Arabako ikastolen inguruan, txikiena protagonista, Olarizuko zelaiak festaz jantzi dira
Duela 41 urte zazpi ziren, eta bat euskararen alde. Bat dira orain ere euskararen alde, baina zortzi Arabako alabak. Elkarlanean antolatu dute ahizpa txikiari laguntzeko jaia, Argantzon ikastolari, hain zuzen.
Berandutu gabe hasi da Araba Euskaraz jaia, duela 41 urte egin zen leku berean: Olarizuko zelaietan, “8. alaba” lelopean. 10:00ak aldera jende mordoa ikusten zen zelai horietako inguru paregabean barreitatua, tenperaturak nabarmen gora egin baino lehen. Lehen ordutik puzgarriek bisitari txiki ugari hartu dituzte, eta hasiera ekitaldiaren ondoren, Gasteizko Musika Eskolako gaiteroak eta Aldatz elektrotxarangak Haritza, Pagoa eta Ametza guneak lotzen dituen ibilbidea egin dute, 19:00ak arteko ekitaldiei bide emateko: kontzertuak, dantzak, antzerkia eta bestelako ikuskizunak…
Zazpi ziren duela 41 urte, “Araba, zazpi talde, bat euskararen alde”, orduko edizioak izan zuen leloak adierazi zuen bezala, eta bat dira orain ere euskararen alde, baina zazpi gabe, zortzi, Arabako zortzi alabak, Liher Larrea Arabako ikastolen presidenteak gogorarazi duenez, ikastolen sorrerako auzolana baita edizio honen ezaugarri nagusia. Izan ere, Araba Euskarazen lehen edizioan bezala, elkarlanean antolatu dute gaurko jaia alaba txikiari laguntzeko, Argantzon Ikastolari, hain zuzen, «Zazpigarren alabaren zortzigarren alabari». Bertan, jende artean, Gaztela Mantxako administraziopeko herri arabar horretako alkate Pablo Ortiz de Latierro zegoen. Beste administraziopean badago ere, euskara herria da, Euskal Herria da, eta Larreak esan duenez, Trebiñuren arabartasunaren aldarri ere bada gaurko jaia.
Ika-mika eta guzti
Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak agurtu ondoren, ikastolei egun hau guztiz gozatzea eragozten dieten laino batzuk ere badaudela esan du. Joan den apirileko hezkuntza ituna aipatu zuen, eurek ontzat jozutena. Bereziki zenbait kontzeptu biltzen dituelako, batez ere euskal hezkuntza zerbitzu publikoaren sorrera, hezkuntzan dagoen 'publiko'aren eta 'pribatu'aren arteko «polemika antzua» gainditzeko lehen urrats bat iruditzen zaielako. Hala ere, uste dute alderdiek, sindikatuek, hizkuntza komunitateak ez dutela itunean jasota zegoen ideia hori barneratu, eta ikastolek euskara eta euskal curriculuma bultzatzeko motore izaten eta Euskal Herri osoko ikastetxe guztientzak ikas material aurreratua egiten jarraitzeko asmo osoa dutela jakinarazi du. Azken egunetan «laino gehiago» agertu direla esan du, zenbait ikastolaren etorkizuna zalantzan jartzen duten proposamenak iritsi zaizkielako Administraziotik, hala nola lerro bakarreko ikastola txikientzako planifikazio ereduak, haien iraupena arriskuan jartzen baitute.
Jokin Bildarraitz Hezkuntza sailburuak ez bide du oso gustuko izan Tellituren parte hartzea, agurtu ostean horrelako kritikak egiteko ez dela momentu egokia esan baitu, gaurkoa jai eguna dela gogorarazita. Hezkuntza akordioaz jardun du Bildarratzek, hizkuntza indartzea lehenesten duena, eta denen lana beharrezkoa dela esan du, ikastolen bultzada aitortuta, baina Administrazioaren paperaren ezinbestekotasuna ere aipatuta. Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere izan da ekitaldian, eta denek denenaren alde egin beharra azpimarratu du.
Aurkezpen ekitaldiaren amaieran, zenbait lagun eta talde omendu dituzte: Zortzi ikastoletako ordezkari bana; Anjel Olalde, 2004tik 2020ra bitatean Araba Euskaraz jaiaren antolakuntzako koordinatzaile izan dena, eta “Alea” Arabako aldizkaria. Era berean, Maddi Agirre bertsolari arabarra gogoratu dute, Euskal Herriko eskolarteko txapelketako txapeldunordea, hain zuzen.
Ibilbideari ekin baino lehen, Argantzun ikastolako zortzi ikaslek dantza bat egin dute “Zortzi alaba dantzari” abestiaren doinuan.