INFO

Barkoxe: tokiko biztanleei zuzenean emandako nekazaritza produktuak

Coeur de Barcus Barkoxeko nekazarien kolektiboak webgunea zabaldu du. Hortaz, klik batzuk aski izanen dira Zuberoako herri honetako elikagaiak eskatu eta etxean jasotzeko. Hainbat etxalde ari dira elkartean parte hartzen.

Paradis etxaldeko langileak ere Barcus elkarteko kide dira. (GARA)

Nekazaritza organiko edo jasangarria egiten dute Barkoxeko Coeur de Barcus elkartean bildutako baserritarrek. Filosofia hori dute Zuberoako herri honetako laborariek: ingurumena eta haren zikloak errespetatuz kalitatezko elikagaiak lortzea. Janari prozesatu guztiek baldintza bat bete behar dute: bertako jatorrikoak izan behar dute.
Partekatzen dituzten balio horiek egunez egun betetzeko konpromisoa hartua dute Barcus osatzen duten langileek. Eta bide horretan, bertze pauso bat eman dute orain: webgunea sortu dute, beren produktuak bertako herritarrei zuzenean saltzeko asmoarekin.

Vival Barcuseko kudeatzaileek, Nicolas eta Priscak, jarri dute martxan ekimena. «Jende anitz pasatzen da herritik, zenbaitek bertan ezarri dute bigarren bizilekua eta urte osoan kontsumitu nahi izaten dituzte gure nekazaritza produktuak. Webgune honi esker, Barkoxeko puska bat eramaten ahalko dute etxera», azaldu dute.

Elkartearen lehendabiziko erronka antolakundearen arima diren laborariei ordainsari justu bat bermatzea izan zela kontatu dute. Berehala hasi ziren asmo onak gauzatzen. Izan ere, Zuberoako herri honetan beren lanbidea pasioz bizi duten nekazariak baitaude. Gainera, batzeko gogoa zuten denek.

Hain justu, Baionan bizi den barkoxtar bat, Gillen Gamiochipi, arduratu zen web orrialdea sortzeaz, herrira etorri berri zen Anais Baly diseinatzaile grafikoa laguntzaile zuela.

Coeurdebarcus.fr plataforma abian da ekainaren hasieratik eta dagoeneko jaso ditu aurreneko eskariak. Eskaintza zabala du, denetariko bezeroak asetzeko modukoa. Harategi eta urdaitegiak behi, txahal, bildots eta ahate haragia eskaintzen du.

Kontserbak ere eskuratzen ahal dira, pateak, euskal budinak eta kozinatutako produktuak biltzen dituztenak, bertzeak bertze. Esnekien artean, ardi gazta eta etxeko jogurtak dituzte. Horrez gain, eta Barkoxeko herritik harago joanez, garagardoa, gailetak, eztia, Maulen egindako pasta organikoa eta Irulegiko arnoa dituzte salgai.

Ildo beretik, laborarien asteburua ospatuko dute Barkoxen abuztuaren 12an eta 13an, haien lanari merezi duen aitortza egiteko. Dituzten erronken inguruan mintzatuko dira eta, horrez gain, beren produktuak eta webgune berria aurkeztuko dituzte. Musikak alaituko ditu karrikak.
Bertako errugbi taldearekin, nekazaritza dinamikarekin eta auzolanaren kulturarekin, Barkoxe bizitasunaren adibide da Zuberoan. 2017an jaio zen Barkoxe Bizi bizilagunen elkartea. Orduz geroztik, lan handia egin du eta, bertzeren artean, 700 bizilagun elkartu ditu herriaren eta eskualdearen etorkizunari buruz sakon hausnartzeko. Coeur de Barcus elkartea ere kontzientzia horren fruitu da.