INFO

Saregileak, apaltzen ari den ofizio baten zuloak eskuz josten

Itsasontzi bat arrantzara abiatzen den bitartean, saregileak beharko dira, sareak konpontzeko eskuak behar baitira. Saregileena apaltzen ari den ofizioa da. Duela gutxi lortu dute arrantza sektoreko gizonezkoek aspalditik zeukaten baldintza: erretiro adina lau urte aurreratzea.

Maitane Etxebarria Hondarribiko saregilea. 37 urte ditu eta bera da Euskal Herriko saregile gazteena. (Jon URBE | FOKU)

Hondarribia. Itsasontziak kaian geldirik, itsaso barean pausatuta. Arrantzaleren bat gora eta behera, bazterrak atontzen. Kaiaren alde banatan dauden nabeetan, emakume kuadrilla lanean, arrantzarako sareak konpontzen. Bezperan abisatu zieten. Itsasotik bueltan zetorren ontziko patroiak deitu zien, sarea zekartela konpontzeko premian. Horrela izaten da beti, bezpera arte ez dute jakiten hurrengo egunean lana izango duten edo ez. Sarean markatuta ekartzen dituzte konpondu beharrekoak, tarratadak dauden tokian seinaleztapen-zinta puska bat korapilatuta. Hori arrantzaleen lana izaten da.

Hondarribian gaur egun hamabost bat saregile daude. Maitane Etxebarriak 37 urte dauzka eta bera da gazteena. Tira, bera da Euskal Herriko saregileetan gazteena. Bost urte daramatza sareak konpontzen eta dagoeneko ikusi ditu lau saregile erretiroa hartzen, bosgarrena bidean. Bere atzetik ez du ikusi berririk sartzen lantaldera.

«Langabezian geratu nintzen. Izeba saregilea da eta probatzera animatu nintzen. Azken bost urte hauetan lau saregile ikusi ditut erretiroa hartzen eta bosgarrena bidean da. Baina nire atzetik ez da beste inor sartu. Jendea ez da animatzen, ez dakit lana gogorra dela uste duten edo...». Eta, lana gogorra al da? «Atsegin-atsegina ez da, baina oso polita da. Xarma berezia dauka. Egunero egiteko desberdina daukazu, ez dakizu zer topatuko duzun, nolako zuloa, nola konpondu beharra... Eskuekin lan egitea ederra da, itsasoaren usaina, beti jendea bueltaka». Galtzen ari den eta eskuekin egin behar den ofizio baten xarma aipatzen du behin eta berriz Etxebarriak. Saiatu omen dira makinak ekartzen sareak konpontzeko, hori ere probatu omen dute, baina ez dute balio. Oraindik ere eskuz egin beharreko lana.

Lanean ari diren guztiak emakumezkoak dira. Hori da ohikoena, nahiz eta beste portu batzuetan aritzen omen den gizonen bat sareak josten. Salbuespena da.

«Saregilea izateko josten jakin behar da, besterik ez. Baina beti prest egon behar da, telefonoari begira. Normalean itsasontziko patroiak gure arduradunari deitzen dio sarea konpondu beharra dutela esanez. Nolako zuloa daukaten azaltzen dio, noiz iritsiko diren portura eta noizko behar duten konponduta. Arduradunak abisua pasatzen digu eta hurrengo egunean, lanera. Gaur, adibidez, lanera etorri gara goizean eta jakin dugu bihar ere etorri behar dugula, beste itsasontzi bat datorrela sarea konpontzera».

Berez lan gehien martxotik uda bitartean izaten da. Aurten ez dute lan askorik izan, arrantzaleak batez ere Laredo (Kantabria) aldean ibili direlako. Arraina non, arrantzaleak han. «Arrantzaleak euskal kostaldetik urrunxeago dabiltzanean, sareak konpontzeko beharra badaukate beraiek moldatzen dira ahal moduan. Batzuetan bidali izan dituzte sareak kamioian hona, Hondarribira, guk konpontzeko. Baina hori ere garestia ateratzen da. Behin edo behin saregileak joan izan dira Laredoko portura sareak konpontzera. Autoan joan saregile pare bat, handiena konpondu eta buelta Hondarribira. Horrelakoak gertatzen dira», azaldu du Etxebarriak.

Gero eta saregile gutxiago daude, baina itsasontziren bat itsasora abiatzen den bitartean, beharrezkoak izango dira. «Arrantzaleak dauden bitartean, saregileak beharko dira. Arrantzarako sareak erabiltzen diren bitartean, saregileak beharko dira».

