INFO

Legution okupatutako hotel bat hutsarazi eta bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak

Legution okupatuta zegoen hotel bat hutsarazi du Ertzaintzak gaur goizean. Bi pertsona atxilotu eta hainbat lagun zauritu ditu.


Ertzaintzak Legution okupatuta zegoen hotel bat hutsarazi du gaur goizean. Eraikina babesteko asmoz han zirenen aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu eta bi atxilotuta eraman ditu, Gedar.eus agerkariak zabaldutako informazioaren arabera.

Goizeko 11.30 inguru hurbildu dira hara ertzainak eta epaitegiko ordezkariak. Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, bertan zeudenak haiei bidea oztopatzen saiatu dira eta «objektuak» bota dizkiete, eta poliziek kargatu egin dute. 18 eta 21 urteko bi gazte atxilotu dituztela baieztatu du Lakuak; desordena publikoak eta agintariei erresistentzia larria leporatzen diete eta komisariara eraman dituzte. Bost ertzainek «kontusioak» izan dituztela gaineratu du ohar batean.

Garai batean hotela zen eraikina Santa Engrazia kalean dago eta 2019an okupatu zuten. ‘Desjabetuon Hotela Zentro Sozialista’ izena ezarri zioten.