INFO

90eko hamarkadan pedalkadaka bidea ireki zuten emakumeak

Txirrindularitzan lehenengoz aritu ziren kirolari haiek ez zeukaten aitzindari izatearen kontzientziarik, zaletasuna eta pasioa zeukaten, eta baita emakumea eta kirolaria izatearen miseriak sufritzeko gaitasun puska bat ere.

Ainhoa Artolazabal, Arantxa Orbegozo «Txitxi», Ainhoa Ostolaza, Nekane Artolazabal eta Josune Gorostidi. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aitzindari izan ziren, baina ez zekiten. Bidea egiten hasi zirelako elkartu ziren mende laurden geroago. Ainhoa Ostolaza, Nekane eta Ainhoa Artolazabal ahizpak, Arantxa Orbegozo Txitxi eta Josune Gorostidi astebeteko bizikleta bidaian murgilduko dira bihar, Portugalgo Coimbratik Galiziako Bayonaraino. Alboan izanen dute Pablo Dendaluze dokumental egilea, bizitzen dutena bildu eta erakusteko asmoz. Duela 30 urteko pasadizoak gaurkotu eta iraganak irents ez ditzan.

Ainhoa Ostolazak brontzezko domina lortu zuen Moskuko Pistako Munduko Junior Txapelketan (Urnieta, 1973). 15 urte bakarrik zituen. Ainhoa Artolazabalek Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin 1992an, eta hainbat Tour eta Giro bukatu zituen (Tolosa, 1972). Arantxa Orbegozo Txitxik bide laburra egin zuen bizikleta gainean (Tolosa, 1962), bi urte baino ez, sufritzea ez zuelako gustuko. Urteak egin zituen Espainiako selekzioko masajista lanean, ondoren, eta bidaia lagun izango dituen guztien amatxotzat du bere burua.

1990eko hamarkada hartako lorpen eta bizipenak ezezagunak dira erabat egungo jendartean. Jendeak ez daki emakume talde horrek garai hartan txirrindularitzan egin zuen bidea, pasatu zituzten miseriak eta pozak. Protagonista izan zirenak ere ez ziren jabetu egin zutenaz. Berriro elkartzen hasi eta garai haietako anekdotak gogoratzen hasi ziren arte, behintzat: «Garai hartaz daukadan oroitzapena bakardadea da, bakardade handia. Ordu asko entrenatzen, bidaietan, eta ia beti mutilak inguruan. 10-12 laguneko taldetan 10 edo 11 mutil. Bitartekorik ez geneukan apenas, eta egoera gaiztoak, ezin ikusiak, jazarpen kasuak, emakumeak izatearen egoera nola kudeatu behar zen jakin gabe», dio Ostolazak.

Artolazabalena azalpen xehatuagoa da: «16-17 urterekin bizikletan ibiltzeko maila baneukala jabetu nintzen. Maillot eta kulot motza, eta bizikleta, ez geneukan beste ezer. Ez bizikleta berezirik, ez mekanikaririk, ez soldatarik...». Galdera erraza da. Nolatan, bada, irautea, halako gabeziekin? Artolazabal: «Pasioak mugitzen gintuen, txirrindulari jarduna ez zen ofizio bat guretzat, jolas baten parekoa baizik. Hori bai, entrenamenduak profesionalak bagina bezalakoak ziren!».

Bartzelonako Olinpiar Jokoen atarian entrenatzaile errusiar baten aginduetara prestatzen zirela gogoratu du tolosarrak. Honatx, egunero egiten zutena: «Lau lan saio. Gosaldu aurretik arrabola, gosaldu ondoren 100 edo 150 kilometroko saioa, tokatzen zena. Bazkalostean gimnasioa, eta afaldu ondoren igerilekuan ordu erdi, buruko indarra handitzeko, ez genuela etsiko sinisteko». Latza!

Arantxa Orbegozo Txitxik jario handia dauka. 1990eko hamarkadara egin du jauzi azkar: «Carolina Sagarmendi izan zen aitzindaria. Ondoren etorri ginen Amaia Elosegi, Josune Gorostidi, Dina Bilbao zena eta ni. Patxi Panadero Danena elkarteko presidenteak enkarguak egitera bizikletan joaten ginela zekien, eta Peli Egañarekin batera emakumeen talde bat sortu zuen. Bizikletak mundua ezagutzeko aukera eman zigun, jendea ezagutzeko aukera». Orbean bi urte egin zituen, eta ondoren Espainiako selekzioko masajista izan zen. «Masajista, psikologoa, ama, laguntzaile, dena…».

