INFO

Herri sanferminen alde eta Udalaren traben aurkako mani-kalejira jendetsua egin dute

Ehunka pertsona bildu dira igande honetan Herri Sanferminak antolatutako manifestazio-kalejiran. Udalaren bazterkeria eta jaien pribatizazioa salatu dute mobilizazio jendetsu eta koloretsu batean, eta mezu argi bat helarazi diote Mayari: «Hemen gaude eta ez goaz bazterrera».

Mani-kalejira, Udaletxe plazan geldialdia egin duten momentuan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ehunka pertsona bildu dira igande honetan Iruñean Udalaren bazterkeria salatu eta sanfermin herrikoiak aldarrikatzeko. Nabarmendu dutenez, ez dute Mayaren udal-gobernuak eskaini zien txokoa onartu eta, beste eragile batzuekin elkarlanean arituta, antolatu duten programazio ibiltaria aldarrikatu dute.

Mobilizazioa O plazatik abiatu da 18.30ean, eta, batuakada batek gidatuta, hiriburuko kaleak zeharkatu dituzte ‘Herri Sanferminak erdigunean’ lemapean. Udaletxe plazara iristean geldialdi bat egin dute, eta txistualdi burrunbatsua eskaini diote Navarra Sumaren Udalari eta «UPN kanpora» zioten oihuekin erantzun du jendeak.

Santa Ana plazan, antolatzaileek nabarmendu dute sanfermin herrikoiak kanporatzen eta ikusezin bihurtzen saiatu direla, Herri Sanferminak Alde Zaharretik eta etorkinen kolektiboak Basotxotik kanporatuz. Halaber, peñei kalean ekitaldiak antolatzeko oztopoak salatu dituzte. «Hala ere, ez dute lortu, sanferminen izaera herrikoia delako berez, sanferminek herriarentzat egiten ditugulako herri mugimenduko talde ezberdinek, peñek, kaleko musikariek, artistek...», azpimarratu dute.

Aldi berean, «sanferminak pribatizatzen» ari direla salatu dute, negozio pribatuaren esku jarriz jaiaren gune nagusiak eta agertoki nagusi bat eskainiz «Iruñeko kultura eta ohituren gainetik globalizatutako musika eta kultura eredu bati». Gazteluko Plazaren aldeko apustu berria adibide garbia da Herri Sanferminakentzat. «Udalaren neurri horiek sanferminen aurkako eraso eta mehatxutzat hartzen ditugu», adierazi dute.

«Ezin dugu ahaztu sanfermin egoera prekarioan ospatzera behartuta ikusten dugula gure burua eta dinamika hau ezin dugula normalizatu», salatu dute. Azaldu dutenez, horregatik deitu dute mani-kalejira, Udalari «mezu argi» bat helarazteko: «Hemen gaude eta ez goaz bazterrera».