Lehenaren, orainaren eta etorkizunaren arteko ispilu jokoa Amaiurren, 500. urteurrena gogoan
Hilabete luzeetako auzolanaren ondoren dena prest da abuztuaren 6an Amaiurren, Euskal Herriaren historian iltzatuta geratu ziren gertakarien belaze berean, euskaraz, ‘Aurkituko gaituzuenoi’ lana eskaintzeko. 80 pertsona igoko dira agertokira emanaldi bakarrean, gauaren magia lagun.
Lehenaren, orainaren eta etorkizunaren arteko ispilu jokoan parte hartzera gonbidatuko ditu ikusleak Jon Maiak abuztuaren 6an. ‘Aurkituko gaituzuenoi’ du izenburu eta, Amaiurko gazteluan Aranzadik egindako indusketa arkeologiko emankorrak gogoan, 500 urte barru lurpean aurkituko gaituztenei egiten die erreferentzia.
500 urte joan dira gaztelua suntsitu zutenetik. Baztandarrek –ezta euskaldunok ere– ez dute ahaztu nahi 1522ko uztailaren 19an gertatutakoa. Amaiur izan zen, gaur egungo foru erkidegoko lurraldean, Gaztelaren konkistari aurre egin zion eta Nafarroako errege legitimoei leial izan zitzaien azken gaztelua.
Gauaren magia lagun izango du saioak –21.30ean hasiko da– eta emanaldi bakarra izatearen xarma gehituko zaio.
Musika eta ikus-entzunezkoak uztartuko ditu emanaldiak. Denera, 100 pertsona inguruk –80 agertoki gainean– hartuko dute parte saioan. «Gehienak nafarrak izatea nahi izan dut», argitu du Maiak.
Jean Mixel Bedaxagar, Amaiurko Gaztelu abesbatza, Baztango Haurren Abesbatza Txikia, Joseba Irazoki, Olaia Inziarte, Gorka Hermosa eta Aire Ahizpak pasatuko dira agertokitik eta Et Incarnatus orkestrako kideak egongo dira une oro bertan. «Hamalau musikariz osatutako orkestra izango dugu», aurreratu du. Proiekzioei dagokienez, Asisko Urmenetaren irudiak, Andoni Lubaki eta Gari Garaialderen argazkiak, eta propio ekoitzitako hainbat bideo.
Izango da besterik ere, Eva Francok moda desfilea egingo baitu. Eszenografia eta estilismo ikusgarriak sortzen ditu –Argizaiola saria eskuratu zuen ‘Maskarada sisters’ zumaiarraren proiektuak–. «Ikusgarria izango da», dio Maiak. Eta ikuskizunaren gidari, Anabel Arraiza aktorea.
Ez da atzera begiratu zalea zumaiar bertsolari eta sortzailea eta historiako gertakariei begira jarri baino nahiago izan du beste gai sorta bat aletu: itsasoa, migrazioa, sexu-identitatea, gatazka... tartean. Gernikak ere presentzia izango du lanean.
500 urte barru. Honako galdera hauek ditu oinarrian ikuskizunak: duela 500 urteko erresistentzia ari gara ospatzen, baina 500 urte barru ospatuko dute? Zer esango dute gutaz? Harro egongo dira gutaz? Guk duela 500 urtekoak bezala gogoratuko gaituzte? Zer ondorioztatuko dute gure ekintzez, gure bizimoduaz? Euskaraz gogoratuko gaituzte? Nola egongo da mundua? «Perspektiba polita iruditzen zait oraingoari ematen diolako garrantzia; hau da, orain egiten dugunaren arabera izango da gure etorkizuna. Horren kontzientzia izatea inportantea da», adierazi du ikuskizunaren zuzendariak.
Proposamen berritzailea delakoan dago Maia. «Gure memoria historikoari egin diezaiokegun omenaldirik ederrena etorkizuna bermatzea da, bere hitzetan, «gure historiari jarraipena ematea, eta ikuskizunak aukera ematen dit horrela planteatzeko; ildo horretatik, egingo duguna berritzailea dela esango nuke».
