INFO

Unai Lasok hartu dizkie berriro neurriak pilotalekuei eta Gasteizko finalean izango da

Bizkarreta-Gerendaingoa Iñaki Artola baino askoz eraginkorragoa izan da tantoak amaitzerako orduan eta merezitako garaipena lortu dute nafarrak eta behetik gora egin duen Imazek.

Unai Laso Artola baino eraginkorragoa izan da tantoak amaitzerakoan. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Aukeran, behar baino huts gehiago pilatzen jarraitzen du, baina sanferminetan izandako lesioa erabat ahaztuta, Unai Laso berriro hartu dizkie neurriak pilotalekuei eta erabakigarri izatera itzuli da berriz. Hasieran gozakaitz hasi den Ander Imazek eta Bizkarreta-Gerendaingoak 22-16 irabazi diete Artola-Albisuri eta Gasteizko Andra Mari Zuriaren feriako finala jokatuko dute Aspeko adarreko finalerdietako irabazleen aurka.

Pilotaleku beti zail batean, are gehiago parean bi jotzaile handi izanda, Buruz Buruko txapeldunak era guztietako tantoak egin ditu, asko gainera errematera urrunetik sartu behar izanda Imazek ez du eta azken egunetako sendotasunik erakutsi –behetik gora egin du hala ere–, eta partida gogor bateko izarra izan da. Gogorra bai, baina partida ez da bete-betea izan, Laso izan delako bere mailarik onenera gerturatu den bakarra.

Jon Ander Albisuk ere ez du partida txarrik jokatu, batez ere apenas galdu duelako pilotarik, baina ez du hasiera batean espero zena bezainbeste dominatu. Jo ditu eskuinkada on batzuk, baina esku hori bere onenean ez zegoenaren itxura eman du, lehen etenaldi luzeko geldialdia ere behar baino gehiago luzatu duelako.

Ezin tantoa amaitu

Eta Iruñean Mariezkurrenarekin txapeldun izatetik zetorren Iñaki Artolak ezin izan du aukera sanferminetan bezain ondo aprobetxatu. Botera eta sotamanoz zalantzak agertu dituen Ander Imazi mina egiten saiatu da, baina tantoak amaitzea Unai Lasori baina askoz gehiago kosta zaio eta hori zama handia izan da bikote gipuzkoarrarentzat.

Izan ere, sarri oso behartuta aritu behar izan badu ere, Buruz Buruko txapelduna txispaz eta inspiratuta aritu da eta horrek markagailuan nahiko azkar aldeak lortzea eraman ditu (9-4 eta 12-8).

Bigarren erdian alegiarra saiatu da jokoan gehiago sartzen eta partidaren erritmoa zertxobait aldatzen, baina airez bi tanto baino ez du amaitzerik izan eta ezinezkoa egin zaie markagailuari buelta ematea, 18-16 gerturatu badira ere.

Momentu horretan, aurkariak lekuz kanpo zituela, Iñaki Artolak oholetara bidali du bi pareta saiakera bat eta hortxe amaitu dira urdinen esperantzak. Azken txanpa horretan jokatu ditu Ander Imazek bere tantorik onenak eta Unai Lasok gantxo batekin amaitu du finalerako txartela.

 

FITXA TEKNIKOA

Laso-Imaz: 22

Artola-Albisu:16

Pilotakadak: 678. Iraupena: 72,54 minutu. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 5-3, 5-4, 9-4, 9-6,10-6, 10-8, 12-8, 12-9, 15-9, 15-11, 16-11, 16-12, 17-12, 17-13, 18-13, 18-16, 22-16. Sakeak: 1 Lasok eta 3 Artolak. Egindakoak: 12 Lasok, 2 Imazek, 3 Artolak eta 1 Albisuk. Galdutakoak: 6 Lasok, 4 Imazek, 5 Artolak eta 1 Albisuk. Gorabeherak: Sarrera polita baina betetzetik urrun Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Hutsarteetan DJ bat aritu da musika jartzen.