INFO
Interview
Nerea Arruti
Herri kirolaria

«Garaipena estuagoa egonez gero, beste martxa bat sartzea bageneukan»

Kasualitateak eraman zuen herri kiroletara Nerea Arruti (Urnieta, 1990). Gipuzkoako Herri Kiroleko Federazioa crossfit zentroan erakustaldi bat ematera joan eta hor harrapatu zuten urnietarra. Binakako pentatloian debuta egin eta indar erakustaldia eskainiz, txapela jantzi zuen Arbelaitzekin batera.

Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz, aurtengo Binakako pentatloiko txapeldunak. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Apenas urte erdi darama Nerea Arrutik herri kirolen munduan eta  hiru txapel irabazi ditu jada. Azkena, larunbatean, Binakako Pentatloian, Amalur Arbelaitzekin batera. Indar erakustaldia eman zuen urnietarrak eta badaki, indar aldetik, sobera ondo aritzen dela. NAIZi emandako elkarrizketan onartu du hasieran beroarekin kezkatuta zirela, eta proba hasterako nahikoa freskatu bazuen ere, «zezen plazan haize korronterik ez dagoenez, beroa pasatu genuen hor barnean».

Zorion mezu «dezente» jaso ditu, «denak ondo jasotakoak», eta jada hurrengo erronkei begira jarri da: Euskadi eta Gipuzkoako aizkora txapelketak eta Banakako Pentatloia. «Luciak [Orbe] eta Karmelek [Gisasola] uste dut baietz esan dutela eta hiru bagara, ongi; gutxiago izanez gero, ez du zentzurik». Aurten hiru bikote aritu dira Binakako pentatloian –iaz baino bat gehiago– eta uste du beste diziplinetako kirolariei bultzada bat emanez gero, gehiago animatuko liratekeela. 

Debutariak izanagatik ezusteko moduko bat izan zen zuen garaipena?

Pentsatzen genuen ondo egingo genuela, baina iaz garaile izan ziren Luciak [Orbe] eta Garazik [Arruti] irabaziko zutela uste genuen. Esaten ari ziren pila bat entrenatzen ari zirela eta gainera, beraiek urte bateko esperientzia zeukaten. Baina lehendabiziko proban ikusi genuenean elkarrekin atera ginela, geure buruari esaten genion baietz, garaipena posible zela.

Helburua zer zen, agian, aizkora probara parez pare iristea gero aldeak handitzeko?

Bai, hori da. Gure helburua zen denbora asko ez galtzea lehendabiziko bi probetan eta aizkoran martxa bat gehiago sartzea, gu ondoen moldatzen garen proba delako. Dena pentsatu baino hobeto atera zen.

Eta noiz pentsatu zenuten jada irabazita zeneukatela?

Aizkoran. Ikusi genuenean aizkorako proba bukatu genuela eta besteek oraindik ere ia-ia enbor bat zeukatela mozteko. Zortzi-bederatzi bueltako aldea ezinezkoa da iraultzea, oso azkar egin behar dituzte beste probak gu pasatzeko. Eta gu une horretan korrikan ondo genbiltzan eta martxa bat gehiago sartzea ere bageneukan. Garaipena estuagoa egonez gero, beste martxa bat gehiago sartzea bageneukan.

Gainera, oso indartsu ikusi zintuztegun biok, baina zu nabarmendu zinen gehienbat, zure indarra.

(barrezka) Bai, posible da. Ez daukat indar faltarik eta horregatik hasi nintzen aizkoran. Niretzat probarik zailena aizkora zen eta hori menderatzen baldin bagenuen, beste probetan nire burua askoz ere errazago ikusten nuen.

Zazpi hilabete inguru eman dituzue hau prestatzen? Nolakoa izan da prestaketa?

Amalurrek beste prestaketa bat egin du. Nire prestaketa izan da gehienbat aizkoran ibiltzea. Aizkorari eman diot lehentasuna eta bospasei hilabete aritu naiz buru-belarri. Elkarrekin egiten genuen pentatloi proba osoa hilabetean behin eta orduan aritzen nintzen beste probetan. Harriarekin lauzpabost aldiz entrenatu dut, gutxi gorabehera.

Aizkora agian teknikoki zailena izanda, zuek nola lortu duzue biontzat ondoen menderatzen duzuen proba izatea?

Entrenatzen, entrenatzen eta entrenatzen. Egia esan, Gabriel Saralegik pila bat lagundu digu, hasieratik aritu ginen teknika hobetzeko lanetan baina ez geneukan hainbeste denbora teknikoki bikainak izateko.  Amalurrek eta biok elkarrekin egin ditugu saio guztiak. Probatzen genuen nola egiten genuen enbor bat elkarrekin; kanpoaldea egitea nik eta ondoren, barrenekoa Amalurrek, eta alderantziz. Ikusi genuen hobeto zela kanpoaldea nik egitea eta gero Amalurrek barnekoa.

Bi final ere irabazi dituzu aizkoran, azkena Urrezko Aizkora Txapelketa. Pentatloian ere debuta egin eta txapela etxera. Hasiera ederra, ezta?

Inoiz pentsatu baino askoz hobea. Gainera gogoratzen naiz lehendabiziko bi egunetan etxera joaten nintzela eta galdetzen niola neure buruari: 'Zertan sartu naiz, baina? Hau ez da niretzat'. Aitari ere esaten nion baina tira, segitzea beste erremediorik ez. Gabriel eta Peru hor zeuden eta beraiek konfiantza zeukaten.

Crossfitetik pasatu zara herri kiroletara eta herri kirolari asko crossfitera pasatzen ari dira. Bi diziplinen artean badago nolabaiteko loturarik?

Bai, crossfitaren eta herri kirolaren antzekotasun handiena da indarra behar dela, teknika ere behar da baina oso inpultsiboak dira biak ala biak. Exijentzia askoko kirola da eta horrek ematen dizu bultzada.

Aurtengo edizioan pozteko beste arrazoia izan da –eta zuek horretan ere zerikusi handia izan duzue– hiru bikote aritu zaretela pentatloian. Nabari da gutxika-gutxika emakume gehiago animatzen ari direla plazaratzen?

Bai, eta ez soilik pentatloian. Harri jasotzen ere ikusten da jende berria sartzen ari dela eta horrek poz handia ematen du. Ea hurrengo urtean beste bi bikote gehiago izateko aukera daukagun; hori oso polita izango litzateke. Lehia ere handitu egingo litzateke. Nik uste dut lortu daitekeela, jendea oso indartsu baitator.