INFO

Kontseilua eta Behatokia: Gobernu nafarrak euskaldunak «zokoratzeko» prestatu du Dekretu berria

Kontseiluak eta Behatokiak salatu dute Nafarroako Gobernuak hizkuntza merezimenduei buruz aurkeztu duen Dekretu berria «onartezina» dela, ez baitakar aldaketarik aurrekoarekiko eta ez baititu «herritarren eskubideak ardatz».

Nafarroako Gobernuaren proposamen berria aztertzeko prentsaurrekoa eman dute Kontseiluak eta Behatokiak. (KONTSEILUA)

Nafarroako Gobernuak administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko merezimenduei buruzko Dekretu berria aztertu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta ohartarazi ez duela aldaketa nabarmenik aurrekoarekiko. «Onartezina» iruditu zaie, hurrengo urteetan ere, milaka herritarrek ezingo dutelako euskarazko hizkuntza-hauturik egin.

«Moldaketa txikiren bat egin dute, baina ez dute inondik inora herritarren eskubideak ardatz izango dituen dekretua aurkeztu», adierazi du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Bilbaoren ustez, «larria» da «bere burua aurrerakoitzat duen Gobernu batek euskararen edota euskaldunen kontrako politika bortitzak garatzen zituztenean baino neurri atzerakoiagoak hartzea»: «Esaterako, lehen ez bezala, orain lanpostu guztietan ez da kontuan hartuko euskararen ezagutza. Edota, Auzitegiak atzera bota ez zituen artikuluak desagerrarazi ditu Gobernuak».

Salatu du Gobernu nafarrak euskaldunak «zokoratzeko» helburuz prestatu duela Dekretua.

Horrekin batera Bilbaok gogoratu du egun lanpostuen %97k ez dutela euskararen derrigorrezko ezagutzarik ezarrita: «Baldintza oso makurretatik abiatzen gara, eta Dekretuak ez dio erantzuten gizartearen beharrari», adierazi du.

Herritarrei entzungor

Agurne Gaubeka Behartokiko zuzendariak gogoratu du maiatzaren 7an milaka herritarrek Iruñeko kaleak hartu zituztela, eta Gobernuari eskatu ziotela herritar guztien eskubidea bermatuko zuen dekretua jorratzeko.

«Are gehiago, Nafarroako Gobernuko erregistroan 1.700 herritarren eskaera sartu genituen, eta Gobernuak entzungor egin dio, bai herritarren aldarriari, bai eta herritarren eskaera zuzenari ere. Ez dago eskubiderik», adierazi du.

Gaubekaren arabera, Dekretu honek ez du bermatuko, ezta ahalbidetuko ere herritarrek administrazio publikoko zerbitzuetan euskara erabili ahal izatea. «Hurrengo urteetan ere, milaka herritarrek ezingo dute euskarazko hizkuntza-hauturik egin, eta administrazioak euskara eroso erabiltzeko aukera ukatuko die», salatu du.