Zaldi gainean, San Sebastian de los Reyesekoak... polizi «masterra» Iruñean Mayaren eskutik
UPNko agintarien itzulerak polikide kopurua biderkatu du Sanfermin hauetan eta oso nabaria da karriketan. Kanpotik ekarri dituzte batzuk, azalpen handirik gabe, eta zaldi gainean ere ikus daitezke tarteka. Ikastaro moduko baten aitzakiapean dena.
Interneteko polizi-foroetan biziki pozik daude Iruñean egun hauetan agertzen den irudiarekin. Izan ere, Enrique Mayak alkatetza berreskuratu osteko lehen Sanfermin hauetan oso nabaria da uniforme gehiago dagoela kaleetan, eta beren jarduerari ahalik eta ikusgarritasun handiena eman nahiean gainera. 2019ko aurreko jaietan jada aginte-makila eskuetan zuen Navarra Sumako ordezkariak, baina festaren diseinua berez aurretik egina zegoen.
Oraingo honetan polizi-zaletasuna ez du ezkutuan gorde Mayak. Txupinazoa zaintzeko argudioarekin 2.700 polizikide egon ziren kalean. Tira, ez bakarrik kalean; Udal Plazako teilatuetan agertu ziren batzuk, armak eskuetan, beharbada 2013ko erridikulua berriz ekiditeko asmoz. Gogoratuko denez, egun hartan ikurriña erraldoi bat eskegi zuten «arrantzale bizardunek» teilatu batetik, eta Mayak izkutarazi nahi zuen ikurra mundu osoaren aurrean inoiz baino agerikoagoa izan zen (hemen Ateak Ireki atariak zabaldutako ekintzaren bideoa).
Kalean beste hirietako udaltzainek parte hartu zuten asteazkeneko operatiboan, batzuk beren tokietako uniformeekin (guztien harridurarako) eta beste batzuk janzkera neutroagoak erabiliz (‘Polizia’ baino esaten ez zuten arropekin).
Zer dela eta Madril?
Lehenengoen artean Madrilgo San Sebastian de los Reyesekoak nabarmendu dira.
Zein da Iruñea eta San Sebastian de los Reyesen arteko lotura? Orain arte entzierroak bakarrik. Madrilgokoak ere aski ezagunak dira, eta Nafarroako hiriburuaren antzekotasun handia dute: historia luzea (XVI. mendetik datoz), zezenak erabiltzen dituzte, tamaina bereko ibilbidea (850 metro Iruñean, 810 San Sebastianen...). Ez da herri txikia; ia 70.000 biztanle ditu.
Baina lotura honek ez du berez polizien arteko elkarlana eragin. Izan ere, Madrilgo uniformedunak, entzierroen kontrolaz gain, kaleko beste jardueretan ari dira parte hartzen. Prozesioan, esaterako; bertan ukabilkada gogorra eman zion uniformedun batek herritar bati, irudiek erakutsi dutenez. Badajozeko udaltzainak ere izan ziren Katedral inguruan.
Kontua sakonagoa da; Iruñeko Udal Gobernuak polizien arteko «gailur» antzeko bat antolatu du egun hauetan, beste zenbait tokietako ajenteak jendetza handia biltzen duten jaietarako Iruñean treba daitezen. Ikastaro moduko bat prestatu dute, master bat nahi bada.
Ez da jakinarazi nondik etorri diren gainerako «bekarioak», baina zenbaitek sarean aipatu dutenez Gasteizko eta Bilboko udaltzainek jardun dute Iruñeko karriketan, uztailaren 6an behintzat.
Aurrena 100.000€ gastatu bandera koroduna jartzen.
— Beñat Hach Embarek Irizar (@hatxen) July 6, 2022
Ondoren ikurriñak tokia izan ez dezan, kanpotik polizia gehiago ekarriz Europako bigarren polizia tasa handiena duen herrialdera.
Bertan dabilen kazetari batek esanda, Gasteiz ta Bilboko udaltzainak tartean pic.twitter.com/tS9qevItM7
«Ikastaro» honetan zaldi gaineko praktikak ere burutzen ari dira. Honela, Zezen Plaza ondoan arratsalde partean zaldiz ibili dira polizikide batzuk inolako beharrik gabe, baina guztien arreta bereganatuz.
Helikopteroa eta koordinazio gunea
Iruñean gertatzen ari diren mobilizazio guztiak gertutik jarraitzen ari dira ehunka polizikide hauek, bereziki Polizi espainoleko kideek, jaiak hasi aurretik astelehen gauean eginiko kalejira feministatik hasita. Polizi-erakunde horren helikopteroa ere ikusgai dago zeruan ekimen nagusiak garatzen ari direnean.
Udaletxe barruan hau guztia koordinatzeko gunea kokatu dute lehenbiziko aldiz. Bertan, Udaltzaingoa, Foruzaingoa, Polizi espainola eta Guardia Zibileko ordezkariak batera esertzen dira.
Noiz arte hau guztia? Udalak adierazitakoari kasu eginez gero, igandetik aurrera hasiko da polizikide kopurua murrizten. Asteburua atzean utzita bisitari gutxiago aurreikusten da Iruñean, eta ordurako «master» hori amaituta izango dela dirudi.