Zintzo dio pribilegiatu hutsa izan zela hasiera haietan: «Masajista jardunean tokia ziurtatua nuen, eta gainera soldata ematen zidaten, 5.000 pezeta eguneko. Ziklistek ez zuten ezer jasotzen, eta sufritu, aldiz, asko. Gizonezkoek afizioa eta ofizioa zuten. Emakumeek pasioa baino ez. Sakrifizio asko egin zituzten, txirrindulari izateko borrokan: bikoteko bizitza, amatasuna atzeratu behar…».

Mutilen munduan

Garai hartan eurak ziren arraroak txirrindularitzan, emakumeak. Esaldi itsusi eta jarrera zatar asko ezagutu zituzten. Ostolaza: «Mutilekin batera lehiatzen nintzen, eta ez nion garrantzirik eman, marimutil samarra izan nintzelako gaztetatik. Etxean amak erabateko babesa eman zidan, aitak ez hainbeste». Josetxo Sansinenea izan zen bere entrenatzailea. Bere laguntza eta babesa funtsezkoak izan zirela aitortzen du urnietarrak, baina 90eko hamarkada hasieran txirrindularitzan emakumeekin nahiko hizkuntza gogorra erabiltzen zela onartzen du: «Gaur egun onartuko ez zena, ziur aski. Ohikoak ziren ‘sukaldera joan zaitez, hau ez da zuretzako’, eta antzeko esaldiak. Guk, garai hartan, ez genion garrantzirik ematen».

Espainiako selekzioarekin parte hartzen hasi zenean sentitu zuen gordinen Artolazabalek neska eta mutilen arteko arrakala: «Haiek txuleta jaten zuten, guk ogi arraiatuan pasatutako xerra. Tourrean ere putetxe batean eman ziguten ostatu Marseillan, eta beste egun batean militarren barrakoi batzuetan…». Denetarik esaten omen zieten: «hankak itsustuko zaizkizue», adibidez. «Gurasoei ere epelak esaten zizkieten, ea nolatan uzten ziguten emakumeoi bizikletan ibiltzen. Urte haietan bazen matxismoa, baina bizikleta jolas bat zen guretzat, ez zen arazo bat izan».

Txitxik ere onartzen du seinalatuak zirela bizikletan ibiltzen zirelako, «baina ahaldunduta sentitzen ginen ingurukoek esaten zutena kontuan ez hartzeko. Esaten ziguten: ‘Nola egiten duzue bizikletan mutilak bezala ibiltzeko?’. Gu inoiz ez ginen mutilak baino gutxiago sentitu, gurea egiten genuen. Haiek ahal bazuten, guk ere bai. Gizonak Laponiara zeropeko 40 gradu zeudela joateko gai baziren, emakumeok ere bai. Olatu handiak haientzat eta guretzat ziren, berdinak. Naturak ez dauka generorik», dio harro.

Ezezko biribilarekin erantzuten du garai hartan txirrindulari izateko hautua iraultza baten antzeko zerbait izan ote zen galdetzen zaionean: «Inola ere ez. Naturaltasun osoz egin genuen zerbait izan zen. Nahi genuena, nahi genuenarekin eta nahi genuen moduan. Kito». Gertuko gizonek ez zieten tratu berezirik eman, baina txirrindularitza munduan zeudenen erreakzioa bestelakoa izan zen. «Ezagunak ziren profesional asko epelak botatakoak dira: ‘ez dakit zer baino txarragoak zarete’ edo ‘ipurtaundi halakoak’. Guk barre egiten genuen, eta ‘zuek bezala profesionalak izan eta dena eskura izango bagenu zuen mailan egoteko aukera izango genuen’, erantzun. Zenbait gurasok euren mutikoei ‘neskak irabazten badizu etxera bizikletan bueltatuko zara!’ eta antzekoak esaten zizkieten, pentsa!».

Kirol bizitza laburra

Arrazoi bategatik edo besteagatik, “Aitzindariak” dokumentaleko protagonistek bizitza laburra egin zuten txirrindularitzan. Ostolazak 21 urterekin utzi zuen bizikleta: «Oso gazte. Munduko Pista Txapelketa korritu nuen, seigarrena, baina ordurako batere ilusiorik gabe ari nintzen. 600.000 pezeta ematen zizkiguten urteko, kirol beka bat, baina horrekin irautea zaila zen. Mutil laguna ezagutu nuen Bartzelonan, ostalaritzan murgildu nintzen pixkanaka, eta azkar seme-alabak izan nituen. Sei urteko epe hura zoragarria izan zen, dena zen polita orduan, eta gustura zaudenean ez duzu gauza txarrik ikusten».

Erretiratu aurretik kolpe latzen bat hartua zen Ostolaza, Bartzelonako Olinpiar Jokoetatik kanpo utzi baitzuten 1991ko abenduan, «olinpiar diploma ez genuelako ziurtatzen… Hura kolpe handia izan zen, ez zegoen psikologorik, egun bezala. Erdiz erdi hautsi ninduten».

