INFO

Amarako sarrera moztu dute Gipuzkoako egoitzetako negoziazio mahaia berrabiarazi dadin

LAB sindikatuak Donostiako Amara auzoko sarrerako errepidea moztu du Gipuzkoako helduen egoitzetako negoziazio mahaia «blokeatuta» dagoela salatzeko.

LABek Amarako sarrerako errepidea moztu duen unea. (LAB sindikatua)

LAB sindikatuak Donostiako Amara auzoko sarrerako errepidea moztu du, ostegun goiz honetan, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako negoziazio mahaiak «blokeatuta» jarraitzen duela islatu eta salatzeko. Ekintza hau sindikatuak datozen egunetarako deitu dituen lau greba egunen baitan kokatu da. Ostegun honetaz gain, uztailaren 1, 14 eta 15ean lanuztera deituta daude egoitza gipuzkoarretako beharginak. ELAk ere deitu du greba egun horietan.

Protestaren bitartez, LABek deitoratu du Gipuzkoako egoitzen egoera «jasanezina» dela. «5 urte baino gehiago luzatu den gatazka honi, covid-19aren izurriteak izan duen eragina gehitu behar diogu. Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea: egoerak eskatzen duelako eta sektoreko langile zein egoiliarrek merezi dutelako», azaldu du sindikatuak ohar batean.

«LAB sindikatutik salatu nahi dugu patronalak negoziazio mahaia gatazka betikotzeko erabili nahi duela eta hori onartezina dela», kritikatu du.

Negoziazio mahaiaren «blokeoari» dagokionez, LABek jakinarazi du 2 urteren ostean mahaia berraktibatzen saiatu dela, baina patronalak ez diola «proposamenik» helarazi. Sindikatuaren ustez, jarrera hori «negoziaziorako duen borondatearen erakusle da».

Bere aldetik, sindikatuaren ustetan, gatazkari irtenbidea emateko «ezinbesteko baldintzak» dira Herrialdeko Lan Hitzarmena adostea eta ratioen hobekuntzak bermatzea.

Era berean, puntu honetara nola heldu diren azaldu du LABek, bere hitzetan, egoera «zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio» da. 

Interpelazioa Aldundiari eta ‘Liburu Berdea’

LABek zuzenean interpelatu du Gipuzkoako Aldundia lan gatazka honetan «erantzukizuna» duela arrazoituz: «Haiei dagokie orain mahaia desblokeatzeko pausuak eman eta irtenbidea erdiesteko proposamenak mahai gainean jartzea».

Ildo beretik mintzatu da ELA sindikatua. Izan ere, ELAk elkarretaratzea egin du Donostiako Txara II adinekoen egoitzaren eraikinaren aurrean, bertan aurkeztu baitu Aldundiak erresidentzietarako ‘Liburu berdea’. ELAk adierazi du «oso kritiko» mintzatu dela liburuarekin, trantsiziorako plana ez omen delako langileekin adostu.  

ELAk kritikatu duenez, ‘Liburu berdea’ egitasmoa «enpresek zaintza sektorean negozioa egiten jarraitu ahal izateko Diputazioak erabiltzen duen zuriketa bat da. Propagandaren bidez, egun dagoen ereduaren egoera makurra ezkutatu nahi du Aldundiak, eta eztabaida saihestu gizartearen aurrean».