Urdaibain dago joko-eremua: Klima abentura parkea jarri du martxan BBK-k
BBK Klima parkeak uztailaren 22an irekiko ditu ateak. Urdaibain jokoan dagoen beste egitasmo batek, Guggenheimenek, izan behar dituen osagaiak dituela esan daiteke: klima-aldaketaren inguruan kontzientziatzea eta eskualdeko ekonomia suspertzea. Bateragarriak ote diren, hor gainditu beharreko koska.
Bi urte behar izan dituzte BBK Klima abentura-parkea eratzeko, baina dagoeneko prest dago lehen pausoak emateko, atzo ofizialki inauguratu ostean. Datu solte batzuk: ateak uztailaren 22tik aurrera zabalduko dira –sarrerak ekainaren 30etik aurrera eskuratu ahalko dira www.klima.bbk.eus web orrialdean 8 euroan; 6 eta 5 euroan adingabeentzat, adinaren arabera– eta murgiltze-esperientzia gisa eratuta dago, klima-aldaketaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazioa jolas giroan garatzeko.
Familientzako lehen-esperientzia parke gisa pentsatuta dago eta honakoak ditu: tirolina (hiru daude), inguruak ezagutzeko bizikleta elektrikoak (eskualdeko beste gune batzuetan bizikleta-postuak jartzeko asmoa dago), scape room-a eta 360 graduko domoa (ikusgarria bertako proiekzioa). Horietan bizpahiru ordu eman ondoren, eguna Urdaibaiko biosfera erreserba ederreko hondartza batean bukatzeko aukera dago.
Sukarrieta bertan dago, Laida parean; parking handi bat alboan eta tren geltokia ere gertu.
Pandemiak eta mundu mailako krisiak ez die lana erraztu, baina azkenean ia ehun urte bete duen BBKren ekimen sozialeko gune ikoniko eta beteranoenak bigarren bizitza bat izango du urtean zehar, jendeari irekita egongo baita. Uztailean udalekuak hartzen jarraituko du; urtean zehar, asteburuetan eta opor garaietan, abentura parkea izango da.
Inguruan dagoena
Atzoko inaugurazioa erabat ofiziala eta protokolo handikoa izan zen, Iñigo Urkullu lehendakaria, Bingen Zupiria eta Arantza Tapia sailburuak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakaria ere bertan izan zirelako, besteak beste.
BBKk duen indar eta eraginaren beste adierazgarri bat da abentura parkea, eta eskualderako diseinatutako egitasmo orokor baten barnean kokatzen da, kilometro gutxira Urdaibai Bird Center gunea baitago. Biak daude biosfera erreserba babesteko betebeharrei lotuta.
Guggenheimen itzala
Hortik kilometro gutxira Muruetako ontziola dago, hain zuzen Bizkaiko Aldundiak temati eusten dion proiektu baten adarra dena: hots, Guggenheim Urdaibaira zabaltzeko asmoa. Egitasmo horren beste adarra Gernikako Dalia enpresa zaharraren eraikinean dago. Oinez egin beharreko ‘ibilbide kultural’ batekin lotuta egongo lirateke biak, baina erreserban bisitariek duten eraginak (140.000 bat bisitari espero dira urtero) arazoak sor ditzake. Hori da gainditu beharreko langa nagusia; bestea, ekonomikoa. Pandemiaren ostean Europak emandako Next funtsetatik 80 milioi euro jasoko lituzke; gainerakoak (guztira 281 milioi aipatzen dira), euskal instituzioetatik.
Bitxia dirudi, bederen, 2009. urtean bertan behera gelditu zen Guggenheim Urdaibairako hastapeneko proiektua Abiñan kokatu nahi izatea; alegia, Sukarrietako hondartzaren ondoan BBKren udalekuetarako Bastida arkitektoak egindako eraikinean. Babestuta zegoenez, baztertu egin behar izan zuten.
Orain Bastidaren eraikinaren gibelean dagoen parke eremu ederra moldatu eta prestatu –lehen abereak eta baratzea besterik ez zeuden– eta BBK Klima abentura parke gisa berpiztu da. Aurten urrira arte egongo da zabalik, irekiera urtea delako. Datorren urtetik aurrera Aste Santutik urrira bitartean egongo da zabalik.