Txistuak eta txaloak, ‘Ay Mama’ eta ‘Presoak kalera’ zezen plazaren mendeurrenean
Algara handiz itzuli dira 20.000 ikusle Iruñeko zezen plazara San Fermin egun honetan, eta ohiko zatiketa eta surrealismo dosiekin. Eraikinaren mendeurrena betetzen da, gainera, egun honetan.
Dezibelioek maila handia hartu dute uztailaren 7 honetan Iruñeko zezen plazan 18.30etan. Ordu horretan Enrique Maya alkatea ageri da palkoan, ohiturak agintzen duen legez berari egokitzen zaiolako lehen zezenketaren presidente lana, eta txistuak eta txaloak ia neurri berean jaso ditu.
Ustekaberik ez da izan honetan; eguzkipetik heldu da txistukada, peñek hartzen duten tokitik hain zuzen ere, eta itzalpetik hitz goxoagoak.
Berritasunik izan da, hala ere, itzulera honetan, hiru urteren ondoren. Iruñean ezinbesteko bilakatu diren kantuak entzun dira eguzkipeko harmailetan, Barricadaren ‘No hay tregua’ adibide dela, abesti berriekin tartekatuta, esaterako Rigoberta Bandiniren ‘Ay mama’.
Zezenketa abiatu aurretik ‘Presoak etxera’ zioen pankarta eskegi dute eguzkipekoek, goiko harmailetatiko beherainokoetara eramanez.
Juan Carlos Unzuerengan gorpuztu den gaixotasunaren aurkako kanpainak ere oihartzuna izan du eguzkipeko aldean. Anela elkartearen ikurra zabaldu dute peñakideek, honako mezu honekin lagunduta: «Rendirse no es una opción».
Bestalde, egun berezia bada gaurko han Iruñeko zezen plazan, duela mende bat ireki zituelako ateak lehenbiziko aldiz. Pello Guerraren erreportajea honetan biltzen dira mendeurren honen pasarte asko.
Ospakizun hori dela eta, zazpi zezen izan dira plazara atera eta hil dituztenak, ez sei. Lehena zaldiz toreatu dute.