INFO

Azken bost urteotako kudeaketa babestu dute LAB sindikatuko ordezkariek

Biarritzen bildutako 500 ordezkariek LABeko kudeaketa txostena onartu dute, eta lan ildo nagusiak aurkeztu ditu sindikatuak: erreferente sindikal nagusi bihurtzea, antiarrazista eta bi buruko lidergoa bultzatzea. Aliantzak bultzatzeko zailtasunak onartu ditu Aranburuk Biltzar Nagusiaren hasieran.

Biltzarraren irekiera ekitaldia, ostegun honetan Biarritzen. (Bon Edme)

«Ezker independentistaren erreferente sindikal nagusi bihurtzea, arrazakeriaren aurkako sindikatu gisa eratzea eta zuzendaritza-eredu berri bat bultzatzea». Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak horrela laburbildu ditu sindikatuaren 10. Biltzar Nagusiko ildo nagusiak. Hala ere, antolaketarena ez da aldaketa sakon bakarra izango. Izan ere, parte hartze instituzionalerako gune batzuetara, Lanbide edo Osalan bezala, sartuko da sindikatua ordezkariek hala onartzen badute, konfrontazioa ere eremu horietara eramateko asmoz.

‘Bagara bagoaz’ lemapean, LABen 10. Biltzar Nagusiko lehen eguna izan da ostegun honetakoa, eta Biarritzeko Halle D ́Iraty aretoan bildutako 500 ordezkarien %99,13k onartu dute aurkeztutako kudeaketa txostena, azken bost urteotako bilana jasotzen duena, hain zuzen. Ostiral honetan datozen bost urteotarako lan-ildoak onartuko ditu sindikatuak eta zuzendaritza berria hautatuko du. Hala, Biltzar Nagusiak zuzendaritzaren proposamena onartzen badu, LABek bi buruko lidergoa izango du: Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo.

Ostegun honetan zehar, ordea, aurkeztu diren 203 zuzenketak eztabaidatuko dituzte biltzarkideek. Hauetatik, 102 izan dira zuzenean onartutakoak, 115 adostuak, 47 bertan behera geratu direnak eta 19 ez onartuak, aurkeztutakoen %6,7 besterik ez.

Goitik behera eraikitzen den sindikatua baino, zirkuluan ari direla esan du Aranburuk, txostena osatzeko prozesua adibide delarik

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Argitxu Dufau Ipar Euskal Herriko bozeramaileak kudeaketa txostena onartu aurretik egindako prozesuaren garrantzia nabarmendu dute: «Ez ohikoa izan da prozedura. Entzuketa ariketak egin genituen militantziarekin eta hortik tesi nagusiak atera». Aurrelan honetatik abiatuta idatzi da ponentzia, «sindikatu parte hartzaileagoa helburu. Goitik behera eraikitzen den sindikatua baino, zirkuluan eraikitzen dena», nabarmendu du Aranburuk.

Horren adibide, nazio komiteak aurkeztu dituen autozuzenketak aipatu ditu, eskualdeko batzarretan izan diren ekarpenak kontuan izan eta ponentzietan jasoak geratuko diren autozuzenketak egin dituztelako. Lehenik eta behin, gazte prekaritatearen ingurukoa, LABek gazteen egoera iraultzeko duen borondatea indartuz.

Aipatu bezala, nabarmentzekoa ere parte hartze instituzionalari dagokion zuzenketa. Izan ere, Aranburuk azaldu duenez, espazio horiek konfrontazio estrategiaren parte bilakatzea da helburua, eta organo horietara proposamenak eramango dituzte, langileen lan eta bizi-baldintzak hobetzeko asmoz. «Horrek aukera emango digu patronala eta gobernuaren arteko sintonia agerian uzteko eta baita sindikatuaren kritika politiko-instituzionala indartzeko ere», gehitu du idazkari nagusiak. Gune horiek Lanbide, Nafar Lansare, Osalan, Lan Osasunaren Kontseilua, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala, Preco eta Lan Auzitegia izango dira, besteak beste.

