INFO
Interview
Nahia Zudaire
Igerilaria

«Eguneroko lanaz gozatzen saiatzen naiz; ez baduzu gozatzen, ez zoaz inora»

Ia bi urte arnasa hartzeko astirik gabe ibili eta gero, atsedenaldi baten erdian dago Usurbilgo igerilaria. Azterketak amaituta eta batez ere, Funchalgo Munduko Txapelketan hiru brontzezko domina eskuratuta. Hurrengo helmuga nagusia Paris 2024 izango du, baina presarik gabe iritsiko da gipuzkoarra.

Nahia Zudaire, Funchalgo Munduko Txapelketan. (@BASQUETEAM)

This browser does not support the audio element.


Maiatzaren 10ean bete zituen 18 urte Nahia Zudairek, baina dagoeneko badaki Paralinpiar Joko batzuetan domina lortzeko puntuan egotea zer den, joan zen astean Funchalen jokatu ziren Igeriketa Egokituko Munduko Txapelketan S8 kategorian brontzezko hiru domina lortzea zer den badakien bezala.

Hurrengo kirol jomugak ere buruan ditu Nahia Zudairek, baina atsedena da orain tokatzen dena, NAIZ Irratian azaldu duen moduan. «Selektibitatea gainditu eta geldialdi hau iritsi zaidala baliatuz, ea denbora hartzen dudan zer ikasi nahi dudan garbiago izaten hasteko».

Zorionak! Portugalen izan eta gero dagoeneko etxean izango zara bueltan, ezta?

Eskerrik asko! Astelehenean iritsi ginen, eta, bai, hementxe gaude, etxera itzuli garela “onartzen”. [irribarrea]

Ez dakit oso nekatuta egongo zaren, baina hiru brontzezko domina lortuta, hobeto eramango da, ezta?

Ez pentsa. Joaneko bidaia askoz txarragoa izan zen itzulerakoa baino, eta, beraz, ez daukat halako nekerik. Bestetik, emaitzekin oso pozik nago, baina txapelketan egunean-egunean ari zara lanean eta ez zara konturatzen. Baina denbora pasa ahala, non egon naizen eta zer egiteko gai izan naizen konturatzen hasi naiz.

Zein balorazio egiten duzu? Esperotakoa lortu duzu?

Arrazoi ezberdinengatik zenbait arerio falta ziren eta banekien dominen saltsan egon nintekeela. Hori bai, saltsa horretan egoteko nire marketan egon beharra nuen. Bestela ere urte zaila izan da, guztia aurrera ateratzea asko kosta zait, eta hortxe zeuden nire zalantzak. Hau da, ez nekien fisikoki nola egongo nintzen bakarrik egin beharreko probetan. Erreleboetan, berriz, errelebo mistoa gauza berria da eta, guk domina atera badugu ere, orain arte erreleborik atera ez duten zenbait taldek maila ikaragarria eman zezaketen. Bagenekien zer egin genezakeen, baina ez besteek zer maila emango zuten.

Zuk hiru domina, Iñigo Llopisek beste hiru; indartsu zabiltzate euskal igerilariak!

Egia esan, bueltatu arte ez gara konturatu egin dugun horretaz. Adibidez, nik orain arte ez dut erreleborik egin, eta bi errelebotan domina lortzea gauza handia izan da. Itzultzen ari ginela hasi nintzen konturatzen. Erreleboetako podiumean 12 pertsona ikusten dituzu ospatzen eta normaltzat jotzen duzu, baina, behin etxean, mundu guztia zorionak ematen hastean ohartzen zara egindakoaz.

Aurreko urtea olinpikoa izan eta gero, ez du erraza behar maila horretan jardutea.

Bai. Aurtengo denboraldia oso motza izan da, Jokoetatik bueltan lasai ekin geniolako lanari. Baina bereziki gogorra izan da niretzat 2022 hau; bestela ere igeriketak ordu asko eskatzen dizkizu, eta asteburu batzuetan lagunekin kalera atera beharrean etxean atseden hartzen geratu beharra izan dut. Baina, horrez gain, urteak oztopo garrantzitsu pare bat jarri dizkit. Beraz, niretzat Munduko Txapelketara iristea bera sari bat izan da. Otsailean galdetu izan bazenit, ez nintzela iritsiko erantzungo nizukeen. Horregatik, oso pozik amaitu dut, denboraldi gogor hau amaitzeko modu polita izan delako.

18 urte bete berri, nola baloratzen duzu orain arte daramazun kirol bilakaera?

Ez dakit. Tarteka kosta egiten zait zein mailatan nagoen eta zer egiten ari naizen ulertzea. Eguneroko lanaz disfrutatzen saiatzen naiz, bestela ez zoazelako inora. Hori bai, konfinamendutik bueltan, entrenatzailea aldatu nuen, baita entrenatzekoa tokia ere, eta nik uste toki aldaketa horrek perspektiba berri bat izaten lagundu didala, batez ere egiten dudan horretaz gozatzen.

«Txapelketaren monotonian jende askok irabazten duela ikusten duzu. Baina lagunak eta familia pozez zoratzen ikustean zerbait handia egin duzula konturatzen zara»

Esan bezala, etxerakoan ohartzen zara lortu duzunaz.

