Kirol eta kultura arloko aurpegi ezagunak, suteen ondorioei aurre egiteko kanpainarekin bat
Euskal Herriko kultura eta kirol arloko pertsona ezagunek bat egin dute Nafarroako suteek eragindako kalteei aurre egiteko Errigoraren kanpainarekin. Herritarrei zein era guztietako talde, elkarte eta enpresei ere dei egin diete diru bilketan haien alea jar dezaten.
Jagoba Arrasatek, Nerea Urbizuk, Iñaki Perurenak, Jose Mari Esparzak eta Paul Bilbaok agerraldia egin dute astearte honetan Iruñean, Nafarroan izan ziren sute larrien ondorioei aurre egiteko abian jarritako kanpainari babesa adierazteko.
Aipatutakoak kirol eta kultura arlotik jasotako atxikimenduen lagin txiki bat baino ez dira, honakoek ere bat egin baitute deiarekin: Ainhoa Tirapu, Aiora Renteria, Aitziber Garmendia, Amets Arzallus, Anari, Arantza Santesteban, Aritz Ganboa, Erika Lagoma, Estitxu Arozena, Estitxu Pinatxo, Fermin Muguruza, Fernando Goñi, Gorka Izagirre, Hedoi Etxarte, Idurre Eskisabel, Itziar Ituño, Juan Martinez de Irujo, Julen Zelaieta, Karmele Jaio, Lorea Agirre Maialen Lujanbio, Maindi Murua, Mikel Alzuart, Mikel Taberna, Oinatz Bengoetxea Patxi Eugi, Peio Martinez de Eulate, Petti, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina, Toti Martinez de Lezea, Unai Iturriaga, Unai Laso, Xumai Murua eta Zuriñe Hidalgo.
Aurtengo ekainean Nafarroan gertatu ziren suteek 15.000 hektarea inguru erre zituzten. Galera izugarria izan zen, baina txarrenean ere, herritarren auzolanerako borondatea berriz ere agertu zen. Bide horretan, Errigora herri ekimenak diru bilketa jarri du martxan, uztailaren 15era arte, lurra beste modu batera kudeatuko duten proiektuak sustatzeko eta halako neurriko suterik errepika ez dadin. ‘Lurra, sua, ura, herria’, hori da kanpainari eman zaion leloa.
Gauzak horrela, Euskal Herriko kultura eta kirol arloko aurpegi ezagunek bat egin dute iniziatibarekin eta herritarrei zein era guztietako talde, elkarte eta enpresei haien alea jar dezaten diru bilketan, «nork bere aukeren neurrian».
«Gu ere bagara herria, baina beste hainbat herritarrek ez bezala, badugu mikrofonoei hitz egiteko aukera. Aukera hori erantzukizuna ere badela ulertuta, kultura eta kirol-arloko hainbat lagunek bat egin dugu Errigoraren kanpainarekin. Garrantzitsua da aldekotasuna agertzea, partekatzea edo sare sozialetan atsegitea, baina kanpaina honekin bat egiteko modua diru-ekarpena egitea da. Badakigu suteen aurkako behin betiko konponbidea ez dela etorriko norbanakoek borondatez egindako ekarpenen bidez, baina herritarrek pausu sendoak ematea eta proiektu eredugarriak martxan jartzea izango da berme eraginkorrena erakundeek erantzukizunez jokatzeko eta beharrezko diren neurriak hartzeko», adierazi dute ohar baten bitartez.