INFO
Interview
Anne Erauskin
Bera Berako jokalaria

«Ez nuen pentsatzen Bera Berara irits nintekeenik, baina hemen naiz»

Anne Erauskinek (Ermua, 1998) estreinakoz jantziko du Bera Beraren elastikoa gaur, Zuazoren aurka Zarautzen (19.00). Zuazon lau denboraldi eman ondoren, aurten beste jauzi bat emateko prest zen. Entrenatzaileak lasai egoteko eskatu dio; «poliki-poliki gauzak aterako direla esan dit», onartu du.

Anne Erauskin, Bera Berarekin entrenamendu batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Anne Erauskin denboraldiaurreko lana bereziki nabaritzen ari da. Zuazotik Bera Berara jauzia dagoela onartu du, «iskioa kili-kolo daukat, ez nagoelako hemengo erritmora ohituta». Iaz bere kabuz gimnasioan lan egitetik, aurten Ammma zentroko dinamikan lan egitera igaro da. Gauza zehatzagoak lantzen ari da: «abiadura, potentzia, jauziak ere bai hegaleko jokalaria izanik...».

Egokitzapenarekin, hori bai, pozik da: «Aurretiaz ezagutzen nituen taldekide batzuk eta oso erraz jarri dizkidate gauzak». Lastima kuadrillako Mirene Morenorekin ez duela kointzidituko: «Biok amesten genuen, baina halaxe dira gauzak. Esan zidan presioak eta tentsioak alde batera utzi eta ahalik eta gehien disfrutatzeko». Lehen lagunartekoaren atarian, denboraldiko asmoen berri eman dio NAIZi.

Zuazoren aurka gaur jokatzen duzue lehendabiziko lagunartekoa. Zein helbururekin doa taldea?

Denboraldiaurreko lehendabiziko partida izanda, sentsazioak berreskuratu nahi ditugu. Helburua, noski, garaipena lortzea da, baina gehienbat talde bezala finkatu nahi dugu. Ez dira aldaketa asko egon, baina tira. Defentsan 5-1 sistemarekin nola lan egin landu dugu, erasoan ere adierazle batzuk eman dizkigu entrenatzaileak eta hori praktikan jartzen saiatuko gara.

Zuri pertsonalki zer eskatzen dizu entrenatzaileak? Agian goiz da oraindik ere...

Bai, goiz da. Pertsonalki ez dit ezer berezirik esan; sentsazioak hartzeko, pixkanaka konfiantza handiagoarekin sentitzeko, lasai joateko... Badaki lehendabiziko partida dela Bera Berarekin, gainera Zuazoren aurka, eta, beraz, lasai egoteko eta poliki-poliki gauzak aterako direla esan dit.

«Asko hobetu dut fisikoki. Pistan ere igarri dut taktikoki eta teknikoki prest nagoela. Baina, batez ere, uste dut konfiantza eta pistan segurtasuna irabazi ditudala»

Aurkezpenean esan zenean heldutasun maila egokira heldu zarela Bera Bera taldera urratsa egiteko. Zer esan nahi zenuen?

Mentalki konfiantza gehiagorekin nagoela eta fisikoki ere askoz hobeto ikusten naizela Zuazon lau urte egon ostean. Asko hobetu dut fisikoki. Pistan ere igarri dut taktikoki eta teknikoki prest nagoela. Baina, batez ere, uste dut konfiantza eta pistan segurtasuna irabazi ditudala. Lasaitasun gehiagorekin aurre egiten diet partidei egun eta horrek ate aurreko eraginkortasunean hobetzen lagundu dit.

Nola laburbilduko zenuke zure bilakaera Ohorezko Mailan?

Lehendabiziko urtean Paula Valdivia bezalako jokalari batekin postua partekatzean, berak zuen erantzukizun gehiena. Ni ikasteko nengoen, Ligari neurria hartzeko. Trantsizio moduko zerbait zen. Klubak ikusi zuen nahiko ondo moldatu nintzela eta bigarren urtean aurrerapauso hori eman nuen. Maider Barros igo zuten urte horretan, oso jokalari indartsua baita, baina agian parekatuago geunden; minutu aldetik ere igarri zen, lehen urtearekin alderatuta konfiantza gehiago jarri zutela nigan. Dinamika hori mantendu da azken bi urteetan. Bilakaera handia izan dudala esango nuke.

Zuazo uzteko eskaintzarik izan al duzu aurretik?

Aurreko urtean bai, baina Zuazon oso gustura nengoen. Ez dut sentitu Zuazotik alde egiteko beharrik orain arte.

Ohorezko Mailan konfiantza hartzeko lehenengo Zuazo bezalako talde batean egotea ona dela uste duzu?

Nik uste dut baietz. Bera Bera ligako txapelduna da eta igartzen da, Zuazo liga berdinean egonda, apur bat maila baxuagoan dagoela. Uste dut Zuazon, esperientzia gutxiago duten jokalariei, aukera gehiago ematen zaizkiela hobetzeko eta ikasteko. Nire kasuan, laguntza handia izan da hori aurten urrats hau egiteko.

«Nire bertsiorik onena ateratzea. Nire %100a emango dut partida guztietan, horretaz ziur nago. Taldea ahalik eta gehien laguntzen saiatuko naiz»

Pertsonalki zer helburu dituzu denboraldi honetan?

Nire bertsiorik onena ateratzea. Nire %100a emango dut partida guztietan, horretaz ziur nago. Taldea ahalik eta gehien laguntzen saiatuko naiz.

Maitane Etxeberria izango duzu lagun hegalean. Hitz egin duzue?

Bai, aurretik ere ezagutzen genuen elkar eta pertsona aparta da. Harro sentitzekoa da berarekin postua partekatzea. Uste dut pila bat ikasiko dudala berarekin. Oso pozik nago. Pentsatzen dut ezin zitzaidala egokitu taldekide hobeagorik.

Taldearen helburua jakina da, guztiagatik borrokatzea...

Bai, eta horrez gain aurten dezente aipatu dute Europan multzoen fasera sailkatzea dela helburua.

Europan jokatzearekin amesten al zenuen?

Bai [barrez]. Jokalari bezala lorpen potentea da. Espero ametsa egia bihurtzea.

Txikitako zure helburuen artean zegoen Bera Beran jokatzea edo burutik pasa ere ez zitzaizun egiten?

Flipatu egiten nuen Bera Berako partidak telebistaz ikusten nituenean, baina ez nuen pentsatzen hona irits nintekeenik. Ezta Zuazora ere, pentsa! Errotabarrin [Ermuan] jokatzen nuen, pozik nengoen nire lagunekin eta gauza batek ekarri du bestea. Azkenean, ustekabean, hemen naiz [barrez].