INFO

Familientzako bost film programatuko ditu Zinemaldiak aurten

Donostia Zinemaldiak familientzako bost filma eskainiko ditu irailaren 16tik 24ra egingo den 70. edizioan. ‘Oltxiak’, ‘Trash’, ‘Tom eta Jerry’, ‘Space Jam: aro berria’ eta ‘D'Ortagnan eta hiru Mosketxakurrak’ dira hautatutako izenburuak.

Oltxiak ezagutuko dituzte etxeko txikienek pantaila handian. (ZINEMALDIA)

Donostia Zinemaldiak familientzako bost pelikula aurkeztuko ditu irailaren 16tik 24ra egingo den 70. edizioan. Zinemaldiaren lehen asteburuan eta bigarren larunbatean, Príncipe zinema aretoetan Haurrentzako Zinema sailaren emanaldiak egingo dira: animaziozko hiru film eta teknika hori benetako irudiarekin nahasten duten beste bi. Horiek guztiak euskarara bikoiztuta ikusi ahalko dira Zineuskadiren lankidetzari esker, Zinema Euskaraz programaren esparruan.

Toby Genkel alemaniarrak zuzendutako ‘Oltxiak’ (Die Olchis) filmean, inoiz inon ongietorriak izan ez diren izaki berde bitxi batzuk aurkezten zaizkigu; izan ere, usain txarra darie oltxiei, baina egun batean Kiratserriko zabortegian etxea aurkitu dutela pentsatuko dute.

Francesco Dafano eta Luca Della Grotta italiarrek kartoizko kaxa hautsi baten abenturak kontatzen dituzte ‘Trash’ filmean. Protagonistaren bizitza aldatu egingo da Spark kutxa ezagutzen duenean. Txikiagoa da Spark, eta edozein hondakin aprobetxa daitekeela konbentzitzen saiatuko da adiskide berria.

‘Tom eta Jerry’ (Tom & Jerry) filmak animazioa eta benetako irudia nahasten ditu, eta Hanna-Barberak sortutako bi pertsonaia horien ibilerei jarraitzen die. Tim Storyk zuzendutako filmean, Chloë Grace Moretz, Michael Peña eta Rob Delaney aktoreek antzeztutako hezur-haragizko pertsonaiak mundu animatuko katu eta sagu ospetsuenekin nahasten dira.

Marrazkiak benetako pertsonaiekin nahasten ditu, halaber, ‘Space Jam: aro berria’ (Space Jam: a New Legacy) film luze estatubatuarrak; Malcolm D. Leek zuzendutako pelikulan, LeBron James NBAko superizarra Bugs Bunnyren eta Looney Tunesen unibertso magikoan sartzen da.

Toni Garcíak zuzendutako ‘D'Ortagnan eta hiru Mosketxakurrak’ (D'Artacán y los tres Mosqueperros) ekoizpen espainiar-indiarrak osatuko du Haurrentzako Zinema saila; Alexandre Dumas idazleak bere garaian sortutako heroi klasikoak txakur bihurtu zituen 80ko hamarkadako marrazki bizidunen telesail ospetsuan oinarrituta dago filma.