Azkenean, zuk domina lortzen duzu eta zure aurretik geratu direnek ere bai. Erreleboetan  12 pertsona daude podiumean... Txapelketaren monotonian jende askok irabazten duela ikusten duzu. Baina lagunak zoratzen ikusten dituzunean, zure familia zorionak bidaltzen hasten denean... orduan hasten zara konturatzen zerbait handia egin duzula.

Aurrera begira, Paris 2024 da helburu nagusia?

Bai, baina datorren urtean ere Munduko Txapelketak ditugu Manchesterren. Tira, ez dakigu non izango garen bi urte barru, baina Paris da helburua. Tokion familiaren eta lagunen gertutasuna falta izan zitzaidan. Paris askoz gertuago egonda, ea bertara joateko aukerarik duten nirekin batera Jokoen esperientzia bizitzeko.

Tokion ere dominetatik oso gertu geratu zinen.

Tokio Jokoak zer diren jakiteko izan zen. Pariskoak “nire” jokoak izan daitezke, baina, agian, Los Angelesera begira ere jar gaitezke. Eguneroko lana da egin beharrekoa, lasai, pausoka, baina egia da modu konpetitiboagoan hartu behar ditudala Parisko Jokoak.

Emaitza onak lortuta errazagoa izango da, baina psikologikoki nola zaude, igeriketa bezalako kirol sakrifitatu batean?

Pasa den denboraldia oso gogorra izan zen. Covid-19ari Kristoren beldurra genion eta horregatik, iaz bi sakrifizio egin behar izan genituen: batetik, sortzen genituen ordu guztiak, eta bestetik, laguna ikusi gabe eta kamera atera gabe bost hilabetez egon beharra. Iazko apirilaren 29an klasean kasu positiboak ateratzen hasi ziren eta hamar egunen buruan europako Txapelketan lehiatu behar nuelako, klaseetara joateari utzi behar izan nion, eta irailaren 7ra arte ez nintzen berriz lagunekin egon. Lau hilabete entrenatzen eta etxetik atera ezinda eta zure ingurukoekin egoteko beldurrez gainera! Horixe izan da niretzat kirolean sekula egin dudan sakrifiziorik handiena eta zailena.

Egiten duzun hori asko gustatu behar zaizu. Hala bada, hori ez da sakrifizioa, nik uste. Azken batean, hauxe da maite dudana eta gustazen zaidana eta honetan inbertitzen dut denbora, besterik gabe. Badaude momentu txarrak, goizeko 6.30ean jaiki beharra entrenatzera klaseetara joan baino lehen, baina momentu bat da.

Zure kasuan gainera belauneko lesio batetik zentozen.

Bai, baina hura momentu txarra izan arren, are eta txarrago batetik nentorren. Nik uste belaunarena gorputzaren abisu bat izan zela. «Aizu, neska, geratu!», esan zidala. Baina nire kirol psikologoak esaten duen bezala, dena zerbaitegatik gertatzen da eta azkenean, 2020an covid-19agatik Jokoak ez ziren ospatu eta lesioa azkenean oso ondo etorri zitzaidan. Gorputzak geratu beharra zeukan eta seinale bat bidali zidan.

Goi mailako kirolarientzat, garrantzitsua da psikologoaren papera?

Oso garrantzitsua. Oso. Ez dut ulertzen zergatik, baina ez ohi da horri buruz hitz egin eta ez da behar beste erakusten osasun mentalak duen garrantzia, baina ezinbestekoa dela deritzot, bai kirolari eta bai persona bezala aurrera egiteko; momentu txikietaz gozatzeko eta momentu txarrak modu lasaiago batean eramateko.

Hortaz azterketa garaian konturatu naiz, jendea ikusten dudanean jendea zeinen urduri jartzen den. «Joño, lehiaketan ni neu ere horrelaxe, berdin berdin jartzen naiz!», esaten nuen. Beraz, nik uste denok behar dugula laguntza hori egoera hauek –dela kirola, ikasketak, lagun artea...– behar bezala bideratzeko.

Nola uztartzen dituzu ikasketak eta igeriketa?

Buf, gaizki! Asko kostatzen zait. Oso burugogorra naiz eta dena ematen saiatzen naiz beti. Batxilergoa orain amaitu dut, Zientifikoa, Biologia eta  Kimikarekin, eta urtean zehar sekula baino ordu gehiago galdu ditut aurten. Txapelketak unerik txarrenean etorri zaizkit, azterketekin, eta selektibitateko epe muga horrekin, irakasleek ezin zituzten nire  azterketak atzeratu. Kurtsorik zailena izan da, baina atera dugu. Eskerrak! [Hasperena]

Eta zer ikasteko asmoz?

Galdera ona. Ez dakit. Selektibitatea Munduko Txapelketak baino egun bat lehenago egin nuen eta tentsio maila hori jaisten hasi den honetan, orain hasi naiz zer egin dezakedan ikusten. Ea geldialditxo honekin ideiak etortzen zaizkidan! [Irribarrea]