INFO

Zer den galdetzen diguzue

Sanferminetako eromena, txupinazoaren irudi batean bilduta. (Miguel Riopa | AFP)

Hemen gaude, iritsi da. Zer den galdetzen diguzue, baina azaltzen zaila da txupinazoa baino 40 minutu lehenago ETB1 jarri eta yoga klaseak ikusten baditugu. Behintzat mariatxiak jartzea bazeukaten. Nola ulertu zerbait, distantzia halakoa denean. Konpontzen saiatu zen udal plazan jarri zuten esatari saiatua; aupa zu, ahal duzuna egin duzu; hori bai, hurrengoan kendu ezazu urrezko erlojua txupinazoan sartzeko.

Hiri oso bat arnasa erritmo berean hartzen. Hori da. Eta momentu berean arnasari eusten; txupinazoaren momentuan. Ederra, Juan Carlos. Bakoitzak, edonola, bere uneak ditu egun honetan. Nirea, arnasa berriz hartzen hasten garen lurrikara hori: gaiteroak hasi eta plaza osoa, itsasoa nola, marea gora eta behera hasten denean. Olatua apurtu gabe, amaiera gabeko joan-etorrian.

Batzuk lasai iritsi ziren hitzordura, bi urtez armairuan gordetako liturgiei atzo hautsa kendu eta klimaxera fresko-fresko iritsita. Goizeko zortzietan San Antoneko Arrasate inguruan zebiltzanak, ordea, nekatuta iritsiko ziren txupinazora, gaua dantzan pasa eta gero. Batzuei luzea egin zaie itxaronaldia. Ronaldo onak -brasildarrak, alegia- ongi azaltzen zuen: kontuz denboraldiaurreekin, arriskutsuak dira! Arnas-luzeko martxa da hau.

Baina berdin du orain artekoak. Kosta da, baina iritsi da. Postpandemikoa omen zen gure normalitate berria, baina, hurrengo egunetan, Iruñean, sanferminak dira errutina. Aspergarria dirudi, baina hori da gakoa: hain basatia da aldaketa, eta hain luzea -bere laburtasunean-, errutina berriak sortzeko gai dela. Eta, istant batez, bizitza halakoa izan daitekeela sinisten dugu. Eta nola ez zaigu ba gustatuko. Ederra baita, eta eder egiten baikaitu, maite dugun hori eder ikustea.