INFO

Joan Mari Torrealdai beka sortu dute, kultur ikerketak eta egitasmoak sustatzeko

Jakinek eta Usurbilgo Udalak 14.000 euroan baloratutako Joan Mari Torrealdai beka aurkeztu dute. Bekaren xedea kultur ikerketak eta egitasmoak bultzatzea izango da.

Joan Mari Torrealdai bekaren aurkezpen ekitaldia. (USURBILGO UDALA)

Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak Joan Mari Torrealdai beka sortu dutela iragarri dute ostegun honetan. Bekaren helburua kultur ikerketa eta egitasmoak sustatzea izango da eta, horretarako, 14.000 euroko diru-laguntza emango zaio proiektu bekadunari. Aurtengo gaia ‘Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean’ izango da eta proposamenak aurkezteko epea urriaren 24an bukatuko da.

Deialdia bi urterik behin egingo dutela azaldu dute Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Lorea Agirre Jakin Fundazioko zuzendariak. Hori horrela, lehenengo urtea ikerketa gauzatzeko izango da, eta bigarrena, aldiz, lana gizarteratzeko.

Lanaren formatuari dagokionez, askotarikoa izan daiteke, hala nola, liburua, ikus-entzunezkoa, webgunea edo erakusketa. Era berean, banaka edo taldeka parte hartu ahalko da.

Beka sortzeko iniziatibari dagokionez, uztailean bi urte beteko dira Torrealdai hil zela eta Usurbilgo Udalak haren izena eta izana uztartuko zituen egitasmo bat abiatzeko nahia azaldu zion Jakini, alkateak esplikatu duenez. «Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazioz jaio da beka, Torrealdai bere bizitza osoan aritu den horretan sakontzeko asmoz: ikerketan, herrigintzan, dibulgazioan, etorkizunari so, pertseberantziaz, koherentziaz eta sendotasunez».

Garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideak planteatzen zituen Torrealdaik, Solaberrietak nabarmendu duenez, eta ideia horri eutsi nahi dio bekak: «Hari hori ez eteteko bitartekoa izan nahi du beka honek. Haria ez dadin eten. Horixe da, gure irudiko, Torrealdairi egin diezaiokegun aitortza eta omenaldirik onena».

«Merezi zuen, merezi zuenez, eta merezi du Joan Mari Torrealdaik ikerketa beka hau. Beste edozelako omenaldik edo kale bataiatzek baino zentzu handiagoa du, zeren eta bere obsesioa izan zen transmisioa, katea ez etetea eta ikerketa eta pentsamendu bat eratu eta herri baten etorkizunaren zerbitzura jartzea», bat egin du Agirrek.

Torrealdairen ekarpena

Torrealdairen lan egiteko modua eta ikertzaile sena goraipatu ditu Agirrek aurkezpen ekitaldian: «Oinak lurrean jarriz, ez airean, ez abstraktuan, eta beti herri batentzat, kultura batentzat eta hizkuntza batentzat. Marko orokor batekin: Euskal Herria, euskal nazioa». Hori guztia, Jakinen baitatik eta Jakin bera zuzenduz eta zabalduz.

Torrealdairen ekarpena 24 liburutan, 47 liburu zatitan eta 517 artikulutan dago jasota, 1973an idatzi zuen ‘Iraultzaz’ liburutik hasi eta iaz, hil ostean, argitaratu zitzaion ‘Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta’ libururaino.

«Ikertzea praktikara begira egiten zuen beti Torrealdaik. Beti egiteari begira teorizatzen. Ez ikertzea ikertzeagatik. Ez ideietan loriatzeagatik. Ez liburuetan uzteko, edo lainoan, edo inoren gogoaren baitan, edo akademiako zirrikituetan. Zertarako bati erantzuteko. Ekiteko. Herriari eskaintzek», eskertu du Agirrek.