INFO

Coruñako banderak Orio eta Urdaibairentzat; Arraun Lagunak eta Donostiarra jarri dira lider

Euskotren Ligan Oriok ez du arazorik izan Coruñako bandera eskuratzeko bezperan pilatutako errentari esker, baina bigarren jardunaldian Arraun Lagunak nagusitu da eta lider ipini da. Eusko Label Ligan Urdaibai izan da azkarrena berriz ere eta nagusitasunez bereganatu du bandera.

Urdaibai jaun eta jabe izan da asteburu honetan Eusko Label Ligan. (EUSKO LABEL LIGA)

Ez da ezustekorik izan Coruñako banderen bigarren jardunaldian eta Oriok zein Urdaibaik bezperan ongi bideratuta utzi zituzten banderak bereganatu dituzte. Hori bai, Euskotren Ligan bigarren jardunaldia Arraun Lagunakek irabazi du eta lider ipini da. Eusko Label Ligan, aldiz, Urdaibai izan da azkarrena gaur ere eta nagusitasun osoz lortu du trapua etxera eramatea, Donostiarrak lidertza berreskuratu duen egunean.

Bandera ez du arriskuan izan Oriok

Euskotren Ligako estropadak eman dio hasiera ikuskizunari Coruñako badian. Donostia Arraun Lagunak hasieratik irten da estropada apurtzen saiatzera, 7.08 segundoko atzerapenari buelta eman behar baitzion bandera lortzeko. Gogotik saiatu dira donostiarrak joaneko luzean, baina Oriok ederki eutsi dio erritmoari eta ziabogan denbora berdina markatu dute: 5:45.

Bigarren eta hirugarren kaletik, elkarren ondoan, lehia ederra izan dute bi traineruek itzulerako luzean ere. Azkar ikusi da donostiarrek ez zutela posible izango bandera lortzea, eta beraz borroka estropada nork irabazi bilakatu da. Tosta pare bat aurretik ibili da ia beti Arraun Lagunak eta amaieran ere horrelaxe izan da: 10:56.50ko denbora markatu dute hiriburukoek eta 1.72 segundo gehiago behar izan dute oriotarrek.

Gaurko garaipenak beste sari gehigarri bat ere izan du, orain Arraun Lagunak ipini delako Euskotren Ligako lider, nahiz eta sailkapen nagusian 14 puntutara berdinduta dauden Oriorekin.

Atzeko lehian ere izan da albistea, denboraldian lehen aldiz Tolosaldeak Donostiarrari aurrea hartzea lortu duelako. Gaur 11:06.02 izan da tolosarren denbora eta 5.16 segundo sartu dizkiote donostiarrei. Sailkapen nagusian Donostiarrak bi puntuko abantaila du, baina azken postua ekiditeko borroka egon daitekeela erakutsi du Tolosaldeak.

V. Bandeira Cidade da Coruña (2)
    1.    Arraun Lagunak    10:56.50        
    2.    Orio                    10:58.22
    3.    Tolosaldea          11:06.02
    4.    Donostiarra         11:11.18

Euskotren Liga - Sailkapen nagusia
    1.    Arraun Lagunak    14 puntu        
    2.    Orio                     14
    3.    Donostiarra            7
    4.    Tolosaldea             5

Urdaibaik bitik bi Coruñan

Eusko Label Ligari dagokionez, Coruñakoa Urdaibairen asteburua izan da hasi eta buka. Bermeotarrek larunbatean lortu zuten ligako lehen garaipena eta gaur errepikatu egin dute bigarren jardunaldian, bandera ziurtatuz eta sailkapen nagusian ere beste gorakada bat sinatuz.

Bezperan gertatu bezalaxe, gaur ere Donostiarra izan da irteera indartsuena egin duena eta berea izan da denborarik onena lehen ziabogan: 5:08, aurkariei hiru segundo sartuz. Baina bigarren luzean, eta hau ere larunbatean gertatu zen, Urdaibaik egoerari buelta eman eta estropadaren burua hartu du. Bandera, beraz, ia ziurtatua zuen "Bouz Bizkaia" ontziak.

