eta, aldaketarik ez bada, egoerak «okerrera egingo» du, gaineratu du Ameztegik. Horregatik, «erlojupeko eraldaketa» emateko bidea jorratu du Debagoienak programa berriarekin.

Bidea hasia dute eskualdeko hainbat udalek eta eragilek, tokian tokiko proiektuekin. Kasurako, Leintz Bailarako Ekiola Kooperatibak eguzki-parke fotovoltaikoa instalatuko du, eskualdeko lehen komunitate energetikoa sortuz, eta badira Arrasaten, Bergaran edo Elgetan sustatzen ari diren beste proiektu batzuk ere. ‘Eraginez Piztu’ egitasmoak, beraz, proiektu horiek egituratu, bideratu, sustatu eta berriak sortuko ditu.

Hasiera, eremu urbanoan

2020an abiatutako prozesu parte-hartzaile baten emaitza da ostegunean Bergaran aurkeztutakoa. Energia berriztagarria eta iraunkorraren bueltan hainbat bilera egin zituzten herritar, eragile eta udalek, eta prozesu kolektibo horren emaitzak, pasa den martxoaren 3an aurkeztutakoak, hiru ideia nagusi azaleratu zituen: gizarteak informazio falta duela –adibidez, esan du Aritz Ameztegik, «ez dakigu gure teilatuek zenbaterainoko aukera ematen duten energia berriztagarria emateko–, bide honetan kokatzen diren egitasmoen adibide edo erreferentzien ezezagutza dagoela eta trantsizio energetikorako «gizarte osoaren inplikazioa» ezinbestekoa dela.

Ondorio horietatik abiatuta, eraldaketarako abiapuntua «eremu urbanoa» deritzonean kokatu dute, batik bat etxebizitza eta herriko eraikinen arloan, energia osoaren %20a hartzen baitu eremu honek. Gainontzean, %50a mugikortasunari dagokio eta %30a industriari. Ameztegik argitu du azken bi alderdi hauetan eragiteko asmoa ere badutela proiektuaren fase berantagoetan.

Ardurak: herritarrak, eragileak, udalak

Ameztegirekin batera, Seminarixoan egindako aurkezpenean izan dira D2030en parte hartzen duten zenbait ordezkari: Maria Ugartetxena Arrasateko alkatea, Gorka Artola Bergarako alkatea, Lukene Igartua Oñatiko eskola publikoko ordezkaria, Fagor Taldeko Joxean Alustiza eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendaria.

«Denok hartu behar ditugu konpromisoak eraldaketa energetikoa aurrera eramateko. Konpromisoak aldatzen joateko, jasangarriak izaten ikasteko, konpromisoa gure inguruarekin eta herriarekin», aldarrikatu du Ugartetxenak. Ardura horren baitan, nabarmendu du Arrasaten azken urteetan emandako aldaketen ondorioz herri barruko trafikoaren isurketak %50 jaitsi direla.

Pandemia aipatu du Artolak, esanez berretsi duela «etorkizuneko erronkei erantzuteko elkarlana ezinbestekoa dela». Eta horretan ari da Bergara, besteak beste, energia komunitate bat sortzeko lantaldea osatu du. «Proiektu burujabeak planteatzen ari gara. Helburua da Bergara bizigarri bat sortzea, pertsonak ahaldunduz», adierazi du.

Igartuak, aldiz, energia trantsizioa eskoletan sustatzeak duen garrantzia azalerazi du, bertan baitira «etorkizuneko gizartea osatuko duten pertsonak». ‘Eraginez Piztu’ programak sustatuko duen Ikastetxe-Klik proiektua ere aurkeztu du. Ikasleak protagonista bihurtuz, ikastetxeen trantsizio energetikoa sustatu eta haur eta gazteak sentsibilizatzea du helburu proiektu honek.

Fagor Taldeko zuzendariak esan du energia trantsizioaren «erronka handian» garrantzia berezia dutela eragile sozioekonomikoak. «Enpresok derrigor aldatu behar dugu», baieztatu du. Bere ustez, aldaketaren baitan, «lankidetza publiko-pribatu zabal batek komunitatearen sentsibilizaziorako eta aktibaziorako aukerak biderkatzen ditu».

Ihoberen azken ikerketaren emaitzak ekarri ditu Ansolak: EAEko ekonomia jarduerak %20ko igoera izan du 2005etik baina, era berean, isurketak %27 jaitsi dira. «Bide onetik goazela ematen du, baina lokartu gabe», agertu du.

Zortzi proiektu

Eskualdeko trantsizio energetikoa modu integralean landuko duten zortzi proiektuk osatuko dute D2030 sarearen ‘Eraginez Piztu’ esku-hartze programa. Hauek, 350.000 euroko inbertsioa eskatuko dute. %83a D2030ek jarriko du, %14 eskualdeko udalek eta %3 Debagoieneko Garapen Agentziak.

Debagoiena eraberritzen. Suradesa izango da proiektuaren sustatzailea. Helburua, eskualdean eraberritze energetikoak erraztea eta laguntzea du eta tailerrak antolatu dira horretarako, herritar, enpresa eta udalen parte hartzearekin. Hortik aletutako ondorioekin, eraberritze energetikorako ekintza plan bat adostu eta indarrean jarriko da.

Birgaitzen. H-Eneak sustatuta. Dagoeneko bi proiektu pilotu ditu martxan, bat Bergarako Bolu auzoan eta bestea Antzuolan. Etxebizitzen konfort baldintzak hobetu eta CO2 emisioak murriztu asmo dira.

Erregulazio eraldatzailea. Debagoieneko Mankomunitateak sustatuta. Herri bakoitzeko ordenantzak aztertuko ditu, jakiteko ea badagoen energia trantsizioari kalte egiten dion ordenantzarik edo berau bultzatuko duenik behar ote den.

Energia denontzat. Bergara, Oñati eta Antzuolako udalek sustatuta. Diagnostiko bat egin eta pobrezia energetikoari aurre egiteko dauden mekanismoak ikertuko ditu, elkarlan publiko-pribatuaren bitartez aterabide integratu bat diseinatzeko.

Tokiko energia berriztagarrien laborategia. D2030ek sustatuta. Energia berriztagarrien arloan eskualdean dauden proiektu eta esperientziak ezagutzera emateko tresna izango da. Modu berean, tokian toki sustatzen diren proiektuen informazioa gainontzeko herrien eskura jarriko da, era horretan, modu kolaboratiboan erantzuteko ager daitezkeen behar, aukera eta zailtasunei.

Ikastetxe-Klik. Debagoieneko ikastetxeek sustatuta. Eskola bakoitzean talde bat sortuko da eta ikasleak izango dira horietako protagonistak, irakasle nahiz kanpoko agenteen laguntzarekin. Helburua, ikastetxeen kontsumoa murriztea eta ikasleen sentsibilizazioan sakontzea izango da.

Debagoiena 2030 aukera energetikoak. Debagoieneko udalek sustatuta. Eskualdean etorkizunean emango den egoera energetikoaren prospektiba egitea da helburua, energia kontsumoa eta sorkuntzaren ikuspegitik.

Energia adierazleak. D2030ek sustatuta. Trantsizio energetikoan gako izan daitezkeen adierazleak identifikatu eta diseinua egin ostean, eskualdeko udal zein Udalsarearen datuetan oinarritutako adierazleen gizarteratze eta monitorizazioa egitea du itu.