Azken aldiko berrikuntzak eta helburuak

Pandemiak goitik behera baldintzatu du azken biltzarretik igarotako tartea, baina helburu asko lortu direla adierazi du Aranburuk. Urte hauetan LABen afiliatu kopurua handitu egin dela nabarmendu du –duela bost urte baino 5.000 afiliatu gehiago dituzte, hau da, %12ko igoera– eta hauteskunde sindikaletan inoizko daturik hoberenak lortu dituztela ere.

Orain bost urteko Kongresutik hona, LABek sindikalismora berrikuntza ekarri du Aranbururen esanetan. «Gure inguru hurbilean kapitalismoaren eta bizitzaren arteko talka sindikalismora ekartzen lehenak izan ginen. Birdefinitze honek, pentsatu eta aritzeko moduetan, paradigma aldaketa oso bat suposatu zuen», adierazi  du. 

«Sindikalismo feministan praktikara eramateko aurrera urrats handiak eman ditugu. Ari gara, langile migrante eta arrazializatuen esplotazio egoerak borrokatzen eta sindikatu antirrazista bilakatzeko urrats berriak ematera goaz. Azken batean, sindikatua langile kolektibo guztiarentzat tresna eraginkor izatea dugu helburu», zehaztu du.

Bost urte hauetako «aukera galduak» ere aipatu ditu idazkari nagusiak: «Ez da dena gozo izan»

Mobilizazio ziklo berri bat martxan jartzea izan da sindikatuaren xedea eta Biltzar Nagusira «helburu hori lortuta» iritsi dela aipatu du Aranburuk: «Azken kurtsoan sektore edo enpresa desberdinetan, 100 grebatik gora izan dira Euskal Herrian. Borrokaren bidez, enplegu suntsiketa mugatzea eta langileen soldata eta lan baldintzak hobetzea lortu dugu hainbat eta hainbat eremutan», ondorioztatu du.

Porrot egindako aliantzak

Hala ere, azken bost urteetako «aukera galduak» ere kritikatu ditu Aranburuk, eta ez ditu ezkutatu beste eragileekin izandako talkak eta gehiengo sindikaleko aliantzak lortzeko porrotak. Gogoratu duenez, ezker subiranotasunaren eremuko eragile politiko eta sindikalekin elkarlana indartzeko asmoa agertu zuen sindikatuak, baina idazkari nagusiaren arabera «ez da dena gozo izan».

«Haizea alde genuela zirudien eta handik gutxira iritsi zen 2017ko iraileko adierazpena –ELArekin batera lan harremanetarako esparru propioa osatzeko pausoak emateko konpromisoa–, eta LAB bakarrik geratu da bere garapenean, baina bai, guk bai aurrera egin du jasotako konpromisoekin», azpimarratu du. Ostiral honetan egingo den biltzarraren bigarren egunean hitz egingo du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.

Aranburu: «Su txikiak pizten jarraitu behar dugu, pandemiak zapuztutako udaberri gorri hura»

 

Pentsio eta lan erreformak mintzagai izan ditu ere Aranburuk. «Aurreko biltzar nagusitik konpromiso argi batzuk antera genituen, esan genuen 2008ko krisiaren ondoren bazela garaia ofentsibara pasatzeko, eskubideak berreskuratu eta bizi baldintza duinak borrokatu behar genituela», adierazi du. Hala, greba feministak gogoratu ditu, eta 2020ko urte hasieran egindako greba orokorra. «Aurtengo kurtsoan zehar lan eta pentsio erreformen eztabaidan, saiatu gara bide hori berreskuratzen, baina gehiengo sindikalik ez da egon, aukera galdu bat izan den Madrilen egin ezin izan den hori Euskal Herrian posible egiteko», nabarmendu du.

Horrekin guztiarekin, Aranburuk azken bost urteetako berrikuntzak eta erabakiak alferrikakoak izan ez direla azpimarratu du, eta sindikatuaren emaitzek frogatzen dute hori bere esanetan. «Jarraitu behar dugu su txikiak pizten, pandemiak zapuztutako udaberri gorri hura, ez gaituzte borrokaren erreitik aterako», nabarmendu du.