Hori bai, gaurko estropadan Donostiarrak bikain eutsi dio Urdaibairen erritmoari eta bizkaitarrek ez dute lortu inoiz estropada apurtzea. Bigarren eta hirugarren ziabogan segundo bakarreko aldea egon da Bermeo eta Donostiarraren artean. Hondarribia ere ez da urrun ibili, eta Orio izan da atzean gelditu dena.

Azken txanpan, Urdaibai sendo agertu da eta ez dio garaipenari ihes egiten utzi. 20:10.88 izan da bermeotarren denbora, Donostiarra 1.82 segundora sartu da eta Hondarribia 4.46ra. Orio, atzerago, laugarren postua ziurtatzera joan da eta lortu du, 13.62 segundora amaitu arren.

Asteburuko emaitzen ondoren, Donostiarra ipini da lider sailkapen nagusian 43 punturekin, baina Urdaibai puntu bakarrera du (42) eta 41 dituzte Oriok nahiz Hondarribiak. Bostgarren dagoen Getariak 29 dituela kontuan izanda, aurten inoiz baino azkarrago geratu da erabakita ligako ohorezko txanda.

Eta gaur ere lan bikaina egin dutenak Kaiku eta Getaria izan dira. Bigarren txandan lehia estu bezain ederra izan dute, eta azkenean Sestaokoek amaitu dute aurretik bi segundo eskasegatik. Haizea indartzen ari zela ikusita, une batez garaipenarekin ere amestuko zuten bizkaitarrek, baina ohorezko txandako ontziek argi erakutsi dute koska bat edo bi gainetik daudela.

VI. Bandeira Cidade da Coruña (2)
    1.    Urdaibai          20:10.88        
    2.    Donostiarra     20:12.70
    3.    Hondarribia     20:15.34
    4.    Orio                20:24.50
    5.    Kaiku             20:25.72
    6.    Getaria          20:27.18
    7.    Zierbena        20:28.02
    8.    Ondarroa       20:32.60
    9.    Santurtzi        20:38.18
    10.    Ares            20:38.50       
    11.    Lekittarra     20:39.70        
    12.    Cabo           20:50.96

Eusko Label Liga - Sailkapen nagusia
    1.    Donostiarra    43 puntu        
    2.    Urdaibai        42
    3.    Orio              41
    4.    Hondarribia    41
    5.    Getaria          29
    6.    Kaiku            24
    7.    Zierbena       23
    8.    Santurtzi       16
    9.    Lekittarra      16
    10.    Ares            13        
    11.    Ondarroa     12  
    12.    Cabo           12

Beste mailak

Hondarribiak egun perfektua sinatu du emakumezkoen ETE Ligan. Gipuzkoarrek irabazi dute Portugaleteko Banderaren bigarren jardunaldia, baina horrez gain bezperan Hibaikarekin izandako atzerapena irauli eta trapua bereganatu dute. Ez hori bakarrik, sailkapen nagusiko lidertza ere bereganatu dute, nahiz eta errenteriarrekin 48 puntutara berdinduta egon.

Hondarribiak 10:53.44ko denborarekin lortu du gaur garaipena. Bigarren Deusto izan da 4.56 segundora eta Hibaika hirugarren 6.76 segundora. Kontuan izan behar da Hibaikak 4.71 segundoko abantaila zeukala larunbatetik.

Gizonezkoen KAE2 Ligan ez da ezustekorik izan eta Lapurdi izan da garaile gaur ere 21:19.81eko denborarekin. Donostiarra B izan da bigarren 3.91 segundora eta Hibaika hirugarren 8.81era.

Portugaleteko Bandera (2)
    1.    Hondarribia    10:53.44        
    2.    Deusto          10:58.00
    3.    Hibaika         11:00.20
    4.    Ondarroa      11:08.55
    5.    Zumaia         11:22.59
    6.    Hernani         11:33.82
    7.    Castro          11:35.06
    8.    Zarautz         11:40.78
    9.    Portugalete    12:15.53

ETE Liga - Sailkapen nagusia
    1.    Hondarribia    48 puntu       
    2.    Hibaika          48
    3.    Deusto          42
    4.    Zumaia         36
    5.    Ondarroa      32
    6.    Zarautz         23
    7.    Hernani         22
    8.    Castro           12
    9.    Portugalete      7