Kutxabank Araskik Txell Alarcon jaurtitzaile katalana fitxatu du hurrengo bi urteetarako
Uztailaren 31an 19 urte beteko ditu hegalekoak eta dagoeneko hirugarren urtea egingo du Emakumeen Endesa Ligan, azken bi denboraldietan Logroñoko Campus Promete taldearekin jokatu ostean. 2020/21 denboraldian lehiaketako hiruko jaurtitzaile onena izan zen, jaurtitako %56a asmatu baitzuen.
2022/23 denboraldiari begira beste fitxaketa bat argitu du astearte honetan Kutxabank Araskik: Txell Alarcon 18 urteko eskolta katalana, aurreko bi urteak Logroñon igaro ondoren, Gasteizen beteko ditu hurrengo bi denboraldiak.
1,76 metro neurtzen ditu Alarconek eta gaztea izan arren –uztailaren 31an beteko ditu 19 urte– dagoeneko bi urte bete ditu Emakumeen Endesa Ligan. Logroñoko Campus Promete taldean aritu da aurretik Safa Claror eta Femeni Sant Adria taldeetan aritu ostean.
Emakumeen Ligako bigarren mailan 2019/2020 denboraldi oso ona bete ostean Campus Proimetek fitxatu zuen eta 2020/21ean, gorengo mailan debuta egin arren, hiruko jaurtitzaile aparta dela erakutsi zuen. Hain zuzen, lehiaketako portzentaia onena eskuratu zuen hiruko jaurtiketei dagokienez, botatako %56 asmatu baitzuen.
Bigarren urtean bere lana ez da hain emankorra izan, baina 30 partida jokatu ditu, eta batez beste, 21 minutuan 4,8 ountu eta 1,9 errebote eskuratu ahal izan ditu.
Gasteiza joan aurretik 20 urtez azpiko Espainiako Selekzioarekin ariko da, uztailaren 9tik 17ra Hungarian jokatuko den Europako txapelketa jokatuko baitu.
«Hastako, Txell oso gaztea da eta talentu handia dauka. Hiruko jaurtitzaile oso ona izateaz gain, beste gauza asko ere egin ditzake, oso jokalari orekatua baita. Eta horrez gain, ilusio handia jartzen du kantxan. Hargatik, asko emango digula uste dut», adierazi du Madelen Urieta Kutxabank Araskiko entrenatzaileak Radio Euskadiri emandako elkarrizketan.
«Proiektua egonkortu beharra»
Madelen Urietak berak zazpigarren urtea beteko du Araskiren entrenatzaile postuan. Amurriokoak, jakinean pasa den denboraldia oso zaila izan dela eta datorren urteari begira %20 inguru gutxiagoko aurrekontua izango dutela, zalantzaren bat izan arren, azkenean baietz esan zion bere postuan jarraitzea proposatu ziotenean.
Baina zernolako zailtasunak izango diren jakinean, entrenatzaile arabarrak Araskiren proiektua «egonkortu» egin behar dela adierazi du, aurreko urteetan Kopan zein Ligako play-offetan lekua eginagatik.
«Langa oso goian dago aurreko urteetan Koparako zein play-offetarako sailkatzea lortu ondoren. Baina zer garen baloratu behar dugu ere, eta ez da gutxi datorren urtean gorengo mailan jarraitu ahal izatea bera ere. Guretzat garrantzitsuena proieltua egonkortzea da, eta hargatik kontuz eta astiro aurrera egin behar dugu», adierazi du.
Horren harira, denboraldiaurrea «giltzarri» izango dela iritzi dio 2022/23 sasoia behar den bidetik joan dadin. «Ligaren hasierak markatuko du urtea nolakoa izango den, eta hara ondo iristeko denboraldiaurrea behar bezala bete beharreko tartea izango da. Taldeak inertzia positiboa eta sentsazio onak hartzen baditu, dena askoz errazago joango da gauzak oker hasiz gero baino. Baina ondo hasteko, denboraldiaurreari dagozkion bospasei aste horiek giltzarria izango dira», azpimarratu du Urietak.