INFO

16 lagunek ohartarazi dute ziztadak jaso dituztela bestetako lehenengo gaualdian

Baionako Suprefeturak eginiko bilanak jasotzen duenez 16 bestazalek aditzera eman zuten bart ziztada salbaiak jaso zituztela. Lau analisi agindu zituzten osasun zerbitzuek. Nehork ez du salaketarik jarri oraingoz. Gaur tamaina txikiko bestazaleak jaun eta jabe izanen dira jaietan haur eguna kari.

Dagoeneko bart egin zuten beste irekiera ofizialean gaur beraien egunaz gozatuko duten bestazale anitz izan ziren. (Patxi BELTZAIZ)

Suprefetutak bart gauaz geroztik besta giroan murgilduta dagoen Baionan izandako segurtasun bilakaearen berri eman du gaur goizean.

Asteazken besta gau batean izanen ohi den baino jendetza gehiago ibili zela bart Lapurdiko hiriburuan azaldu du lehenengo eta behin Estatuaren ordezkaritzak.

Bere erranetan, oro har besta giroa egokia izan da eta eta gaua lasai igaro dute baionarrek zein kanpotik heldutako herritarrek.

Hala eta guztiz ere, polizia indarrek –-besta hauen karietara 1.200 uniformedunez osaturiko segurtasun dispositiboa indarrean emanen dute– 350 herritarri kontrola egin diete «hainbat portaera tarteko».

Hala, alkoholaren eta drogen gehiegizko kontsumoa saihesteko kontrolak areagotu egin dituzte eta lehenengo gauean bost lagunek positibo eman zuten.

Bestalde, hiru lagun atzeman dituzte, gehienetan lapurreta saioekin lotura zutelakoan.

Aurten arreta berezia jarriko dute pikura salbaien aferari. Hala, Elkarteen Etxean ezarritako artatze gune orokorrean unitate berezia izanen da.

Bart gauean 16 lagunek oharra egin zuten ziztada salbaiak jaso zituztelakoan.

Lau kasutan analisiak eginak izan direla gaineratu du Suprefeturak. Oraingoz nehork ez duela salaketarik ezarri gehitu du.

Bestalde, 131 lagun artatu zituzten ordu txikitan mediku postu ezberdinetan.

Horretaz gain, 48 interbentzio egitera eraman zituzten 81 dei jaso zituzten sorospen zerbitzuek. Aparteko larritasun kasurik ez dela egon azaldu du Suprefeturak.

Esna zaitez Leon erre loti hori!

Gauzak horrela, gaurko egunari giro eguzkitsuan ekin diote bestazaleek.

Diana eta gaiteroen soinupean esnatu den hirian tamaina txikiago izan arren parrandazale amorratuak diren haurrak izango dira jaun eta jabe, gaur beraiei egokitutako programa prestatu baitute Lapurdiko hiriburuan.

Leon erregea kosta ala kosta esnarazteko ume, buraso eta aiton-amatxiak trumilka bertaratuko dira besta irekierarako jendez lepo izan zen Askatasun plazara.

Balkoitik, 22.00ak pasatxo, Baionako hiru auzo historikoen giltzak jaurti zituzten osasun langileek eta kirol munduko hainbat izarrek.

Gaur eguerdian, irekiera ekimen berezia izanen da etxeko gazteei zuzendua. Horren ondotik, zapi gorria lepoan lotu eta beraien joko, barre eta algaraz blaituko da Aturri eta Errobiko ibaien hiria.