INFO

Bi urteren ostean alkateak teila bota du Izaron: «Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak!»

Bermeo, Elantxobe, Mundaka eta Ibarrangeluko bizilagunek Madalen Eguna ospatu dute ostiral honetan. Eguerdian Aritz Abaroa alkateak, ohikoa den legez, teila jaurti du Izaro uhartearen ondoan Bermeoko mugak berresteko: «Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak!».

Bermeoko alkateak teila bota du Izaro uhartearen ondoan, herriaren mugak berretsiz. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bi urte luzeren ostean Madalen Eguna normaltasunez ospatzeko unea iritsi da ostiral honetan. Une hunkigarriena eguerdian bizi izan da Izaro uharteko ipar-ekialdean. Bertan Bermeoko Udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasotzea egin du eta Aritz Abaroa alkateak, ohikoa den legez, teila jaurti du «honaino heltzen dira Bermeoko ituginak» esaldia ozen esanez eta, honela, Bermeoren mugak berretsiz.

Bermeko Udalak astelehenean iragarri zuen bezala, teila berezia zen, sinbolismoz betea. Izan ere, Bermeoko Frantziskotarren komentuko teila bat aukeratu da mugak berresteko. 1422ko otsailaren 27an, Bermeoko Kontzejuak Izaroko lurrak eman zizkion Fray Martin de Arteagari bertan frantziskotarren komentu bat sortzeko, eta Bermeok jurisdikzio zibila eta judiziala beretzat gorde zituen. Urte horretan bertan lehen frantziskotar ‘obserbanteak’ Izaron finkatu ziren.

«Ez dira 600 urte betetzen urtero, eta Izaro eta bere komentua esanahi eta sinbolismoz beteriko ondarea dira bermeotarrentzat. Madalena eguneko tradizioaren testuinguruan, Bermeoko historian hain esanguratsuak izan diren frantziskotarrak omendu nahi izan ditugu gaur goizean», nabarmendu du Abaroak.

Madalen Egunaren ekitaldiak 10.45ean hasi dira. Udalbatza Goiko Plazan elkartu da alkate soinua entzuteko. Ondoren, Goizeko 11.00etan alkateak eta udal zinegotziek Bermeoko Santa Eufemiako elizan geldialdia egin dute. Meza amaitu ondoren, udalbatza berriz ere eratu ostean, segizioari berriz hasiera eman zaio eta porturako bidea hartuko dute Kankinkabara txistu taldearekin kalejiran. Txistulariek Madalen Eguneko zortzikoa jo dute bidean doazela, eta 12.00ak aldera itsasoratu dira Izarora gerturatzeko.

Teila bota ostean, Elantxoben geldialdia egin dute. Patxi Egurrola alkateak aginte-makila eman dio Aritz Abaroa Bermeoko alkateari. Udalbatza arratsaldeko 20.00ak aldera iritsiko da berriz Goiko Plazara eta, bertan, ikurrina eta herriko bandera jaso eta dantzaldian parte hartuko du.