Hondarribiak garaipena eta Eusko Label Ligako lidertza eskuratu ditu Sestaoko uretan
«Ama Guadalupekoa» ontzia 580 metroren faltan lider jarri da. Azken luze horretan lehenengo kalera joan den bitartean, Urdaibai laugarrenera abiatu da eta azken unera arte ez da garailea erabaki. Donostiarra hirugarren izan da eta puntutan berdinduta daude lidertzan.
Eusko Label Ligak lider berria du larunbat honetan Sestaon jokatutako estropada ostean. Hondarribiak sailkapen nagusiko lehen postua kendu dio Donostiarrari, gaur hirugarren, nahiz eta puntu berdinak (76) eta garaipen berberak (2) izan bi ontziek. Igande honetan Santurtzin egingo den probak gauzak gehiago argitu litzake.
Ohorezko txanda: Urdaibai, ondo; Hondarribia, bikain
Hirugarren kalea ondo etorri zaio Urdaibairi lehen luzean. Biraketan azkarrena izan da, aurreko txandan Kaikuk egindako denbora onena segundo bakar batengatik hobetuz. Atzetik Hondarribia, bi segundora, Donostiarra liderra, hiru segundora, eta Orio, sei segundora, iritsi dira maniobrara.
Baina bigarren luzean "Ama Guadalupekoa" ontziak, bigarren kaletik, aurre hartu die Bermeokoei zenbait momentutan, eta bien arteko lehia argi ikusi da. Donostiarra ez zetorren oso urruti, 4 segundora, baina ezin izan ditu olatu eta palada onak hartu hor aurrean ipintzeko.
Bigarren biraketan Hondarribia izan da azkarrena eta bera eta Donostiarra artean Urdaibai jarraitzea ondo etortzen zitzaien berdeei, sailkapen nagusian lider jartzeko aukera bikaina baitzen.
Baina hirugarren luzean asko gerturatu dira elkarren artean bigarren eta hirugarren kaleetatik. Urdaibaik bazekien estropada apurtu behar zuela momentu honetan, gero azken luzean arazoak ez izateko, baina "Ama Guadalupekoa" traineruak ondo eutsi dio. Azken biraketan bi segundo gehiago behar izan dituzte gipuzkoarrek, baina 580 metroren faltan lider jarri da Hondarribia eta lehenengo kalera joan den bitartean, Urdaibai laugarrenenera abiatu da.
Emozioa azken unera arte mantendu da, baina garaipena eta lidertza Hondarribiarentzat izan da, Donostiarra hirugarren izan baita. Nahiz eta puntutan eta garaipenetan berdinduta egon, "Ama Guadalupekoa" lehenengo postuan jarriko da azken garaipena berea izan delako.
2. txanda: Zierbena, 2 ehunenengatik Kaikuri irabazita
Hasi eta berehala Zierbena eta Getaria asko gerturatu dira elkarren artean lehenengo eta bigarren kaleetan. Uretako epailea adi-adi egon behar izan du momentu horretan, baina ez da ezer gertatu. Eta ez da gertatu den aldi bakarra izan!
Lehenengo luze horretan bi ontzi horiek eta Kaiku aritu dira lidergoan eta Lekittarra segituan geratu da atzean. Hala, lehenengo ziabogan Kaiku izan da azkarrena, Zierbenari 3 segundo ateraz eta Getariari 4.
Bigarrenean Zierbena nagusitu da, Kaiku eta Getariari segundo bat ateraz, baina hurrengo luzean Zierbena eta Getaria pega-pega eginda aritu dira, epailea oso gertu zela, eta egoera hau aprobetxatu du Kaikuk lehen postua berreskuratzeko. Lau segundoko aldea atera die aurkariei hirugarren biraketan, azken luzean abantaila on batekin aritu ahal izateko.
Baina Jose Luis Kortarenek ezin izan dute abantaila mantendu. Erruduna? Zierbena bikain bat izan da, azken unean irabazi baitio bi ehuneneko (0.02) abantaila txiki batekin. Hala, Borja Gomez patroiak gidatutako ontzia txandako garailea izan da, ordurako egindako denboren artean onena eginda. Atzetik Kaiku, Getaria (+2) eta Lekittarra (+27) helmugaratu dira.
1. txanda: Cabo nagusi
Aurreko larunbateko gertakaria –abordaia egin zuten Aresekin eta punturik gabe geratu ziren– alde batera utzi eta goraka joan nahi duela erakutsi du Cabok lehenengo txandan. Lehenengo ziabogatik nabarmendu da talde galiziarra eta atzeko ontziek postuak alderatu dituzte estropada aurrera joan ahala.
Hala, Ares bigarren izan da lehenengo biraketan, baina bigarrenean laugarren postura jaitsi da, Santurtzik bigarrena eta Ondarroak hirugarrena eskuratu baitute. Hirugarrenean, aldiz, Ondarroa jaitsi da azken postura eta azken luzean hirugarrena eskuratu du.
Ondarrutarrek ondo aprobetxatu zuten sailkapen nagusian aurreko asteburuan Cabok eta Aresek jasotako zigorra, baina gaurkoan ezin izan du beheko postu horiek urruntzeko helburua biribildu. Egia da azkenean Aresen aurretik sailkatu direla, baina Cabok hiru puntu gehiago eskuratu ditu.
Azken luzean Santurtzi Caboren atzean ipini da, galiziarrek uzten zuten ura garbiagoa zelako eta hobeto aprobetxatzeko, baina galiziarrek ez dute lehen postu hori galdu.
SESTAOKO UDALAREN XXI. BANDERA
1. Hondarribia 19:28.48
2. Urdaibai 19:29.18
3. Donostiarra 19:45.78
4. Orio 19:56.88
5. Zierbena 19:58.72
6. Kaiku 19:58.74
7. Cabo 19:59:58
8. Getaria 20:00.74
9. Santurtzi 20:06.88
10. Ondarroa 20:10.48
11. Ares 20:15.42
12. Lekittarra 20:26.18
EUSKO LABEL - SAILKAPEN NAGUSIA
1. Hondarribia 76 puntu
2. Donostiarra 76
3. Urdaibai 72
4. Orio 69
5. Getaria 46
6. Kaiku 45
7. Zierbena 45
8. Lekittarra 28
9. Santurtzi 27
10. Ondarroa 22
11. Cabo 19
12. Ares 18