Altuna III.a eta Rezustaren garaipenak txapelketatik at utzi ditu Urrutikoetxea eta Imaz
Altuna III.ak eta Rezustak lehen garaipena eskuratu dute San Fermin Torneoko finalerdietako ligaxkan. Beren garaipenarekin, Urrutikoetxea eta Imazen bigarren porrota iritsi da eta beraz, txapelketan aurrera egiteko aukerarik gabe geratu dira.
Altuna III.a eta Rezustak San Fermin Torneoko lehendabiziko garaipena erdietsi dute larunbat honetan, Labriten Urrutikoetxea eta Imazen aurka 20-22 markagailuarekin irabazi ostean. Iruñea erdialdean kokatua dagoen pilotalekuan sekulako giroa bizi izan da eta pilotariek ikuskizuna ere eskaini die zaleei bueltan.
Azkenerako, espero baino gehiago sufritu behar izan du bikote gipuzkoarrak. Izan ere, 10-20 markagailutik 17-20ra pasa da norgehiagoka, gorriek segidan eginiko 7 tantoei esker. Urrutikoetxeak sekulako maila erakutsi du partidaren azken txanpan –denera, 13 tanto egin ditu– eta dema gori-gori jarri da, zaleen gozamenerako.
Hainbeste estutu da partida, polemikarako tartea ere izan dela. Urrutikoetxeak hain ondo egindako lana sakez eginiko pasarekin zapuztu egin du nolabait, urdinen 21.en tantoa oparituz. Hurrengo tantoan, Zaratamokoaren pilotakadak txapa jo duela uste zenean, epaileek ontzat eman dute tantoa –Altunaren haserrerako– eta berriro berpiztu dira gorriak (19-21).
Guzti honen aurretik, bestelakoa izan da partida. Gorriak irabazten hasi badira ere (5-2), lehen atsedenaldira 7-12 iritsi dira urdinak, 10 tanto segidan eginda eta beren bertsio onenarekin aurkitzen hasi dira. Amezketakoak Euskadi Irratian onartu du minik ez duela sentitu eta hori igarri egin da. Urrutikoetxeak borrokatu ditu tantoak –urdinen 13.ena eta 15.enean, esaterako– baina azkar batean iritsi dira Altuna III.a eta Rezusta 20. tantora. Nolanahi ere, kontrakoa uste bazen ere, partida bukatzetik urrun zegoen.
Zaratamokoaren erauntsiaren aurrean, ordea, erreakzioa ezin bilatuta geratu dira gipuzkoarra eta gogor lan egin behar izan dute txapelketako lehen partida irabazteko. Hauen lehen garaipenarekin, Urrutikoetxea eta Imazen bigarren porrota iritsi da –duela bi egun ere justu-justuan galdu zuten– eta beraz, txapelketatik at geratzen dira.
Altuna III.ak eta Rezustak, bestalde, Irribarria eta Zabaletaren aurka jokatuko dute astelehenean, finalerako txartel baten bila.
FITXA TEKNIKOA:
Urrutikoetxea-Imaz: 20
Altuna III.a-Rezusta: 22
Pilotakadak: 497. Iraupena: 67 minutu. Markagailua: 3-1, 5-2, 6-9, 7-12, 8-13, 9-14, 10-15, 10-20, 17-20, 17-21, 18-21, 20-21, 20-22. Sakeak: 1 Urrutikoetxeak eta 1 Altunak. Sakez faltak: 1 Urrutikoetxeak eta 0 Altunak. Egindakoak: 13 Urrutikoetxeak eta 1 Imazek; 10 Altunak eta 4 Rezustak. Galdurakoak: 4 Urrutikoetxeak eta 2 Imazek; 2 Altunak eta 3 Rezustak. Gorabeherak: Harmailak beteta eta giro bikaina Labriten.