INFO

Urriaren 22an Tuteran manifestazioa deitu du Hordago! herri ekimenak

Euskarak Nafarroan trabarik ez izatea eta edozein eskualdean hizkuntza hau erabiltzeko eskubidea izatea aldarrikatuko dute urriaren 22an Tuteran Hordago! herri ekimenak deitu duen manifestazioan.

Hordago! ekimeneko kideek Tuteran egin duten agerraldia. (HORDAGO!)

Iazko azaroan aurkeztu zen hordago! herri dinamika, Cortesen, eta adierazpen baten bitartez Erriberako herritar talde handi batek erran zuen bazela garaia «aurrerapausoak emateko edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, foru lurralde osoan euskara ezagutu edo ikasteko eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko».

Gaur, berriz, Erriberako hainbat herritar elkartu dira Cortesko Adierazpenarekin bat egiteko eta dei egin dute «ez-euskaldun« izendatu duten eremuko herritarrei, eta bereziki Erriberako herritarrei, urriaren 22an Tuterara etor daitezen zonifikazioari hordago jotzera. «Euskararen zonifikazioa diskriminazio, desberdintasun eta desadostasun iturri baita nafarren artean. Hartara, zonifikazioaren kontra egitea justiziaren alde egitea da», nabarmendu dute.

«Nafarroan inolako bereizkeriarik gabe bizi nahi baitugu, baita arrazoi linguistikoengatik sorturiko diskriminaziorik gabe ere. Denok berdinak izanen garen lurralde batean bizi nahi dugu; berdinak betebeharretan, berdinak eskubideetan; eta lurralde horretan eskubide berdinak izanen ditugu une orotan, Nafarroaren zein zatitan gauden kontuan hartu gabe. Herritarren kohesioa sustatuko duen lurra izanen da hori; herritarrak hizkuntzaren arabera mailakatuko ez dituena; hizkuntzen aniztasuna kontuan hartuko duena; eta aniztasun hori mehatxu gisa hartuko ez duena, aberastasun gisa baizik», aldarrikatu dute.

«Gaur hemen gauden Erriberako herritarrok euskaldunak gara, edo D ereduan ditugu haurrak, edo heldutan euskara ikasten ari gara, edo ikasteko asmoa dugu, edo bertzerik gabe, euskara gure nafar izatearen partetzat hartzen dugu eta urriaren 22an ozen aldarrikatuko dugu euskara Nafarroa osoko hizkuntza dela, Cortestik Berara, Vianatik Gardera. Ezin baita Nafarroa euskararik gabe ulertu, ez eta euskara Nafarroarik gabe ere», gaineratu dute.

«Cortesko Adierazpenak egin zuen bezalaxe, Tuterako manifestazioak hordago joko dio euskararen zonifikazioari. Bereizkeriarik, segregaziorik edo eskubideen urraketarik gabeko etorkizun baten alde; lurraldea eta gizartea euskararekin, edo bertze arrazoi batekin, zatikatuko ez duten etorkizun baten alde. Ildo horretan, Nafarroako hizkuntza-banaketa gainditzea aurrerapen handia izanen da gure gizartearendako, aurrerapena izanen da justizia sozialean eta gure lurraldearen batasunean eta kohesioan. Azken finean, nafar guztiontzako aurrerapena izanen da», nabarmendu dute.