INFO

Presoen eskubideen aldeko manifestazioa deitu dute Bilboko Konpartsek eta Sarek abuztuaren 26an

‘Etxera bidea gertu!’ lelopean, manifestazioa deitu dute Bilboko Konpartsek eta Sarek abuztuaren 26ean, 13.00etan, Plaza Eliptikotik. Azken urteetan egoera hobetu den arren, oraindik 58 preso Euskal Herritik kanpo daudela gogoratu dute.

Manifestazioa deitu dute Sarek eta Bilboko Konpartsek abuztuaren 26an. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Beste urte batez, Bilboko konpartsek eta Sarek elkarlanean antolatu dute euskal presoen etxeratzea eskatzeko manifestazioa Aste Nagusian. Abuztuaren 26an, ostiralean, 13.00etan izango da Plaza Eliptikotik abiatuta, ‘Etxera bidea gertu!’ lelopean. Hori da Bilboko jaietako egun handia.

«Tamalez, oraindik mobilizazio hau deitu beharrean gaude, oraindik presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko pauso asko eman behar direlako», adierazi dute mobilizazioaren berri emateko gaur eskainitako prentsaurrekoan.

Salbuespen neurriekin amaitzeko azken bi urteetan pauso garrantzitsuak eman direla adierazi dute baina, era berean, oraindik bidea egiteko dagoela azpimarratu dute: «Atzean utzi ditugun arren lehen gradua, isolamendu eta urrutien dauden kartzelak, oraindik 58 preso daude espainiar eta frantziar kartzeletan».

Denak Euskal Herrian egon beharko luketela nabarmendu dute, «hori baita senide eta lagunen sufrikarioarekin amaitzeko pausorik garrantzitsuena».

Bestetik, gogoratu dute asko direla, baldintza guztiak bete arren, baimenak eta 3. graduak ukatzen zaizkienak. Bide horretan, dagokien ibilbidea «oztoporik gabe eta eskaera gehiagoturik gabe» emateko eskatu dute, «egun indarrean den legedia betez».

«Legez kanpo dauden eskaerak alde batera utzi eta gainontzeko presoei ezartzen zaizkien baldintzak eskatzea aldarrikatu nahi dugu. Baita ere, pixkanaka, iheslari eta deportatuen kasuak konpontzeko», gaineratu dute.

Horregatik, Bilboko Konpartsek eta Sarek datorren abuztuaren 26an, 13.00etan Plaza Eliptikotik abiatuko dute manifestazioa, eta bertaratzeko deia egiten dute: «Jaiak denon artean gozatu, baina eskubideak aldarrikatu!».