Hilabete batzuk geroago esan zion agur bizikletari Artolazabalek: «Atlantako Jokoetako deialditik at utzi ninduten azken orduan, 1996an, eta motibazioa galdu nuen». Bizikleta munduan jarraitu zuen, Euskadiko selekzioko hautatzaile, eta bi urte Espainiako hautatzaile (1998-2000), «emakumeen txirrindularitza hobetzen saiatzeko. Oso erreta bukatu nuen, frontoi baten kontra aritzea bezala baitzen». Ondoren Gorputz Hezkuntzako irakasle hasi zen Tolosako Laskorain ikastolan, eta gaur arte. Azken urteetan azpiegitura aldetik pausoak eman direla dio, «baina bertako eta nazioarteko mailaren artean jauzi handia dago oraindik. Goren mailan soldata bat kobratzen dute, baina Euskal Herriko taldeetan ari direnak musu truk ari dira. Asko dago egiteko. Emakume batek ezin du bizikletatik bizi, oraindik, eta hori lortu arte ezingo dugu esan egoera ona dela».

Ezustekoz betetako itzulera

Urteak pasatu ziren, eta halako batean Whatsapp talde bat sortu zen. 2018a zen. Norbaitek beste bati galdetu omen zion: «Zergatik ez gara elkartzen bizikletan ibili ginen lagun haiek?». Behin elkartu ziren, eta segida eman. Hileko azken asteartetan egiten dute hitzordua Tolosan. «Hiruzpalau urte izango dira elkartzen hasi ginela, eta juntadizo bakoitzean anekdota piloa sortzen zen solasaldian. Txapelketa hau, bidaia hura…», dio Ostolazak. Halako batean, proposamen ero bat: bidaia bat bizikletan elkarrekin. Artolazabalek Portugalgo Coimbratik Galiziako Baionaraino joatea proposatu zuen, txantxetan, «Baionan mariskoa jan eta parranda egiteko aitzakiarekin». Txantxa hura errealitate bihurtuko da bihar.

Eztabaida dezente izan dituzte azken hilabeteetan bidaiaren antolakuntzan. Txitxik hondartzetan lo egiteko aukeraren alde egin du, Ostolazak hotelak nahiago… Baina harmonia onean beti. Iraganeko momentuak gogoratuz gozatzea baitute asmo. «30 urte geroago jabetu gara bidea ireki genuela. Gure ondoren Joane Somarriba iritsi zen, Giroak, Tourrak irabazitako emakume txirrindularia. Leire Olaberriak ere berarentzat inspirazio iturri izan ginela esan zuen, bera txirrindularia bada guri esker dela. Oilo ipurdia jartzen zait hori entzutean», dio Txitxik, lotsatu antzean. Segovian, Espainian, Pedro Delgado txirrindulari ohiari egiten dioten omenaldian Valentziako neska gazteek aho bete hortz utzi zituzten Txitxi eta lagunak. 80ko eta 90eko hamarkadatan egin zuten bidearen xehetasun guztiak bota zizkieten. «Jota geratu ginen, gure inguruan halako kasurik ez baitugu sumatu».

Euren esperientzia, bizipenak zabaltzen saiatu behar luketela hausnartu zuten elkartu ziren batean, eta halako batean Pablo Dendaluze dokumental egilearengana iritsi zen txirrindulari ohien asmoa.

Mendifilm lehiaketako “Black Ice” pelikula elkarrekin ikusi zuten Dendaluzek eta txirrindulari ohi batzuek (arrazismoa eta izotz eskalada lotzen dituen kontakizuna). Ideien makina martxan jarri eta “Aitzindariak” ekimena sortu da: «Emaztea ere txirrindularia izan zen, ezagutzen ditut taldeko kide gehienak. Egin zutenaren lekukotza bildu eta erakutsi nahi nuke, bidaian eta hainbat elkarrizketarekin. Ainhoa Ostolaza, Ainhoa Artolazabal, Nekane Artolazabal, Arantxa Orbegozo, Josune Gorostidi, Dori Ruano, Esperanza Neira eta Nuria Florencio dira protagonistak. Zazpi lagun. Euren bidea ahanzturan ez geratzeko bitarteko bat jartzea da nire asmoa».

Protagonistei kosta egin zitzaien Dendaluze bidaian une oro ondoan izango zutela onartzea, aldez aurretik hainbat elkarrizketa grabatu behar izatea, baina «gure iraganeko pasadizo haiek mahai gainean jartzea pauso polita da», aitortu du Txitxik.

«Guk egin bagenuen, oraingo emakumeek ere egin dezaketela zabaldu nahi nuke. Igual norbait inspiratu dezakegu etorkizunean, ispilu izan gaitezke. Hala bada, konforme».