INFO

Elkartasunak berotu egin du Hatortxuren irekiera

Ordutegiarengatik «espero zitekeena baino jende gehiagok» bat egin du euskal presoen jaialdiaren asteburuko lehen hitzorduan. Hatortxu Rock jaialdiaren 26. edizioaren hasiera erabateko gozamena izan da entzuleentzat. Hala ere, antolakuntzak jakinarazi zuenez, hainbat eraso matxista salatu dira.

Hatortxu Rock jaialdiaren 26. edizioaren hasiera. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Irrikaz eta gogoz beteta eta nostalgiak mugituta heldu diote ostiral arratsalde honetan Hatortxu Rockaren 26.edizioaren irekitzeari, bi urte eta zazpi hilabete luzeren ostean bueltan izan delako elkartasun jaialdia. Irekiera aurretik dozenaka boluntariok hartuak zituzten haien postuak. Ateak zabaldu direnean, eskarmentu handiko musikazaleak izan dira lehenak sartzen.

Akaso lehen jardunaldi hau hasi aurretik eguraldia ez zen buruan edonork izan dezakeen udarako gau luze batena, baina bai Iruñerriko ohiko uda gau batena.

Bi gune, bata bestearen ondoan. Bata belarretan, bestea harrien gainean. 2017ko Hartortxu Rockaren giroa eta orografia beraz heldu dira Atarrabiara, Lakuntzako larre eta Beriain mendiko magal harritsuekin aldera baitaitezke bi guneak. Naiz Gunean bildu dira ehunka pertsona, Anariren kontzertua noiz hasiko zain.

Emakume ahotsak irekieran

Eszenatokiaren parean, Gune Segurua dago. Kontzertuak hasi aurretik, hor zeuden boluntarioak lehen txanda osatzen.

Lehen garagardoa amaituta ziren asko Alberdi eta bere boskotea Auzolana eszenatokian oholtzaratu zirenerako. Lehen ilarak ere Naiz Guneko diru trukeak eskuratzeko leihatilan.

Tantaka ere lanean hasi dira aurtengo Hatortxu Rockeko merchandising-a saltzen duten dendan. «Hasierarako aurreikusi baino jende gehiago» lehen instante horietan antolakuntzako kideren batek edo bestek aitortu bezala. Giroa erabat lasaia jaialdia hasteko, Anariren melodia goxo baina letra garratzekin. Eguzkiak eguerdian baino beroago jotzen zuelarik, itzala bilatzen zuten zuhaizpean bisitariek.

Auzolana izeneko oholtzako kontzertua amaitzear zelarik, Etxera izenekoan prest zeuden rock biziagoari heltzeko Pleurako kideak. Baztan, Malerreka eta Leitzan sortutako laukotearen kide eta ahots berria da Irati Gutierrez. Urduri eta gogotsu zen oihal erraldoiaren atzean, bere lehen kontzertua baitzen eta formatu handian.

«Ilusioz beterik nago. Batez ere Hatortxu orain arte oholtzaren beste aldean bizi izan dudalako eta atzean dagoen lan guztia ikusita... Ikaragarria da» azaldu dio NAIZi. Bakarrilketa lehen albuma pandemiaren une gordinean publikatu zuen Pleurak. «Dagoen jende kopura ikusita, gune hau irekitzea berezia izango da» gaineratu du Gutierrezek.

Ez dagokie lerro hauei kontzertuen kritika egitea, baina dardarka jarri zuen Hatortxu bere ahotsarekin Irati Gutierrezek, oraindik publikoa sakabanatu xamar zelarik. Kontzertua hasi orduko dena eman zuen laukote gazteak eta akaso horrek entzule gehiago erakarri zituen.

Pleurak gune nagusia dardarka jarri badu, Huntzak dantzan. Dagoeneko euskal herriko jai eta jaialdietako klasiko bat bihurtu da folk edo trikipop taldea. Josune Arakistain, Uxue Amonarriz, Aitor Uitzi, Aitzol Eskisabel, Inhar Eskisabel eta Peru Altubek publiko gazteena erakarri dute Elkartasuna oholtzaren parera.

Huntzarekin bat egin du ordutegian Gilipojazz talde madrildarrak NAIZ Gunean. «Deskubrimendu brutala izan da, ez nituen ezagutzen eta biziki gozatzen ari naiz» kontatu du Miren A. Atarrabiarrak. Izan ere euskal giroan akaso ezezagunak ziren gaur arte.

Emakumeen ahotsak beraz nagusi euskal preso eta iheslarien aldeko jaialdiaren irekieran. Izan ere Iluntze orduan, The Baboon Show rock banda suediarrak bere alea egin baitu elkartasunera bidean.

Lasaitasuna eta dantza nagusi

Huntzaren kontzertuaren amaierarekin baina, hatortxuzale gazteenak ez dira joan. Pont aeri kantaren trikitixa bertsioa entzun eta Aldapan gora dantzatzu eta kantatu ostean, ETS (En Tol Sarmiento) talde arabarraren txanda izan da eta horrek ere haur eta gaztetxoen ahotsak urratzen baititu. Zale horien artean zen Ander bere gurpildun aulkian, ezgaitasun fisikoren bat duten zaleentzako prestatutako plataforman.

Jaialdiaren lehen egunak, baina, izan zuen ere alde ilunik. Izan ere, antolakuntzak jakinarazi zuenez, hainbat eraso sexista eta homofobo izan ziren eta. Jaialdia 10 minutuz eten zuten antolatzaileek, protesta moduan, eta larunbat eguerdi honetan agerraldia eginen dute.

Argi utzi dute boluntarioek: erasotutako emakumeek «antolakuntzaren babes osoa izango dute ostiral eta larunbatean» eta gainera gune seguru egonkorraz gain «gune ibiltariak eta boluntario guztien laguntza» izanen dituzte eskura.

Talde gehienek oholtzan errepikatu bezala «azkenekoa ez bada, azkenetarikoa izatea espero den Hatortxuren» lehen jardunaldia luze joan zen.

Larunbat honetan, eguerdian, berriro ekingo dio Hatortxuk 26. Edizioari. Kanpin eremurik ez egon arren ehunka pertsona furgonetaz hurbildu dira Atarrabiara eta haientzako eta «nahi duenarentzako» bazkaria antolatu dute Naiz Gunean.