INFO

Eskualde bat, bertsio ofizialetik argi-urteetara

Esango nuke SOS Aiaraldea leloak etorkizun duina marrazten duenean ez dela bakarrik ekonomiaz ari; langileen babesaz eta elkartasunaz ere ari dela


Urrian urtebete beteko da Tubacexeko langileen greba amaitu zuen akordioa sinatu zenetik. Krisialdiaren aitzakiapeko egiturazko arazoak argudiatuz, lan erregulazio baten bidez gauzatu nahi izan ziren ehun kaleratze baino gehiago gelditzea lortu zuten, eskualdeko babes zabal eta anitz baten bultzadarekin. Mobilizazio jendetsuek, lantegi ondoko pikete haien inguruan bildutako elkartasun handi eta anitzak -oroimenerako geratu diren une xamurgarriak, hunkigarriak-, harremanen eszenatoki berri bat ere marraztu zuten sektore ezberdinetako langile eta herritarren arteko harremanetan, sigletatik haratago.

Hura bukatu zen, baina eskualdean etorkizun duin baten aldeko borrokak hor jarraitzen du, oihartzun mediatiko txikiagoko borroka batzuen ondoan: hiltegi publikoa, sektore feminizatuen eskubideak... Tubacexeko grebaren kapitulua itxita, azken hilabeteetan jakin da, gainera, enpresak bere historiako kontraturik handiena lortu duela, galerak atzean utzi eta irabaziak izan dituela, kalean jakin zena eta auzitegiak berak berretsi zuenaren ildotik, kaleratzerik egiteko arrazoi ekonomikorik ez zegoela baieztatuz. Eta testuinguru horretan, abuztuko oporraldien erdian, herri handi bietako jaien atarian, eskualdeko hiru gaztek lau urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigor eskaera dute buru gainean, desorden publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta.

Elkartasuna zigortzea bilatzen duen neurria dela esan da. Auzipetuek muntai bat dela salatu dute. Ez da lehena, ezta mobilizazio handiak eragin dituen gatazka bakarra ere, baina Tubacexekoak gauza asko aldatu ditu, lagun askoren begiradak barne borroka kolektibo handiago bat eratuz. Esango nuke SOS Aiaraldea leloak eskualdearen etorkizun duina marraztu duenean ez dela ekonomiaz ari bakarrik; langileen babesaz eta elkartasunaz ere ari dela, eta Fiskaltza eta haren bertsioa oso urrun ikusten dira, erakunde publiko askoren babesa bezala.