INFO

IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak Eurocupean izena eman dute

Bizkaitarrek seigarren urtez jarrian parte hartuko dute Europako txapelketa honetan; Ibaeta Basketek, bere aldetik, aurrenekoz eman du izena duela urte batzuk aukera horri muzin egin ostean. Hilaren 15ean jakingo dute euskal taldeek aurrekanporaketarik jokatu behar duten ala ez.

Datorren urtean Emakumeen Ligan ez ezik, Europan ere lekua egingo dute Ibaeta Basketek eta Gernikak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Uztailaren 1arekin batera, IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak 2022/23 denboraldiko Emakumeen Eurocupean izena eman dute. Joan dendenboraldian Emakumeen Endesa Ligako play-offetara iritsi eta gero, eta Espainiako Federazioari FIBAk Europan jokatzeko eskubidea duten talde kopuruaren barruan daudela baliatuz, euskal talde biek eman dute izena Europan. Hala, lehiaketa honen historian aurrenekoz egongo dira bi euskal talde lehian.

Gernikarren kasuan seigarren aldia izango da segidan. Pasa den sasoian multzo buru izan ziren bizkaitarrak, baina txapelketako multzorik gogorrena egokitu zitzaien. Malosten jokaturiko hiru neurketak galdu arren, Mario Lopezek zuzentzen duen taldeak kanporaketetara pasatzea lortu zuen, eta final-zortzirenetako joaneko neurketan Mersin Çukurova talde turkiarrari sekulako egurra eman zioten. Tamalez, urtarrilaren 4an, Mersinen bertan jokatu zen «segada» lotsagarri baten ostean, talde turkiarrak buelta eman zion kanporaketari, nahiz eta horretarako FIBAk berak ezarritako araudia –klubek proposatu eta onarturiko araudia, hain justu– zenbait puntutan hankapetik pasa.

Ibaeta Basketen kasuan, aurreneko aldia izango du talde donostiarrak Europan zehar. Duela zenbait urte FIBAren gonbitea jaso zuen IDK Euskotrenek, baina orduko hartan gipuzkoarrek uko egin zioten Eurocupean parte hartzeko aukerari. «Ekonomikoki eta egitura aldetik ez genuen behar besteko sendotasunik Europan eta Emakumeen Ligan, bietan behar bezala lehiatzeko», onartu izan diote hedabide honi Carmen Muguruza, Ibaeta Basketeko presidenteak eta baita Azu Muguruza, IDK Euskotrenen entrenatzaileak ere.

Uztailaren 15ean zozketatuko dira taldeak eta orduan jakingo da euskal taldeek –bietatik batak, biek, ala batek ere ez– aurrekanporaketarik jokatu beharko ote duten ala ez.

Christinaki, Araskitik kanpo

Kutxabank Araskiri dagokionez, Eleanna Christinaki hegaleko greziarrak ez duela talde gasteiztarrean jarraituko adierazi du kulb arabarrak berak prentsa ohar baten bitartez.

Iulia Gladkova hegaleko errusiarrak Araski laga eta gero iritsi zen greziarra Gasteiza. Ez du nahi adinako eraginkortasunik erakutsi, eta 12 partidatan 1,3 puntu eta errebote bat lortu ditu batez beste, partidako jokatu dituen 10 minutuetan.

Dena den, Araskik «bere profesionaltasunagatik» eskerrak eman dizkiote Chirstinnakiri eta «lan arloan zorterik onena» opatuz esan dio agur.