INFO

Etxalde elkarteak bizitoki iraunkorrak sustatzeko egitasmoa abian eman du

Etxebizitza eskubidearen aldeko elkarteak bere sorreratik bereziki barnealdean lan egin du eta orain Zuberoatik kostaldera jauzi egin nahi du, usufruktuaren formula baliatuz Bokalen bizitokiak sortzeko.

Baiona ondoko Bokale herrian usufruktuaren bidezko etxebizitza egitasmoa sustatu nahi du Etxaldek. (Guillaume FAUVEAU )

2007. urtean sortu zen Etxalde elkartea, etxebizitza eskubidea bermatzeko jarduten duena. Hasieratik barnealdea izan du lan eremu. Hala, Maulen bizitoki sozialak kudeatzeko egitasmo bi garatu ditu. Higiezinen gaineko espekulazioa etengabe hazten ari den testuinguruan, etxebizitzaren erabilera iraunkorra bermatzeko nahikeria du elkarteak.

Gauzak horrela, alokairu kontratuari loturiko ziurgabetasun egoera atzean utzi eta etxebizitzaren gaineko gozamen edo usufruktua bilakatu du bere lanabes berria.

Laburbildurik, alokairu bat ordaintzetik usufruktuaren jabe izatera igaroko den herritarra bere etxebizitzan bizi ahalko da hala nahi duen artean, elkarteari harpidetza bat ordaintzearen truke. Etxebizitzaren erabiltzaileek emandako diruarekin, Etxaldek eraikina erosi eta horren mantentze-lanak bermatuko ditu.

«Ibilmoldearen berezitasuna da bizitokiaren erabiltzaileak ahal duela bere oinordekoentzat usufruktua atxiki» azaldu dio Mediabask hedabideari Beñat Etchebest elkartearen sortzaileak.

Normalean, heriotza gertatzen denean usufruktuaren gaineko eskubidea etxeko jabearen eskuetara itzultzen ohi da, baina Etxaldek hauxe proposatzen du: etxebizitzaren erabiltzailea hilez gero, bere oinordekoei usufruktua berenganatzeko aukera ematea, elkartearen xedea, finean, etxebizitza eskubidea iraunkorki babestea baita.

Erronka berria finkatuz elkarteak barnealdetik kostaldera jauzi egiteko hautua egin du. Hala, Baionatik hurbil dagoen Bokale herrian eraikin bat erosteko egitasmoa eman du martxan.

Orain dela 14 urte eraikitako etxean 12 bizitoki daude. Alokairu sozial gisara arautu ziren, baina bi urte barru amaituko da estatus hori. Etxaldek etxebizitza horiek ohiko merkatu librera igaro ez daitezen nahikeria osoa du. Hori lortzeko, 100.000 euro behar ditu mahai gainean eman urtea amaitu aitzin.

Etchebestek egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu. «Oso karioa ez den eraikin batez ari gara, 2.500 euro karratu salgai atera den etxe batez, eta alokairu sozialak direnez edonork ezingo luke ondasun hori erosi ahal», zehaztu du elkarteko lehendakariak. Dagoeneko Etxaldek 25.000 euro bildu ditu eta mailegua egiteko deialdia zabaldu du bere webgunearen bidez. Zehazki, 6 hilabetetarako dirua mailegatzea proposatzen du HelloAsso plataformaren bidez diru bilketa martxan jarri duen elkarteak.

Helburu zehatza eraikinaren erosketa blokeatzeko beharrezko diren 100.000 euro lortzea litzateke abendura bitartean. Handik aurrera eraikina erosteko desmartxa abian emango luke Etxaldek.

1,8 milioi inguru balio du Bokalen Etxaldek erosi nahi duen eraikinak. Behin sarrera emanda, etxea erosteko bidean hainbat ekimen eginen luke elkarteak. Beñat Etchebestek kontuak argitu ditu. «Alokairuen bidez jasoko genukeen diruari esker 900.000 euro maileguan jaso genezake banketxeen bidez, eta beste erdia herritarrengandik, baina aspalditik gure asmoaren jakitun diren erakunde publikoen aldetik erdiestea ere espero dugu».

Zuberoan alokairu sozialen bidezko egitasmo bi plantan eman zituen elkarte honek usufruktuaren formularen balioa frogatzeko asmoa du Bokalen, higiezinen krisia bete-betean jotzen duen herrialdera bere itzala zabalduz. Proiektuaren berri izan nahi duen ororentzat abuztuaren 22an eta 29an bideokonferentzia eginen du Etxalde.eu webgunean.