Saregile gehienek etxetik dakarte lanbidearekiko gertutasuna. Askok, haiek esaten duten moduan, kresala daukate zainetan. «Nire kasuan osaba eta lehengusuak arrantzaleak dira eta izeba, saregilea. Ni ere horregatik hasi nintzen, ezagutzen nuelako lanbidea», esan du Etxebarriak. «Saregile gehienok badugu norbait itsasoan. Baina lotura hori lehen estuagoa zen. Orain badira itsasoarekin loturarik ez duten saregileak ere».

Erretiratzeko adina

Duela aste batzuk, askotan ez bezala, albistegietan saregileez hitz egin da. Espainiako Gobernuak onartu asmo duen arrantza jasangarriaren inguruko legeak aurrera egiten badu, jubilazio adin ofiziala baino lau urte lehenago hartu ahal izango dute erretiroa saregileek, neskatilek eta enpakatzaileek. Hori betetzen denean, arrantza sektorean lan egiten duten gizonek aspaldidanik daukaten baldintza lortuko dute emakumeek. Legeak ulertzen du arrantzaren sektorean lana gogorra dela, ahalegin fisiko handia eskatzen duela eta, beraz, jubilazio adina aurreratzea egokia dela. Arrantzaren munduan dabiltzan emakumeek gogor borrokatu behar izan dute baldintza hori lortzeko. Pentsa, sektorean dauden gizonezko saregile urriek betidanik izan dute lehenago jubilatzeko aukera, arrantza sektoreko gizonezkoei aplikatzen zaien legea aplikatzen zaielako gizonezko saregileei ere. Emakumeei, berriz, ez. Legeak aurrera egiten badu –eta badirudi egingo duela–, arrantza munduko emakumeen aldarrikapen historiko bat beteko da. Oraindik ba omen dago borrokan segitzeko arrazoirik, baina jubilazio adinarena lorpen handia litzateke.

«Gu pozik gaude. Aspalditik egiten genuen eskaera da. Agian erretiroaren adina aurreratuta, jende gehiago animatzen da saregile lanera», esan du Etxebarriak. Saregileak langile autonomoak dira. Lana egiten dutenean bakarrik kobratzen dute. «Gutxieneko soldata bat lortzeko lanean ari gara, hori ere bada gure aldarrikapena, baina ez dago erraza». Iazko kanpainan lan asko izan zuten, aste askotan segidan egunero hamaika ordu sareak josten aritu ziren. «Fisikoki lan gogorra da; beroa, hotza, haizea... hamaika orduz josten aritzea gogorra da gorputzarentzat eta adinean gora joanda, gero eta gehiago sumatzen da. Jubilazioarena oso ondo dago. Aurrerapen izugarria izango da».

Langabeziak eraman zuen Maitane Etxebarria sareak konpontzera. Sortu zaizkio lanerako beste aukera batzuk, baina ezetz esan die. «Ni pozik nago lan honetan, xarma berezia dauka. Egia da egunean hamaika ordu josten aritzea ez dela samurra, baina gero egun lasaiagoak ere izaten dira tartean eta eskertzen da». Saregileen artean giro ona sumatzen da, «gure artean eta Euskal Herriko beste saregileekin harreman ona daukagu. Gure lana eta baldintzak ezagutzen ditugu, denok sentitzen gara ontzi berean. Erretiroaren adinarena oso albiste ona izan da denontzat, lan handia dago lorpen horren atzetik, aldarrikapena aspaldikoa da. Saregile guztiek ospatu dugu».

Josten ari diren sareak 400 metro dauzka. Antxoak arrantzatzeko erabiltzen da. «Sare batzuk besteak baino garbiago iristen dira. Guregana ekarri aurretik garbitu egiten dute arrantzaleek, batzuek besteek baino gehiago. Hala ere, denetarik topa daiteke hemen sarean; usteldutako arraina, karramarroak hilak... ez da oso atsegina izaten. Kostatu egiten da usain hori gainetik kentzen».

«Kresala daukagu zainetan»

Udan eta neguan desberdina da lana. Normalean neguan arrantzaleak etxetik bueltan ibiltzen dira eta saregileek lana pausatuago egiten dute, denboraldia hasten denerako sareak txukuntzen eta prestatzen dituzte. Arrantzako denboraldian, aldiz, unean-unean sortzen diren presazko lanak egin behar dituzte, sareak konpondu arrantzaleak berriz itsasora abiatzeko.

Patroi bakoitzak gustu eta eskaera propioak ditu. Batzuei sare beltza eta hari beltza gustatzen zaie, beste batzuei marroia eta marroia. «Hariak itsasontzi bakoitzak jartzen ditu, gustu propioak izaten dituztelako. Patroi bakoitzari sarea bere modura egotea gustatzen zaio», azaldu du Etxebarriak.

