INFO

Alpeetako glaziarren urtzeak desagertuen gorpuzkiak aurkitzea ahalbidetzen du

Alpeetan glaziarrak urtu ahala, desagertutako pertsonen gorpuzkiak agerian geratzen dira, baita istripua izan zuten hegazkinen zatiak ere. 1926an desagertutako hiru anai-arreben gorpuzkiak 2012an aurkitu zituzten.

Aletsch glaziarra, Alpeetako handiena. (OMM)

Udako tenperatura altuekin, glaziarrak urtu egiten dira eta desagertutako pertsonen gorpuzkiak agerian geratzen dira. Iragan asteazkenean, Chessjen glaziarrean, hegoaldeko Valais kantoian, alpinistek giza hezurrak aurkitu zituzten. Astebete lehenago, beste pertsona baten gorpuzkiak aurkitu zituzten Stockji glaziarrean, Zermatteko neguko estaziotik gertu.

Bi kasuetan, gorpuzkiak identifikatzeko prozesua abian da, Valaiseko polizia kantonalaren bozeramaile batek Keystone-SDA albiste-agentziari baieztatu dionez. Zehaztu duenez, ohiko prozedura da aurkitutako objektuak eta gorpuzkiak aztertzea, istripua noiz gertatu zen jakiteko. Ahal bada, DNA probak egiten dira.

Kasu gehiago

Valaiseko poliziak 1925etik desagertutako pertsonen 300 kasu inguruko zerrenda du.

Azken asteetan gertartu den bezala, glaziarrak urtu ahala, hamarkada batzuk lehenago desagertutako pertsonen gorpuzkiak izotzetik atera dira hainbatetan.

2012an hiru gorpuzki aurkitu ziren Aletsch glaziarrean; ikerketa baten ostean, 1926an desagertutako hiru anai-arrebenak zirela baieztatu zen. Eta 2017an, 1942an desagertutako bikote baten gorpuzkiak aurkitu ziren Tsanfleuron glaziarrean, Valais kantoian.

Eroritako hegazkina

Joan den astean, mendiko bide-erakusle batek Aletsch glaziarrean 1968an erori zen hegazkin baten hondakinak aurkitu zituen.