Errusiak 32,9 milioi dolarreko isuna ezarri dio Googleri, nagusitasunezko posizioagatik
Errusiako Monopolioaren Aurkako Zerbitzu Federalak (SFA) 2.000 milioi errubloko (32,9 milioi dolar inguru) ezarri dio Google LLC. konpainiari, Youtube bideo plataformako zerbitzuen merkatuan nagusitasunezko posizioa gehiegikeriaz erabiltzeagatik.
Errusiako Monopolioaren Aurkako Zerbitzu Federalak (SFA) 2.000 milioi errubloko (32,9 milioi dolar, 32,5 milioi euro inguru) isuna ezarri dio astearte honetan Google LLC, multinazionalari, Youtube bideo plataformako zerbitzuen merkatuan nagusitasunezko posizioa gehiegikeriaz erabiltzeagatik.
Google LLC.k bi hilabeteko epean ordaindu beharko du isuna, SFAk ohar batean jakinarazi duenez.
Googleren ekintzek, gaineratu du Errusiako arautzaileak, «bat-bateko blokeoak eta erabiltzaileen kontuak azalpenik gabe ezabatzea» dakarte.
«Errusiako SFAk ebatzi du jokabide horrek erabiltzaileen interesak urratzen dituela eta antzeko merkatuetako lehia ere murrizten duela», dio errusiar zerbitzuaren oharrak.
Googleren aurka irekitako auzia Interneteko Teknologia Zentro Publikoak (ROTsIT, errusieraz) aurkeztutako salaketa baten ondorio izan zen. Errusiako gobernuz kanpoko erakundea da hori eta Interneteko erabiltzaileak biltzen ditu.
Twitch plataformari espediente eskaera
Hilabete honetan, ROTsITek eskatu zion monopolioaren aurkako erregulatzaileari espediente bat irekitzeko Twitch zuzeneko bideoen plataformaren aurka, erabiltzaile errusiarrak blokeatzeagatik. Horrek kalte ekonomikoa eragin ziela argudiatzen du.