Olga Kanpandegi hondarribiarra da, 54 urte ditu eta 34 urte daramatza saregile lanean. Bera da Hondarribiko saregileen arduraduna. «Nire familia osoa arrantzalea da. Aitak itsasontzi bat zeukan, eskola ez zitzaidan asko gustatzen eta aitak sareak konpontzen ikasten jarri ninduen. Eta horrela hasi nintzen 19 urte nituela. Gaur arte». Kanpandegiren semeak ere itsasoan dabiltza. Berak dioenez, «kresala daukagu zainetan». Berez lanbidea ez da asko aldatu, jostea jostea da lehen eta orain, baina baldintza batzuk aldatu dira. «Sareak askoz handiagoak dira eta josteko haria lodiagoa da. Sareak mugitzeko garabiak erabiltzen ditugu orain, lehen eskuz egiten genuen. Lehen sare handiak zirenak orain txikiak dira. Oraingo sareak lehengoen bikoitza dira. Itsasontziak ere handiagoak dira, prestatuagoak daude eta sareek urperatze handiagoa daukate orain, arrain gehiago arrantzatzeko. Teknika aldatu da». Urteotan, saregile asko ikusi ditu erretiroa hartzen. Lanbidean hasten, gutxiago. «Saregileena ez da lan ziurra, ezegonkorra da. Hilabete eman dugu orain, adibidez, lanik gabe. Jende asko ez da animatzen horregatik. Guretzako lanbide bat baino gehiago, bizimodu bat da. Beti gaude hemen, itsasoaren bueltan».

Lanbide gogorra da. Eguraldiak agintzen du saregileak hotza edo beroa pasatuko duen, kaleko lana da. Hondarribian badira urte batzuk aterpean aritzen direla eta horrek samurtzen du egoera. Baina beste kai askotan oraindik kalean aritzen dira saregileak, aterperik gabe.

Erritmo desberdinetako lanetan aritzen dira saregileak. «Gaur arratsaldean bi itsasontzi sartuko dira sareak zulatuak dituztela. Horiek ahalik azkarren konpondu behar ditugu, astelehenerako behar dituzte, berriz arrantzara ateratzeko. Berriz, hemen dagoen sare honek ez dauka hainbeste presarik, udararako, atunetarako prestatu behar da. Konpontzen dugunean abisua eman eta bila etorriko dira».

Hamalau bat tonako sarea da hankapean daukaguna. «Hau ez da oso handia, badira handiagoak. Lehen eskuz mugitzen genituen, pentsa. Orain garabiekin mugitzen ditugu. Lan gogorra da, prekarioa, ezegonkorra... Euskal Herrian gehienbat emakumeak aritzen gara, ez da kasualitatea», esan du Kanpandegik.

Saregilearen titulua

Olga Kanpandegik, beste saregile askok bezala, lanbidea eginez ikasi zuen, eskarmentua zuten saregileen ondoan eta haiei begira. Badira hamar urte baino gehiago saregile aritzeko titulua behar dela. Lanbideari errekonozimendua eta duintasuna emateko bidean urrats garrantzitsua izan zen hori ere. Eta Kanpandegi bezala, eskarmentu handiko beste hamarnaka saregile gerturatu ziren ikastaroa egin eta titulua lortzera. «Orain ere izaten dira ikastaroak eta egia esan jendea gerturatzen da. Hiru hilabeteko ikastaroa izaten da. Nik beste saregile baten etxean ikasi nuen josten, Piliren etxean. Eskua hartu nuenean, ‘goazen kaira, prest zaude’ esan zidan eta gaur arte. Duela zortzi-hamar urte ikastaroa egin nuen, nire egoera formalizatzeko. Erotu nintzen ikastaroan. Guk modu batera egiten dugu sareen konponketa. Matematika erabiltzen dugu, gure modura. Sarea muntatu behar da, zenbat berun, zenbat kortxo, gauza bakoitza non eta nola... patroi bakoitzak bere modura antolatu nahi du sarea eta gu horretara moldatzen gara. Nik banekien egiten, baina nire modura. Ikastaroan matematika klaseekin hasi zirenean ia erotu nintzen. Baina, tira, hori ere egin genuen».

Olga Kanpandegirekin batera egin zuen ikastaroa Ami Thiorrek. 2005. urtean etorri zen Senegaldik Euskal Herrira, Hondarribira. Senarra arrantzalea da eta bera, saregilea 2005. urtetik bertatik. «Ez nuen lana ezagutzen, dena berria zen niretzat. Ikastaroa egin nuen, sareak josten ikasi nuen eta geroztik hemen nago lanean. Ez da erraza ikastea. Asko gustatzen zait lana eta gehien gustatzen zaidana ditudan lankideak eta hemen dagoen giroa da. Lan gogorra da, ez dauka ordutegi finkorik, baina oso lan polita da. Ni pozik nago», azaldu du.