INFO

Iazko finaleko errebantxarako aukera izango da Gipuzkoa eta Bizkaiko Herriarteko finaletan

Larunbatean Donostian Azpeitiak txapela defendatuko du Oiartzunen aurka eta igandean Mallabian Lezamak Markina-Xemeinenekin.

Iazko arantza kendu nahiko du Oiartzunek Azpeitiaren aurka. (Maialen ANDRES/FOKU)

Aurreko igandean Arabako eskuzko Herriartekoaren finak jokatua, Gipuzkoa eta Bizkaikoari dagokie txanda asteburu honetan eta bietan ere iazko finalak errepikatuko dira, Azpeitiak Oiartzunen aurka jokatuko baitu larunbat arratsaldez Donostiako Atano III.ean eta Lezama eta Markina-Xemein izango dira igande arratsaldez Mallabian elkarren aurka arituko direnak. Iaz bietan ere hirugarren eta azken partidan erabaki zen txapelak zein herritara joango ziren eta aurten ere final orekatuak espero dira bi kasuetan.

Gipuzkoako kasuan, inor ez du ezustean hartu finalerako bi herri hauek sailkatu izana, biak baitziren hasiera-hasieratik txapelak janzteko faboritoak, nahiz eta oarsoaldekoek nahikotxo sufritu behar izan zuten finalerdietan Hernani kanporatzeko. Ilunpekoek euren bederatzigarren txapela nahi dute eta jantzitako azkenak 2018 eta 2021ekoak finalean Oiartzuni irabazita lortu zituzten.

Finalerdietarako itzulerarako Unax Landa atzelari jubenila berreskuratuta, eskuko minez ezin izan du apenas jokatu aurtengo Herriartekoan, oiartzuarrek esperantza handiak dituzte larunbateko finalerako.
Bizkaikoan justu kontrakoa gertatu zaio Lezama txapeldunari, finalerdietan Hormaetxe atzelari nagusiak min hartu eta ezin izango baitu finala jokatu. Iazko txapela hirugarren partida honetan erabaki zela jakinda, gauzak zail jarri zaizkie Txorierrikoei txapela errepikatzeko.

Herriarteko txikia Nafarroan

Nafarroako Herriartekoak aurten berritasunak dakartza, nagusiena aurten txikienen txapelketa bat antolatu dutela eta Doneztebe eta Bera izango dira, uztailaren 2an, lehen finala jokatuko dutenak Labriten. Nagusienean, larunbatean jokatuko dira finalerdiak, goizez Baztan /Barañain eta arratsaldez Doneztebe/Larraun.