INFO

Sexu abusuen biktima adingabeen arreta hobetu nahi du Lakuak, Danimarkari begira

Artolazabal sailburua buru duen EAEko ordezkaritza bat Danimarkara joan da bertako Barnahus etxeen eredua ezagutzera. Honekin EAEn «beste urrats» bat ematn nahi da sexu abusuen biktima diren adingabeen arreta hobetzeko.

Beatriz Artolazab sailburuak Danimarkako Barnahus etxeak ezagutu ditu. (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako saila)

Lakuako Gobernuaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Danimarkako Naestved herrira egin du bisita gaur. Bertan, sexu abusuak jasaten dituzten adingabeei laguntza espezializatuan diharduten eragileekin bilduko da eta Barnahus etxeak bisitatuko ditu.

«Bilera horiek oso lagungarriak dira gure proiekturako, kasu errealak eta, batez ere, konponbide errealak entzuten ari garelako. Eta kudeaketa kontu zehatzak argitzeko aukera dugulako. Aurrerapauso bat da eragileen arteko jarduera koordinatuko protokoloak egiteko», esan du Artolazabalek.

Barnahus etxea sexu abusuen biktima adingabe bat joaten den zentroa da. Han laguntza integrala jasoko du biktimak, eta biktimari laguntzen dioten zerbitzu guztiak eremu horretan bertan koordinatuko dira, bai Polizia, bai Justizia, osasuna edo haurrak babesteko zerbitzuak.

Sailburuak nabarmendu duenez, Lakuaren asmoa lehenengo Barnahus etxea urte honen amaieran edo hurrengo urtearen hasieran irekitzea da, «beharrezko deritzogun baliabidea delako». «Oso talde eragile kontzientziatua eta inplikatua daukagu; eta, biktimen giza eskubideen urraketaren aurrean, gure baliabideak eraginkorrago bihurtzeko borondatea dugu», gaineratu du.

EHUko Psikologia Fakultateko irakasle Ignacia Arruabarrenak azaldu duenez, «oso topaketa interesgarriak dira, Danimarkaren esperientzia ekarri digulako, urte asko baitaramatza eredu horrekin; aukera bikaina da esperientzia hori Euskadin berme handienekin hasteko».