INFO

Gutxienez bost pertsona hil eta beste 12 zauritu dira Korsikan ekaitzen ondorioz

Euskal Herria bere baitan hartzen duen Pirinio Atlantikoen Departamenduan besterik ez zen piztua alerta laranja ostegun honetan, baina Korsikan ere egoera azkarki okerrera egin du. Dagoeneko bost pertsona hil dira eta bertze 20 zauritu dira 200 kilometro orduko haize zakarrek astindu duten uhartean.

Coggiako kanpin batean harturiko argazkia. (Pascal POCHARD-CASABIANCA | AFP)

Frantziar Estatu mailan Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoen Departamendua agertzen zen alerta laranja egoeran ostegun goiz honetan.

Ordu gutxitan eurite eta uholde arriskurengatik alerta maila gora eraman behar izan dute Korsikan, non 224 kilometro orduko haize ufadak neurtu dira, hala nola Marignanan.

Ekaitza azkarrak hondamendi handia eragin du Mediteraneoko uhartean: bost pertsona hil dira eta bertze 20 zauritu dira, arratsalde erdian plazaraturiko bigarren bilanaren arabera.

Goizeko 10.30ean Korsika hegoaldeko Prefeturak plazaratu duen behin behineko bilanaren arabera bi hildako ziren: 72 urteko emazte bat eta 13ko neska bat.

Sagone herriko kanpin batean zela haize zakarrek lurrera bota duten zuhaitzak harrapatu du bungalow batean zegoen 13 urteko neska.

72 urteko emaztea, ordea, Coggiako Liamone hondartza aldera hil da teilatu batean ezarritako lastozko estalkia bere autoaren gainean jauzi ondoren.

Izan ere, uhartearen iparraldean hirugarren pertsona bat hil dela baieztatu du handik gutxira bertako Prefeturak. Iturri horren arabera, 46 urteko gizonezkoa Calviko kanpin batean zendu da. Bestalde, 23 urteko turista italiar bat hil ala biziko egoeran litzatekeela baieztatu dio estatu ordezkaritzak FranceInfo irratiari.

Hamarnaka sokorri operazio itsasoan

Bere aldetik, Gilles Simeoni, Korsikako presidenteak dolumin mezua helarazi die biktimen familiei zein ekaitzak egindako triskantzak pairatu dituzten herritarrei.

Hedabideekin mintzo ekaitzaren bilana «oraindik ere latzagoa» izateko aukerari buruz oharra egin du eguerdi partean Simeonik. Hamarka sorospen operazio martxan zirela ohartarazi du. 60tik gora irteera egin dituzte itsas sorosleek noraezean ziren itsasontzietako eskifaia salbu jartzeko.

Hain zuzen ezagutu diren azkeneko bi biktima itsasoan atzeman dituzte. Hala 62 adineko arrantzalearen gorpua Girolatako golkoan azaldu da eta kayak egiten zuen emaztea hilik atzeman dute Erbalungan.

Suhiltzaileek irteera anitz egin behar izan dituzte egunean zehar kostako herritan solik ez baita mendi aldera ere, hala nola Cargesen.

EDF konpainiak jakitera eman duenez 45.000 etxebizitza argindarrik gabe daude Mediterraneoko uhartean.

Gérald Darmanin ministroa uhartera abiatuko dela datozen ordutan iragarri du frantziar Barne ministerioak.

20.00etatik aurrera alerta laranja iragarria da, berriz ere, Korsikan, non herritarren ekaitzaren beldur helduko diote gauari.