Euskal Elkargoak errotzen jarraitzen du lehen lurralde proiektuaren onarpenarekin
2017an sortu zenetik, Euskal Elkargoak bere osoko bilkuran lehen lurralde proiektua bozkatu du larunbata honetan. 2021etik 2026rako norabideak zehazten dituen egitasmoa botoen %66arekin onartua izan da, hiru ordu inguruko eztabaidaren ondoren.
Lehen aldiz lurralde proiektua izanen du Euskal Elkargoak larunbat honetan Kontseilu Orokorrean botoen %66arekin onartua izan ondoren. 2021-2026 artean norabideak zehaztuko dituen egitasmoa hiru ardatzen inguruan egituratuta dago. Hamabost plan estrategikoz osatua, erakundeak dituen eskumen guztien inguruan. Bestalde, alokairu turistikoen kontrako neurria ere bozkatu da gaurko saioan.
Aldeko 131 boz izan dira, 66 kontra eta 20 abstentzio, eta hiru ordu iraun duen eztabaidan egitasmoak jorratzen dituen gai ugariei buruzko aldeko zein kontrako iritziak entzun dira. Horietako batek aldaketa bat ekarri dio hastapeneko egitasmoari, izan ere, onartua izan ondoren ere zuzenketak eta proposamenak ere egiten ahalko direla gehitu dute.
Proiektua osatzen duten hiru ardatzak ingurumena, etxebizitza eta habitata, eta azkenik, ekonomia dira. Zehazki, lehenak baliabideen babesaren alde egiten du, bigarrenak herri eta hirien dinamizazioa du xede, aldi berean, barnealdearen eta kostaldearen arteko oreka lantzea; eta azkenak, garapen ereduak birsortzea.
Hamabost estrategia planetan oinarritzen da markatutako bide politikoa. Hauek dokumentu bakar batean bildurik, Elkargoak dituen 21 eskumenei loturiko nahiak elkartzen ditu, eta bere eginkizun publikoak nola gauzatzen dituen ere azaltzen du.
Loturiko beste artikuluak
Ondotik, artikulu horri loturik dagoen itun finantzario eta fiskala bozkatu da, eta justuki onartua izan da, izan ere bozen %51 soilik bildu baitu: 104 alde, 97 kontra eta 14 abstentzio izan dira.
Proiektu berriari loturik ere, zenbait urterako Inbertsio Plana bozkatu dute; hautetsien %54,8k onartu dute. Bertan, lurraldean dauden egitasmo eta behar ezberdinak biltzen dira, eta onartuak izateko lurralde proiektuak dituen hiru ardatzek ezartzen dituzten baldintzak bete behar dira. Aurreikusitako planak behin-behineko inbertsioa 372 milioitan ezartzen du.
Jean-Rene Etchegaray erakundeko presidenteak, bozketan egitasmoari dagokionez alde zein kontrako bozkak izan badira ere, Euskal Elkargoa sortu zenetik 5 urte egin direlarik nabarmendu du: «158 herriko etxeetako hautetsien artean inork ez du atzera egin, gure etorkizuna elkarrekin erabakitzea deliberatu dugu», esan du.
Eztabaida bizia izan da ere lurralde proiektuari loturiko artikuluak bozka ezkutuan edo agerian egin behar ziren erabakitzeko. Gordea izan dadin beharrezkoa den bozken herena luze gainditu da. Gehiengoaren bozka ezezaguna bada ere, sesioan hitza hartu duten gehienek bere botazioaren norabidea argiki adierazi dute, aldekoa zein kontrakoa izan.
Garapen Kontseilua
Uztailaren 4ean Garapen Kontseiluak proiektuari buruz duen iritzia biltzen duen txostena igorri zuen. Bertan, kritika nagusietako bat, aurreikuspen epea laburregia izatea zen, 2030 edo 2040ra begira egin beharrekoa dela adierazi baitzuen.
Hitza hartu duten zenbait politikarik bat egin dute ideia horrekin, baina gehiengoak ez du bere hitzartzean aipatu.
Garapen Kontseiluak gizarte zibilaren parte hartzearekiko eta proiektuaren beraren irismen politikoarekiko kezka agertu du ere.
Alokairu turistikoen kontra
Biltzar orokorra bereziki luzea izan da, lurralde proiektuari loturiko gaiek sortu duten eztabaidetaz gain, ohiko beste gaiak ere bozkatu direlako. Horien artean garrantzitsuena etxebizitzari loturikoa izan da, zeina %98ko aldeko bozkekin onartua izan den.
Martxoaren 5ean onartu zen artikuluari zehaztapenak eman dizkio bozkak. Orduan, plataforma digitalen bitartez egiten diren epe laburrerako alokairu turistikoen gorakada gelditzea xede duen konpentsazio neurria onartu zen.
Paueko Auzitegi Administratiboak neurriaren aplikazioa gelditu zuen ekainaren 3an, eta kontra agertzeko eman zituen hiru arrazoiak azaltzen dituzten artikuluaren parteei zehaztapenak gehitu dizkiote larunbat honetan onartutako artikuluan.