Mañukorta bakarra zen
Gregorio Larrañaga ‘Mañukorta’ Markinan bizi zela genekien eta gurpildun aulki batean mugitzen zela eta ‘bolonbiana’ batek zaintzen zuela ere bai, eta askoz gehiagorik ez. Orain ‘Bertsolari’ aldizkaria daramatenekin komentatzera iritsi ginen, kontu zaharrak berritu eta berriak kontatze aldera, berarekin hitz aspertu bat egitea ederra litzatekeela, baina ez genuen pausorik eman.
1991n ‘Bertsolari’ kaleratu genuenean, ez genuen zalantzarik izan eta lehen zenbakiko azala eskaini genion, eta bere jaiotetxean, Mañukortako atarian, bizarra egiten jarri genuen, nolabait bere intimitatera gerturatu nahirik edo.
Eta zalantzarik ez genuen izan, 90eko hamarkada bukaeran euskal plazetako izarretako bat baitzen Gregorio Larrañaga, ‘Jainkomendiko Mutila’. Ia hamarkada batez bera izan zen plazarik gehien egiten zituen bertsolaria. 90eko hamarkadaren hasierako boom famatuaren erdian, berrikuntzaren olatuak gandor eta guzti zetozenean eta ETBko programak sekulako audientziak zituenean, harrigarria egiten zitzaigun bera bezalako bertsolari klasiko batek zuen arrakasta. Eta saio pila hori Berriatuko Cicauchon errelebotan lan eginez burutzen zuen.
Arrakasta horren arrazoia bere izaera berezia zen, bere marka pertsonala, bere pertsonaiari ateratzen zion zukua, bere umore baldar samarra eta jendearekikoa egiteko zituen dohainak.
«Nereak ez du esplikaziorik, Mañu fenomeno bat da, kito!», esan zigun orain 31 urteko elkarrizketa hartan. Berak bazekien bertsotan bazirela bera baino hobeak, baina bazekien halaber jendearekikoa egiten onenen pare zela eta horregatik deitzen zioten erromeria giroko saioetara bereziki, adineko jendearekin dantzan hasi ohi zelako, panderoa jotzen bazekielako, puntua jarri edo erantzuten ez zelako aspertzen.
Aspaldiko kontuak dira horiek. Gu elkarrizketa egitera joan gintzaizkionean enpresako azterketa medikoak egin berria zen eta analisi guztietan negatibo emana zuen, ez zuen ez kolesterolik, ez azido urikorik eta ez antzekorik, eta horren arrazoia Mañukortako urari botatzen zion.
Hogei urte geroago, aldizkariak urtemuga hori ospatzen zuela-eta, Mañu eta Fredi Paia elkartu genituen Morgako jatetxe batean eta behialako azala gogoan elkarri bizarra egiteko xaboia emanez atera genituen argazki batzuk. Ameriketan egin zituen urteak ekarri zituen gogora Mañukortak. «65 kilorekin joan nintzen eta 125ekin etorri», esan zuen.
57 urterekin jubilatu zen eta han geundenok baino soldata hobea kobratzen zuela esan zigun eta apustu egingo nuke hala zela. Berrehun saio inguru egitera iritsitako urteak bukatuak ziren, baina gordina zegoen, bere burua zaintzen zuen eta jarraitu egiten zuen saioak egiten.
Geroztik ez genuen bere berririk. Pitin bat hondaturik zebilela entzun genuen eta gurpildun aulki batean ibili beharra ez zela oso seinale ona pentsatu genuen. 78 urterekin joan da eta bere bekainen mugimenduekin, bere kantaera bereziarekin eta bere umore baldar samarrarekin gozatu genuenok ez dugu ahaztuko bizi garen artean.