INFO

Gune eta eskaintza zabalagoarekin dator uda sasoiko Hatortxu berritua

Azken bi neguetan presoen senideek ez dute Hatortxuren ekarpenik izan, ezta pandemia aitzinetik egiten ziren bertze ekimenen babesik ere. Laguntza premia handia da eta hori izan da jaialdia udan egiteko arrazoia. Muntaketako azken ukituekin ari dira Atarrabian, eta prest dira jendetza hartzeko.

Hasiak dira dagoeneko Hatortxu prestatzeko lanak. (Jagoba MANTEROLA)

Lau hanka dituen mahai batekin konpara daiteke Hatortxu Rock: urte osoan lanean ibili den antolakuntza da oinarri bat; asteburuan txandak beteko dituzten 1.500 boluntarioek osatuko dute bertzea. Ezinbertzekoak dira biak, parrandara joanen diren milaka pertsonak eta kontzertuak eskainiko dituzten musikariak bezala.

Antolatzaileek artista horien ahalegina nabarmendu dute, «orain inoiz baino gehiago». Izan ere, neguan ez dago bertze jaialdirik Hatortxuren datan. Aldiz, uda sasoi honetan jaialdi ugari dago hemendik nahiko hurbil. «Hori arazo bat izan zitekeen, baina ez da, ahalegin ekonomiko bat egiten dutelako taldeek hemen egoteko, beste jaialdi batean kobratuko luketeena, gurean baino gehiago, kobratzeari utziz».

31 taldek parte hartuko dute bihar eta etzi Atarrabiako elkartasun jaialdian. Tartean dira Huntza, Gatibu, Deskontrol, Zoo, Brigade Loco, Delirium Tremens eta Zetak. Online sarrerak agortu diren arren, leihatilan egun baterako edo bietarako txartel gehiago jarriko dituzte salgai eta joatera animatu dute. Autobusak antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat txokotatik.

 

NAIZ GUNEA
Hatortxurekin elkarlanean NAIZ Gune eder bat prestatu du hedabide honek, zuhaitz eta belardiz osatua.

 

Egun baten ordez bi izatea eta karparik gabeko eremu zabala eskaintzea dira jaialdiaren berritasunak.

Ez dute espero txartelak amaitzerik, karpa kenduta espazio handia gelditu delako. Hatortxuren xede nagusia presoen senideei laguntzeko dirua biltzea da. Hortaz, ahalik eta jende gehien hartu nahi dute eta azken segundora arte zabalduko dute aukera.

«Jasotako dirua dispertsioaren aurkako borrokari ematen diogu, eta bi urtez ezin izan dugu ekarpen hori egin. Gero eta preso gehiago daude Euskal Herrian, baina dispertsioak jarraitzen du. Hemen egonda ere badituzte gastuak. Elkartasunezko beste ekimen guztiak ere bertan behera gelditu dira; ez dute diru sarrerarik izan baina gastatzen jarraitu dute. Ekuazio negatibo hori leuntzeko asmoz prestatu dugu udako jaialdia».

1.500 boluntario dira

1.500 boluntario inguru daude txandak betetzeko. 150 falta zaizkie. Deialdia egin dute eta seguru daude azken unean bada ere lortuko dutela behar duten jendea. Sanferminak bukatu eta segidan ekin zioten muntaketari. «Ez dira data onenak Iruñerrian, baina muntaketa oso ongi joan da. Irekitzeko prest gaude».

Jaialdiaren espazio zabalean bi agertoki jarri dituzte, eta alde bakoitzean barra luze bat, baita sukaldea eta gune morea edo segurua ere.

NAIZ Gune ikusgarri bat

Plaza handi horren ondo-ondoan, erreka baten ertzean, NAIZ Gune ikusgarri bat prestatu dute. Hamabi kontzertu, sukaldea, taberna, denda, itzala, NAIZ Irratiaren set-a, gune segurua eta gehiago izanen dira. NAIZ Irratiak programa bereziak egingo ditu eta espetxeetan entzun ahal izango dira. Zaballan Hala Bediren bitartez (107.4 FM), Iruñean Eztanda Irratian (107.7 FM) eta Martutene eta Basaurin NAIZ Irratian.

NAIZ IRRATIA
NAIZ Irratiak ostiral eta larunbatean eginen du saioa, 19.00etatik 22.00etara, Iker Gurrutxaga eta Ihana Iriondok gidatuta.

 

GARA eta NAIZeko Marketing arduradunak, Asier Iñigok, azaldu duenez, urtez urte areagotzen joan da Hatortxuren eta hedabide honen arteko elkarlana eta sekula erabili ez den eremu bat baliatuko dute, belardiz eta zuhaitzez osatua, gune nagusitik hurbil baina aparte txoko lasaiago bat sortzeko.

Harpidedunei sarrerak merkeago erosteko aukera eman diete, eta Hatortxurekin egin duten akordioari esker NAIZen harpidetza bat oparitu diete hiru hilabeterako jaialdira joanen direnei, ‘Gure Musikaren Alde’ lelodun kamiseta berriarekin batera.