INFO

Pisua


Zenbat pisatzen du zure eraikinak, Norman? Halaxe galdetu omen zion Buckminster Fullerrek Norman Foster gazteari, azken honek Sainsbury Centre for Visual Arts eraikina bukatu berri zuenean elkarrekin eraikina bisitatzera joan zirenean.

Fuller ezaguna izan zen diseinatzaile, asmatzaile eta ekologista bezala eta bere diseinuak materialen efizientzian oinarritu ziren batik bat, ahalik eta material gutxienarekin ahalik eta arkitektura zabalenak egitearen erronkan alegia. Zenbat eta arinagoa, are eta hobea. Horrela pentsatu izan da azken garai luze batean, proiektuaren pisu materiala murrizteak egitura jakin horren energia barneratua murrizten zuela. Aldiz, material arin batzuek energia gastu handia behar dute ekoitzi ahal izateko. Altzairuzko eta beirazko egitura arin batek ez du zertan harlandu astunak baino energia gorpuztu gutxiago izan. Bestalde, material arin askoren osagaien material gailurra iristera doa eta agertoki berri baten aurrean jarriko du arkitektura.

Juhani Pallasmaa arkitekto finlandiarra Euskal Herrira etorri zen azken aldian, lagun batek eta biok eraman genuen arkitektoak irrikaz bisitatu nahi zuen Gernika herrira. Bapo bazkaldu ostean Mundakan kafea hartzen aritu ginen arkitekturaz. Pallasmaa, garai hartan, Pritzker sarien epaimahaiburu zen. Garai hartan Asia urrunean bilatzen zituen arkitekturak, Europa eta Amerikaren fokuetatik urrun zeuden eraikuntzen bila. Asia imajinatu eta geure buruak Japoniara bidaiatzen hasi ziren baina ez zen Juhanik kontatzen zigun Asia, hain zuzen ere, arkitektura japoniarrak hartuta zuen bideari uko egin nahi zion Juhanik. Arintasuna eta arkitekturaren ‘argaltasuna’ zentzurik gabekoak iruditzen zitzaizkion. «Pisua behar du izan arkitekturak», zioen, alegia, arkitekturak eskaintzen digun esperientzia nagusietakoa dela pisua.

Arkitekturaren pisua eta honen pertinentzia ezbaian jartzeko ezin hobeto datorkigu Galiziara begirada bat egitea. Espainiako azken Arkitektura Bienalean bi kasu eredugarri ezagutu ahal izan genituen. Carlos Seoane alde batetik eta Carlos Pita Abraham Castrorekin bestetik. Arkitekturaren gai eta alor konplexuagoak eztabaidatzen ziren bitartean, arkitekto galiziarrek pisuaren gaiari eutsi zioten euren hitzetan. Alegia, arkitekturaren lehen printzipioa izan daitekeen grabitatearen jokoa bikain lantzen duten proiektuak ikusi genituen haien azalpenetan. Seoanek azaldu zuen proiektuetako batean, harlandua maneiatzen duten artisauak ageri ziren garabi txiki batetik zorua egingo zuen piezetako bat dantzan jartzen, Seoanek zion bezala, «bailar la piedra hasta encontrar su posición». Egungo eztabaida askoren ertzean kokatzen dira ikuspegi hauek.

Materiaren pisua. Oin azpian sentitzen den sentsazioak lotzen gaitu tokira

Ohikoa dugu gure inguruan egiten diren plaza eta espazio publikoen zoladurak azal fin bat izatea, 3 edo 4 zentimetro lodiera duten baldosak. Galizian, harria lantzeak izan duen tradizioari eutsi diote eta eusten diote oraindik ere. Galizian, zoruek pisu handia dute, oinarri dira. Carlos Pitak Ferroleko Plaza de Armas-en eginiko proiektuan bezala. Arkitektoak dioen bezala, proiektuak diseinutik ihes egiten du leku baten eraikuntza soila proposatzeko. Geometria eta grabitatea soilik, hau da, trazadura eta pisua. Bere aburuz, arkitekturaren lehen lanabesak.

Testua ilustratzen duen proiektuak Carlos Pita eta Abraham Castrok eginiko A Gandareira futbol zelaia erakusten du. Interbentzio honek muturrera darama materialaren pisuaren eta orekaren arteko jokoa eta, hortaz, materialen errendimendua. Hormigoizko elementu prefabrikatu astunek lortzen duten espazioa ez zen inolaz ere bestelako material arin baten bitartez lortuko. Piezak bata bestearen gainean jarri eta toki jakin batzuetan pisua jarriz, oinarrizko joko bat balitz bezala, arkitektura prest agertzen zaigu. Ez du xehetasunik behar, ez du transformazio edo transformismorik behar. Arkitektoaren hitzetan, arkitektura gordina da, xehetasunik gabekoa. Akaberak eraikuntza prozesuaren ondorio dira: «Arquitectura que se despoja de todo para quedarse en lo esencial. Sin resabios, ajena a todo fetichismo. El material se trasforma en constituyente del lugar, la geometría y la gravedad le dan forma». Carlosek atsegin du Richard Serrak grabitatearekin zuen lilura gogora ekartzea. Serraren ustez, pisua egoera fisiko bat da, eta denok gaude horretara kondenatuta grabitatearen indarrez. Bere lanetan altzairuzko edo berunezko xafla astunak zutik mantentzea lortzen du, finkapenik gabe. Horren ondorioz, tentsioz beteta daude, tona bateko puntalean bezala (karta-gaztelua), non berunezko lau xafla bertikalki eusten diren, bata bestearen kontra jarrita, karta-gaztelu bat bezala.

Antzinatik materialaren pisuak garrantzia izan du arkitekturan. Pisuaren oreka eta disposizioak sortu ditu arkitekturaren printzipio oinarrizkoak. Aldiz, material arin eta argalek aldatu dituzte azken hamarkadako arkitekturak egiteko joerak. Garapen erreminta konplexuen posibilismoak eta kapa eta zuntz ugari dituzten eraikinak eragiten dituzte arauek eta tendentziek. Masa eta pisudun arkitekturek eskaintzen duten errendimendua agian oraindik kalkulaezina da. Gazteleraz ‘quedarse de piedra’, euskaraz ‘zur eta lur’. Harriak, zurak eta lurrak txundituko ote gaituzte berriz ere.