INFO

Hernaniko ia 40 establezimenduk Ekhi tokiko txanpona onartuko dute

Askotariko ia 40 establezimenduk Ekhi tokiko txanpona onartuko dute astelehen honetatik aurrera Hernanin, Ekhilur sistemaren bidezko ordainketa baliatuz. Irailean, egitasmo hau sustatzeko hobari kanpaina bat jarriko du martxan Udalak.

Hernaniko merkataritza sarearen aurkezpena. (EKHILUR)

Azken hilabeteetako lanaren ondotik, Hernaniko merkatarien sarea aurkeztu du astelehen honetan Ekhilur kooperatibak Biteri Kultur Etxean, hainbat eragilerekin batera. Bertan zehaztu dutenez, askotariko ia 40 establezimenduk Ekhi tokiko txanpona onartuko dute gaurtik aurrera, Ekhilur sistemaren bidezko ordainketak baliatuz.

Abian jarritako proiektu hau Hernani Burujabe egitasmoaren baitan kokatzen da eta Hernaniko Udalaren eta Ekhilur kooperatibaren arteko lankidetza hitzarmenari esker garatu da. Hernaniko biztanleek urtebetez Ekhilur sistemaren mantentze-gastuak ordaindu gabe probatzeko aukera izango dute, Udalak abalatuta.

Irailean, Udalak hobari kanpaina bat martxan jarriko du Ekhilur sistemaren bidez Ekhia erabiltzeko eta herritarren artean sustatzeko, eta bizilagun zein saltoki eta enpresei sistema ezagutzeko aukera errazteko. Hobarien kanpainan parte hartu ahal izateko, establezimenduek irailaren 5a baino lehen eman beharko dute izena.

Informazio gehiago nahi duten herritar zein profesionalei adierazi diete Ekhilur kooperatibarekin hitzorduak eskatzeko aukera dutela, hernani@ekhilur.eus helbidean edo 944686273 telefono zenbakian. Hitzorduak dendetan, Biterin edota Iturolan emango dira.

Ekhilur sistema

Agerraldian azaldu dutenaren arabera, Ekhilur sistema Ekhi tokiko txanponaren erabilera ahalbidetzen duen ordainketa sistema da. Bizum, Paypal edo kreditu- edo zordunketa-txartelen pareko ordainketa-sistema bat da, baina sare propioa sortu nahi du VISA edo Mastercard sarearen mende egon gabe. Sistema hori irabazi asmorik gabeko Ekhilur kooperatibaren kontrolpean dago. Kooperatiban herritarrek, enpresek, elkarteek eta udalek parte hartu dezakete.

Modu horretan, «sarearen arauak zehazteko eta gure dirua nondik zirkulatzea nahi dugun kontrolatzeko» aukera dago.

Horrez gain, azpimarratu dute ordainketa-sare propio batek bertan dauden saltokiak azalera handiko merkatalguneengandik eta multinazional digitalengandik «babesten» dituela, haiek ezingo baitute hau bezalako tokiko sareetan parte hartu.

Beste alde batetik, nabarmendu dute sarea zenbat eta zabalagoa izan, «orduan eta erakargarriagoa» izango dela parte-hartzaileentzat, diru gehiago ibiliko baita bertan.

Nolanahi ere, informazio gehiago nahi duten pertsonei esan diete Ekhilur kooperatibaren webgunea bisita dezaketela, eta posta elektronikoz (hernani@ekhilur.eus) zein telefonoz (944686273) ere arreta eskaintzen dutela.