XXI. mendera bizirik eta euskaraz iristea ez da makala. Berebiziko garrantzia du, Maiaren hitzetan, gure herriak lortu duena. «Hari historiko luzea dago, milaka urtetatik iristen zaiguna, lurpeko erreka bat bezala. Eta bizirik iritsi gara. Lurpeko erreka horrek, identitate eraldaketa horrek –dena delakoa izanda ere egitura politikoa eta juridikoa– , bizirik mantentzen gaituen horrek jarraitu egin behar du; txikiak gara baina oso handia den milaka urteko historiaren parte gara».
“Zerbait ondo egin behar izan du herri honek mendeetan zehar / gertatutako guztiak gertatuta, / galdutakoak galduta, / gaizki egindako guztia barne, / bizirik iritsi bada / hobeto, okerrago / baina bizirik / XXI. mendearen hastapen hontara, / oraindik euskaraz, / oraindik etorkizunari begira”. Honela idatzi zuen duela egun batzuk Twitterren Jon Maiak.
«Erresuma hura galdu zen baina inportanteena ez zen galdu: etengabeko eraldaketan bizirik iritsi den identitatea eta hizkuntza», adierazi dio NAIZi. «Ez galdu denbora iraganari buruzko eztabaidetan, baizik eta denbora irabazi etorkizunari buruzko planteamenduetan. Bizirik jarraitu behar dute komunitate, giza talde kohesionatu, bihurtzen gaituzten kulturak eta gure hizkuntzak», dio.
Maiarentzat «oso sinbolikoa da, duela 500 urteko gertakizunen zelai berean, hainbat hildako eta atxilotu eta eraitsitako gaztelua izan ziren tokian, ikuskizuna eskaintzea. Ospatzera goaz izan ginena eta etorkizunean izan nahi duguna. Eta egingo dugu galdu zutenen hizkuntza berean. Haiez oroituz, etorkizunari begira eta euskaraz».
Ez du zalantzarik. Garaipen sinbolikoa da. «Ez gara estatua, ez gara erresuma, baina forma baino inportanteagoa da herri bihurtzen gaituena».
Poza eta ardura. Baztango Udalaren gonbita pozez eta arduraz hartu zuen Maiak. «Ez dut esperientziarik alor honetan; ‘Kantu bat gara’ izan daiteke gertuen dagoena. Beti nago irekia eremu berrietan lan egitera eta sentitzen dut nire ibilbidean metatzen ari naizen esperientzia kopuruak eskarmentua ematen didala eta gero eta gehiago aplikatu dezakedala egiten ditudan proiektuetan», kontatu du.
Makina bat kilometro egin ditu Zumaia eta Amaiurren artean atzera-aurrera joan den urtarriletik. 300 biztanlera ere ez da iristen Amaiur, eta ez da erraza era honetako ikuskizuna, diziplina anitzekoa, aurrera ateratzea.
Auzolanaren kultura sustraituta daukate. «Amaiurko zein Baztango herritarrek auzolanerako duten gaitasunaz harrituta nago. Aurten ekitaldi ugari antolatu dituzte, gainera, ikuskizun honez gain».
Emankizunaren aurretik ‘Amaiur! Libera State’ kale antzerkia iragarri dute 20.00etan, Asisko Urmenetaren zuzendaritzapean. Aipagarria da aparkaleku berezia prestatuko dutela gaua bertan eman nahi dutenentzat. Sarrerak salgai daude 20 eurotan webgunean.
Udalak erakutsitako konfiantza eskertu du. «Ezin nion ezetz esan. Beti sentitu dut Amaiurrekiko erakarpena. Nire abizena Maia izanik –bere antzinako izena–, fantasiatxo hori tarteko, beti izan dut harreman berezia. Banekien noizbait egingo nuela zerbait gazteluaren inguruan. Eta ohorea da nitaz gogoratu izana», esan du, bertaratzeko gonbita luzatzearekin batera.