Ezkerrak, gerraren aurrean, diplomazia, subiranotasuna eta bakea ditu ipar
Ezkertiarren ustez, ez da batere zuhurra gatazka bat deseskalatzeko berau gogortzea, eta ez luke bake justua ekarriko. Ukrainako gerrari irtenbidea emateko, subiranotasuna, diplomazia eta bakearen aldeko mugimendua. Rosique, Elejabarrieta eta Corbyn mintzatu ziren Europako ezkerraren jardunaldietan.
Europako ezkerrekoen eztabaidaren plaza izan zen atzo Iruñea. “Ukrainako gerrarekiko posizionamendu politikoa eta ezkerraren papera nazioarteko agertoki multilateral berrian”; hori izan zuten hizpide Jeremy Corbynek, Gorka Elejabarrietak eta Marta Rosiquek, Europar Parlamentuko Ezkerreko Taldeak Tres Reyes hotelean antolatutako jardunaldietako lehen solasaldian.
Gai korapilatsua, dudarik ez, baieztapen sendorik gabekoa. Izan ere, Ukrainako gerrari buruzko ezkerraren diskurtsoa ez da batere errealista, batzuen esanetan. Hala ere, atzo hizlariek adierazi zuten benetan zaharkituta dagoena realpolitik delakoaren izenean gerra gogortzea dela. Eta alternatibak proposatu zituzten: subiranotasuna, diplomazia, fronte zabalak eta bakea bultzatzea.
ERCko diputatu Marta Rosiquek hartu zuen hitza lehenik, eta «irmoki» salatu zuen edozein inbasio mota, aldi berean gerra honetan «inbertitzen» dutenen papera kritikatuz. Horrela, Errusia aberasten ari dela azpimarratu zuen, zigorrak ezarri dizkioten arren, eta AEBak beren botere geopolitikoa handitzen ari direla.
NATOren goi-bilerari dagokionez, adierazi zuen Madrilen aldaezina den erakunde bat indartzen ari dela. Hala, subiranotasuna «metodo posible bakarra» dela berretsi zuen, ikuspegi atlantistaren kontrako jarrera landu eta diplomazia sustatzeko.
Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatari eta Nazioarteko Harremanetarako idazkariaren ustez, «Ukrainaren inbasioak ez du justifikaziorik», baina inork ez du uste bide militarretik konponduko denik.
«Gerrari ez» lemak, ordea, edukia eskatzen du, eta, ildo horretan bide diplomatiko eta politikoak indartu behar direla nabarmendu zuen: «Ezkerrak ezin ditu alde batera utzi bere interesak eta helburuak, baina ezta bere printzipioak ere. Interesen eta printzipioen arteko oreka egokia bilatzean datza gakoa. Ezkerrak pragmatikoa izan behar du, baina duen ikuspegi global eta lokal hori ahaztu gabe», azpimarratu zuen.
EH Bilduren ustez, beraz, gutxieneko ideia komun batzuk partekatzen dituztenekin fronte zabal bat bultzatzeko garaia da, «olatu autoritarioa» geldiarazteko, baina baita benetako alternatiba bat eraikitzeko ere.
Jeremy Corbyn izan zen azken hizlaria
Telematikoki, Britainiar Parlamentuko kide eta Alderdi Laboristako buru ohiak deitoratu zuen nazioarteko estrategia neutrala Austria eta Irlandak soilik dutela, Finlandiak eta Suediak NATOn sartuko direla iragarri ostean. Haren ustez, hedabide anglosaxoiek defendatzen duten segurtasun globala botere militarraren mende dago, eta bide horretatik doa Boris Johnsonek bultzatutako aurrekontu militarraren hazkundea. Hori guztia, errefuxiatu ukrainarrei babesa eman eta beste batzuk Ruandara legez kanpo bidaltzen dituzten bitartean. Hala, «ezkerrak errefuxiatu guztien eskubideak babestu behar ditu», aldarrikatu zuen.
«Jende askorentzat, segurtasuna janaria lortzea da», esan zuen eta mundua ezin dela gerren bidez salbatu. Bere ustez, planeta jasangarritasunaren eta aberastasunaren banaketaren bidez babestu behar da, eta ezkerrak bakearen aldeko borroka historikora itzuli behar du.