Gaur igoko da Donostia zortzi eguneko festen olatuaren aparrera
Gasteizen ondoren, Donostiak hartuko du gaur jaietako erreleboa. Arratsaldean hasi eta zortzi egun luzez, ekitaldiz beteko da hiria, neurri handi batean piraten ekarpenari esker. Aurten, Aieteko jauregiko lorategia, Loiolako Erribera edo Urumea ibaia gehituko zaizkie jaigune tradizionalei.
Donostian, urtero bezala, larunbatarekin lehertuko da gaur festa, arratsaldez. Udalaren jai batzordeak prestaturiko egitarauan, arratsaldeko zazpietan piztuko dute kanoikada, aurtengoan Union Artesanako kideen eskutik. Elkarte gastronomikoak orain dela bi urte piztu behar zuen kanoikada, 150 urte bete zituelako 2020an, baina, pandemiaren erruz, 2022ra arte itxaron behar izan du.
Aste Nagusiko egitarauak 400 ekitaldi inguru biltzen ditu hirian zehar banatutako 30 bat jaiguneetan. Aurten, gainera, Aieteko jauregiko lorategia, Loiolako Erribera edo Urumea ibaia gehituko zaizkie jaigune tradizionalei.
Aurtengo berrikuntzen artean, 100 metroko luzera izango duen uretako txirrista bat jarriko da astelehenean eta asteartean Zurriolako terrazan. Urumean ere kanoa ibilbideak antolatu dituzte, ibaiaren bazterrak garbitzeko aprobetxatzeko.
Ohikoa den bezala, lehiaketa gastronomikoak ere ez dira faltako, hala nola marmitakoa, paella edo legatza. Gainera, arkume menestra lehiaketa eta familientzako gastronomia lehiaketa ere egingo dira.
Saguesko agertokian Izaro, La M.O.D.A., Zetak, Ana Guerra edo Gatibu bezalako taldeek joko dute, eta Su Artifizialen Nazioarteko Txapelketaren 57. edizioan Euskal Herriko zein atzerriko etxeek hartuko dute parte.
Eta gaur bertan, Igeldoko Harria txapelketaz gain, emakume harri jasotzaileentzako Uliako Harria txapelketa ere antolatu dute. Emakumeen izen-ematea gizonezkoena baino handiagoa izan da.
Piraten egitaraua Piratek ere egitarau zabala prestatu dute mugimenduaren 20. urteurrena ospatzeko eta beste Donostia batean sinesten dutela aldarrikatzeko. Txupinazoa gaur arratsaldean izango da, portuko Flamenka gunean, eta aurten Bilgune Feministako Donostiako kideek botako dute.
Egitarauari dagokionez, askotariko ekintzak izango dira Flamenkan, Trinitate plazan zein beste zenbait txokotan: muxikoak, bertso saioak, kalejirak, elektrotxaranga, jolasak, herri bazkariak, play-back lehiaketa, bizifesta, kantujira...
Eta, nola ez, astelehenean, baltsak hartuta, abordatzea egingo dute. Haurrek ere izango dute aukera partxea jantzi eta pirata sentitzeko, haientzat propio antolaturiko egitaraua izango baitute ostegunean.
Flamenka eta Trini guneetako gauak musikak girotuko ditu, honako taldeekin: Broken Brothers Brass Band, Alargun Beltzak, Zea Mays, Skakeitan, 3Gabe2, Niña Coyote eta Chico Tornado, La Furia, Merina Gris edo Dupla, beste batzuen artean.